Santio jaien aurrerapena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko eka. 18a, 14:28

Festa batzordeak ekintzaz betetako astea prestatu du Santio jaietarako.Dagoeneko ia prest dute egitaraua. Jaiak ailegatzean, herritarrek parte hartzea soilik falta da.

Jaiak iragartzen dituen txupinazoa uztailaren 24an botako da, ostegunarekin, arratsaldeko 18:00etan. Ohi denez, ez da erraldoi eta buruhandien kalejirarik faltako eta Eresargi Txikiren emanaldia ere eskainiko da, afari herrikoiaren aurretik. Gauean, danborrada eta Laket taldearen dantzaldia. Santio eguna diana eta sokamuturrarekin esnatuko da. Eskuz eta palaz, pilota txapelketaren finalak izango dira eta, ohi denez, Santio egoitzara bisita egingo dute Udal ordezkariek. Era berean, Dantzari txikien eguna izango da uztailaren 25a, arratsaldean eskainiko dute emanaldia plazan. Ondoren, Dantza-soka. Gauez, Joselu anaiak eta Eresargiren emanaldia. Bestalde, uztailaren 25ean, 17:00etan kafea eta pastekin emango zaio hasiera Gazte egunari. Orkresta Nacional-en kalejira, pintxo-dastaketa eta Impecables taldearen kontzertua izango dira. Uztailaren 26ko ekitaldirik indartsuena Euskal jaia izango da: 17:00etatik aurrera, zanpantzarrak, sagardo eta pintxo dastaketa, castellers-ak, Tapia eta Leturia, zikiro-jatea…

Inude eta artzainak
Uztailaren 27an, bestelako ekitaldien artean, konpartsa herrikoiak hartuko du pisurik handiena. Duela urte gutxi galdutako ohitura berreskuratuko da eta Inude eta artzainen konpartsa kalez kale ibiliko da 11:00tatik aurrera. Bazkariaren ondoren, emanaldia eskainiko dute 18:00etan plazan. Gauean, dantzaldia izango da Laiotz taldearekin. Biharamunean, uztailaren 28an, haur jaialdia izango da goizez; mus txapelketa, txirrindulari lasterketa eta txekor jatea arratsaldez. Gauean, rock kontzertua: Besteren artean, Descontrol eta Etsaiak taldeekin. Bestalde, jubilatuen eguna ere 28a izango da. Uztailaren 29an, haurrentzako ekintzak goiz eta arratsaldez. Besteak beste, Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior. 18:30etan Joko Garbi partida eta, iluntzean nahiz gauean, dantza emanaldiak Arroan: Argentinako euskal dantza taldearen eta Oinkariren eskutik. Plazako dantzaldia, Kupela taldeak eskainiko du.

Koadrilen eguna, 30ean
Uztailaren 30ean izango da Koadrilen eguna. Ondoren, txarangak alaitutako urteroko kalejira ezaguna eta iluntze nahiz gauean, Bide Batez taldearen emanaldia. Bertsolariek ere egun horretan eskainiko dute euren saioa, 22:30etan. Uztailaren 31n, Tolosako dultzaineroek alaitutako sokamuturra, haur jolas parkea eta urteroko errebote partida goizez. Herri kirolak arratsaldez eta, Abiba disko festa, iluntzez eta gauez. 00:00etan, Erroskilaren errausketa, jaiei amaiera emateko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!