Argentinatik Amasa-Villabonara

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko eka. 18a, 14:30

Argentinarra da Helga Massetani, Buenos Aires hiriburuan jaioa. Duela hiru urte etorri zen Amasa-Villabonara bizitzera. Margolaria izateaz gain, margotzen ere irakasten du.

Txiki-txikitan murgildu zen Helga arte plastikoen munduan, “lau urterekin amak arte plastikoen tailerretara eraman ninduen, denetarik lantzen genuen han: zeramika, pintura, marrazkia… Eskolako ikasketak amaitu eta gero, argi neukan zer egin nahi nuen eta Arte Ederretan lizentziatu nintzen”. Hirugarren mailan pinturako espezialitatea aukeratu zuen eta umetatik lantzen ari den bide horri eutsi dio geroztik, “17 urte nituela, Buenos Airesen bertan egin nuen nire lanen lehen erakusketa”. Karrerako urteetan ideologia estetiko antzekoa zuten hainbat lagunek Buenos Airesko erdialdean tailerra ireki zuten, “gure lanak egiteaz gain, pinturako eskolak ere ematen genituen bertan. Ez ziren ohiko ikastaroak, nahi zuenak margotzen ikastera etortzeko denbora espazioa zen. Bi urtez aritu ginen han”. Geroztik ikastaro mota ezberdinak eman zituen, “beti-betiko ikastaroetatik kanpo, bestelako eskaintza zabalagoa prestatu nuen; argazkilaritzarekin, diseinuarekin edo konposizio sistemarekin lotuta”. Buenos Airesko tailer sozialetan ere lan egindakoa da, “Villa miseriatan egin nuen lan, txabola inguruetan bizi diren gazteekin. Han oso gazterik izaten dituzte neskek haurrak; gainera, hezkuntzarik jaso gabe, oso umetan hasten dira lanean eta dirua atera behar horretan, askok ez du beste ezer izaten buruan. Ni plastikako tailerraz arduratzen nintzen”. Borda ospitale psikiatrikoko tailerrean ere lanean aritu zen, “orain asko entzuten da hemen, psikiatrikoko eroek egiten duten La Colifata irratian Manu Chao egon zenez geroztik. Esperientzia gogorra baina aberatsa izan zen”.

Abstrakzioa batik bat
Eskultura, grabatuak, marrazkiak, ilustrazioak, collageak, serigrafia…, denetarik egiten du Helgak. Hala ere, oleoa lantzen du bereziki. “Denetarik egitea gustatzen zait. Estilo ezberdinak nahastean, teknika ezberdinek ideia berriak ekartzen dituztelako. Hala ere, lan gehienak oleoan egiten ditut eta abstrakzioa lantzen dut batik bat”. Hasieran errealistago margotzen zuen, “denborarekin, koadro batean politena edo garrantzitsuena errealitatea islatzea ez zela konturatu nintzen”. Etapa ezberdinak izan ditu margogintzan, “abstrakzioaren barruan ere estilo asko dago eta garaiaren, bizi duzun egoeraren edo ikusten dituzun beste koadroen eraginak pisu handia du zure lanean. Azken urte hauetan imajinazioari bidea irekita uzten diot. Oraindik ibilbide luzea dut egiteko eta hori da onena: beti gauza berriak egiteko gogoz nagoelako”. Oro har, kolore biziak ez dira faltako Helgaren lanetan, “nire lanek ia beti izango dute kolore biziren bat: fuksia, gorria, laranja, horia… Ez zait kolore apal eta ilunekin soilik lan egitea gustatzen”. Ohitura eta lanaz gain, plazer handia da Helgarentzat margotzea, “uneoro ideia berriak bururatzen zaizkit, adimena bizirik mantentzen laguntzen dit margotzeak”.

Profesionala, alderik ilunena
Donostiako Artelekun margotzen du, enkarguz ere lan egiten du eta Donostian nahiz Amasa-Villabonan ikastaroak ematen ditu. Ekainaren hasieran bere lanak aurkeztu zituen Gureako erakusgelan. Hiru urte daramatza Amasa-Villabonan bizitzen, “alde on eta txarrak ikusten dizkiot hiri handi batetik herri txiki batera etortzeari. Lehen eta orain argi daukat ni hiritarra naizela baina, eguneroko tratuan oso gustura sentitzen naiz inguruko jendearekin hemen. Maila profesionalean ikusten dut alderik ilunena: kanpotik etorrita, kanpotarra zara beti. Urtebetez euskara ikasten saiatu banintzen ere, euskara muga handia dut. Nik kulturarekin lotutako ikasketak izanagatik, kulturak beste hizkuntza bat du hemen eta arazoa dut hor, Ingalaterran izan nezakeen bezalaxe. Bestalde, leku askotan ez dituzte kontuan hartzen beste lurraldeetako titulazioak eta benetan zaila da lana aurkitzea”.
Helgaren lanak ezagutzeko aukera: www.helgamassetani .com.ar edo helgamassetani. blogspot.com.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!