Jostorratzari eta hariari lotuta

Rosario Sarasola asteasuarra da izatez, Adunara ezkondu eta gero, Amasa-Villabonara etorri ziren bizitzera. Ia bizitza guztia igaro du jostun lanari lotuta.

Gazte zela, 18 urte inguru zituela, hasi zen josten Rosario, “koinatak erakutsi zidan eta bizpahiru urtez aritu nintzen harekin lanean. Orduan diru gutxi zen eta nolabait atera egin behar zenez, goizez esnea partitzen laguntzen nion anaiari eta arratsaldez, Donostiara joaten nintzen kortea ikastera. Kortea bukatu nuenean, bati eta besteari josten nizkion arropak herrian”. Asteasun bolada bat igaro eta gero, berriro Donostiara joatea erabaki zuen Rosariok, “Mendibil ume arropa-dendan hasi nintzen lanean orduan. Atrebitu nintzen ba ni, garai hartan bakar-bakarrik Donostiara joaten, e? Egunez lan egiten nuen eta berriz kortea ikasi nuen Corte Parisen, Ageda Otegirekin. Ezagun baten etxean gela alokatu nuen eta bertan bizitu nintzen pare bat urtez. Gerora, beste gela bat hartu nuen nire kontura josteko”. Adunara ezkondu zen gero Rosario eta Donostiako lanak utzi gabe, herriko neskei josten erakusten hasi zen orduan, “hogeita bost bat neskei erakutsi nien etxean josten. Eskolatik ateratakoan etortzen ziren”. Rosariok Donostiarako josi izan du beti, haurrentzat zertxobait, helduentzat bereziki. “Jostunok neurri ezberdinetara moldatu behar izaten genuen dendariak emandako oihala eta modeloa”. Mungia arropa-dendarako urtetan josi zuen, baita partikularrentzat ere. “Kotxea zutenak Adunara etortzen ziren probak egitera baina bestela, neroni joaten nintzen Donostiara probatzera. Astero-astero egiten genuen Donostiara buelta, kotxea arropaz beteta”. Ezkongaientzako soinekoak ere urtetan josi zituen Pinky etxerako. Donostiako lanak utzita, partikularrentzat josten hasi zen gero Rosario Amasa-Villabonan. Lehen baino gutxixeago bada ere, oraindik ere josten jarraitzen du, batere umorerik galdu gabe. “Ordulariak eta pultserek molestatu egiten didate eskumuturrean. Titareak, berriz, batere ez. Elizara ere joan izan naiz titarea hartuta”.

Irratiko telenobelak
Arantxa Mujika 12 urterekin hasi zen Rosariorekin josten ikasten. Mertxe Ezeiza, berriz, Rosarioren alaba zaintzen hasi zen 9 urterekin eta ondoren ikasi zuen josten. Aurreneko lana hari-flojoa eta puntada luzez ertzak jostea zirela azaldu dute. Gero, pixkanaka makinan hasi ziren. Eskolan zerbait ikasten zen arren, Rosariorekin ezer gutxi jakinda hasten zirela azaldu du Mertxek. Egun, haurrentzako arropa josten du Donostiarako, “pazientzia handia eskatzen du baina, lan polita da arropa txikiak jostea”. Arantxak Villabonako Garintza mertzerian egiten du lan, “aurrez urte askoan aritu naiz Rosariorekin batera josten”. Adunan josten ikasi zutenen artean, gehienek bide horri eutsi diote gerora ere. Oso oroitzapen politak gordetzen dituzte ikasleek josten ikasi zuten urte haietaz, “han ez zegoen sekreturik. Terrazan gustura aritzen ginen, eguzkiak jotzen zigula, aulki txiki-txikietan eserita. Barre asko egiten genuen Rosariorekin”. Gainerakoan, telebista baino, irratia jostunaren lagun handiagoa dela aipatu dute eta ikasten ari ziren garaian, telenobela asko entzuten zutela irratian, “tarteka malkoren batzuek ihes egiten ziguten”.

Jostunaren lana
Lehen neurrira eginda erosten zen arropa. “Orain, kapritxo hori duenak bakarrik egiten du arropa neurrira. Gainerakoan, egindakoa erosten da. Kanpotik etortzen den arropa ondo josita etortzen da baina, inor ez da jostunaren lanaz gogoratzen”. Jostunaren lana inoiz aintzakotzat hartu ez dela adierazi dute, “beti gaizki ordaindua izan da gure lana. Oso jende gutxik baloratzen du jostunaren eskulana. Gaur egun oso zaila da emakume gazte bat jostetik bizitzea”. Lana, berriz, polita dela diote: “goxo-goxoa eta garbia”.

Omenaldi-bazkaria
Ekainaren 14an, Adunan omenaldia egin zioten ikasleek Rosariori. Elkarrekin pasatako uneak gogoratuz, erakutsitako guztiagatik eskerrak eman nahi izan zizkioten. “Gainera, kasualitatez, duela 50 urte etorri zen Rosario Adunara bizitzera”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!