Pasusekoa, pintxo onenen artean

Gipuzkoako pintxo lehiaketan hirugarren postua lortu du Pasus jatetxeak. Lehiaketara aurkeztu diren lehen aldian hirugarren postua eskuratzeak poz handia eman die Pasus jatetxeko kideei.

Iker Gallego sukaldariak azaldu du nolako pintxoa aurkeztu zuten.
Bi hilabeteko lana eskatu die pintxoa egiteak: “Hiru minutu nahikoak dira pintxoa egiteko, baina aurretik, lan handia egitea eskatu digu. Bi pintxo ezberdin prestatu genituen lehiaketari begira, baina bakarra aurkez daitekeenez, aukeratu beharra izan genuen. Ideia garatu, aldaketak egin eta nahi genuen pintxoa lortu arte, bi hilabeteko tartea pasa da. Azkenean oso gustura geratu gara lortutako pintxoarekin, eta jendeari ere asko gustatu zaio”, dio Ikerrek.


Ziazerba-zelulosa onddoz beteriko ogi-xigorki gainean, galeper arrautza boilurreztatuz eta bakailao kehartuz betea. Horixe Pasus jatetxeko kideek aurkeztutako pintxo goxoa. “Pintxo berezia da, zapore asko biltzen duena. Teknika berezia erabiltzen da egiteko. Metilzelulosa jakiak gelatina bihurtzeko erabiltzen da, baina ohiko gelatinaren kontrara, berotasuna behar du gelatinifikatzeko, hozten denean urtu egiten da. Pintxoaren aurkezpena ere berezia izan zen. Pintxoa kopa batekin estali eta barruan ezkaia errez, kez bete genuen kopa, kehar zaporea ematen dio teknika horrek pintxoari eta gainera, polita geratzen da”, azaldu du Ikerrek.

Goxoa eta ezberdina
Hamarnaka pintxorekin lehiatu behar izan du Pasus jatetxekoak: “Lehiaketak bi zati ezberdin ditu. Lehendabizikoan zure pintxoa nolakoa izango den azaltzen duen txostena aurkeztu behar duzu. Ondo zehaztu beharra dago zuri zenbateko kostua ekartzen dizun pintxo hori egiteak eta zenbatean saltzen duzun. Izan ere, ezin da 1,5 euro baino gehiago kostatuko den pintxorik eraman edo 3,2 euro baino garestiago saltzen denik ere ez. Aurkezten diren pintxo horietatik guztietatik hogeita lau sailkatzen dituzte finalerako eta gurea tartean sartu zen. Finaleko egunean hogei pintxo prestatu behar dira epaimahaikideen artean banatzeko. Lehiaketako hirugarren postuaz gain, bigarren postua lortu genuen originalitatearen atalean”, dio Ikerrek.
 
Bere kabuz ikasitakoa
Inongo sukalde eskolatik pasa gabe, bere kasa ikasi zuen Ikerrek sukaldaritza: “Lagun talde batekin Londresera joan nintzen oporrak pasatzera eta han geratzea erabaki nuen. Ontziak garbitzen hasi nintzen eta pixkanaka, sukaldean hasi nintzen. BBC irratiko sukaldean hasi nintzen lehendabiziko platerak egiten eta ondoren, Hilton hoteleko sukaldean pasa nituen bi urte. Asko ikasi nuen han. Euskal Herrira itzulita, hainbat jatetxetan lan egin dut eta denetan ikasi dut zerbait”.


Maiatzean hartu zuen Iker Gallegok Pasus jatetxearen ardura, Ruben Trincado eta Asier Abadekin batera. “Gustura gaude. Jendea pixkanaka gu ezagutzen ari da eta harrera ona sumatu dugu. Eguneko menuak, asteburuko menu bereziak eta dastatze menuak eskaintzen ditugu. Pintxoak ere baditugu eta geroz eta jende gehiagok eskatzen digu lehiaketara aurkeztu genuena. Pozik gaude”.


Urrian, estatu mailako pintxo txapelketan izango dira Pasus tabernako kideak, Valladoliden. “Gipuzkoako lehiaketan aurkeztu genuen pintxoaren antzekoa aurkeztuko dugu. Argi dugu teknika bera erabiliko dugula, beharbada osagairen bat aldatuko diogu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!