Merezitako omenaldi irizartarrei

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko eka. 18a, 14:23

Hunkigarria izan zen Irizar aita-alabari Zorroaga Fundazioak eskaini zien omenaldia, pasa zen igande eguardian.

Omena, Belaunaldi Arteko III. Krosaren ekitaldi nagusia izan zen. Bi helbururen inguruan jaio zen krosa: gaztetxoek zaharren egoitza eta mundua ezagutzea eta adineko pertsonentzat egun berezia izatea, haurrez inguratuta.


Hainbat lasterketa izan zen goiz partean, horretarako prestatu zen 250 metroko belar natural gaineko zirkuituan; parte-hartzaileak, 8-12 urte bitartekoak eta 60 urtetik gorakoak. Ospakizunen erdian heldu zen goizeko ekitaldi nagusia: Patxi eta Maria Luisak, azken honen lau seme-alaben laguntzaz, zirkuituari ohorezko bira eman eman zioten oinez. Atzetik, Zorroagako egoitzan bizi diren makina bat adineko pertsona joan zen.  Ondoren, Donostiako alkate Odon Elortzaren, Gipuzkoako Atletismo Federazioko presidente Karlos Bengoetxearen eta Fundazioako zuzendari Mikel Agirrezabalen eskutik egurrez egindako oroigarriak jaso zituzten. Oroigarriak jasota, argazkiak atera zituzten haurrez inguratuta.


Bi andoaindar ospetsuk lortu zuten podiuma zapaltzea adineko korrikalarientzat jarritako lasterketetan: Pako Arnaiz bigarren geratu zen 60-70 urte bitartekoen artean, eta Leon Albeniz (Iruntxiberri) ere bigarren geratu zen 70 urtetik gorakoen artean.   
Ekitaldia amaiturik, omenduak, euren familiakoak eta agintariak Zorroaga Fundazioak antolatutako bazkarian bildu ziren.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!