Zegama-Aizkorriko mendi lasterkariak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko eka. 18a, 14:16

Berrogeita bi kilometro, mendian gora eta behera. Zegama-Aizkorri mendi maratoi entzutetsuan eskualdeko hainbat kirolarik parte hartu du. Joxean Alberdi zizurkildarrak eta Imanol Arruti andoaindarrak euren esperientziaren berri eman dute.

Mendi lasterketatan zabiltzate biok. Noiz hasi zineten kirolaren munduan sartzen?
Joxean Alberdi: Betidanik egin izan dut kirola. Umetan futbolarekin hasi nintzen. Hondartzako txapelketatan parte hartu nuen lehenbizi eta ondoren, Michelin taldean, Tolosan, Euskaldunan, Danenan..., hainbat taldetan aritu nintzen. Hogeita bost urte nituenean futbola utzi eta triatloietan hasi nintzen. Bost urte inguru eman nituen horretan eta ondoren, buru-belarri korrika egitea erabaki nuen. Azken lau urtetan berriz, mendi lasterketak ditut helburu nagusi, nahiz eta beste kirolak egiteari ez diodan utzi.
Imanol Arruti: Ni beti izan naiz mendizalea baina, korrika egiten hogeita hamar urterekin hasi nintzen. Azken urteotan kirola modu serioagoan egiten hasi naiz. 2001ean egin nuen lehendabiziko Behobia-Donostia lasterketa. Mendizaletasuna eta korrika bateratu eta mendi lasterketatan hasi naiz azken urteotan.

Azken urteotan mendi lasterketen igoera sumatu da. Zein izan daitezke joera horren arrazoiak?
I.A.: Mendian korrika egitea oso gogorra da baina, aldi berean, oso atsegina. Gauza asko ematen dizu, bai lasterketen egunean, baita entrenamenduetan ere. Niri asko gustatzen zait. Zegama-Aizkorri mendi maratoia oso erakargarria da, bai ikusleei dagokienez nola korrikalariei dagokienez ere. Proba aparta da.
J.A.: Duela urte batzuk asfalto gaineko lasterketa piloa egiten zen bezala, orain geroz eta mendi lasterketa gehiago dago eta mendian korrika dabilen jendea ere ugaritzen ari da. Mendian korrika egiteak erronka handiagoa suposatzen du, norberaren indarrak frogan jartzeko modua da eta jendeari gustatu egiten zaio hori.
I.A.: Gure belaunaldiko ezaugarrietako bat izan daiteke kirolerako zaletasuna. Geroz eta jende gehiagok egiten du kirola eta kirol errezenetarikoa korrika egitea da, ez duelako denbora asko eskatzen.

Zegama-Aizkorri lasterketan parte hartu berri duzue. Zer moduz joan zen?
J.A.: Oso gustura. Denbora ona lortu genuen eta horrekin, datorren urtean parte hartzeko aukera izango dugu. Hori zen helburua. Ni esaterako, korrikan ona izanagatik, ez dut mendian ibiltzeko ohiturarik. Ondorioz, aldapa gora eta pistetan oso bizi ibili nintzen baina, aldapa behera okerrago moldatu nintzen. Oso arriskutsu zegoen eta beldurra pasa nuen. Zenbait tokitan, aldapa behera polikiago ibili nintzen aldapa gora baino.
I.A.: Nekatuta, baina oso gustura, helburua bete genuelako. Datorren urtean berriz parte hartzeko dortsala ziurtatu genuen. Iaz baino denbora gehiago behar izan nuen, baina gusturago geratu nintzen egindakoarekin. Momentu txar bat ere pasa nuen eta Joxeanek lagundu zidan, laguntza horri esker lortu nuen amaitzea.
J.A.:Imanol momentu txarra pasatzen ari zen eta berarekin joatea erabaki nuen. Ni ondo nindoan, baina pixka bat lasaitzea ere ondo etorri zitzaidan. Aipatu beharra daukat, lasterketako azken kilometroetan Garikoitz Arregi andoaindarraren laguntza izan genuela. Beteta zoazenean  oso ondo etortzen da norbaiten animoak jasotzea.

Zergatik da hain berezia Aizkorriko mendi maratoia?
J.A.:Oso froga gogorra da, baina oso polita. Oso ibilbide polita du eta ikusleen jarrera sinestezina izaten da. Nik kirol asko egin ditut, lasterketa askotan parte hartu dut, eta inon ez dut bizi izan Aizkorrin bizitzen dena. Oilo-ipurdia jartzen da. Frogaren hasieratik bukaerara jendea gainean izaten duzu, tunel moduko bat sortuz, etengabe animatzen. Oso berezia da. Kirolean dabilen jendeari, bizitzan behin gutxienez, Aizkorriko maratoia egiteko esaten diot. Ikusle gisa bizitzeko ere oso froga polita da. Aizkorri, Aratz, Andraitz, Sancti Spiritu..., toki asko dago ikusteko.
I.A.: Oso lasterketa gutxi egin ditut hau baino gogorragoak, baina oso giro berezia sortzen da eta ibilbidea ere ikusgarria da, egin ditudan lasterketatan politenetakoa. Gainera, Zegama-Aizkorri prestatzen duzunean, sekula ez dakizu bukatuko duzun edo ez. Kilometro asko dira eta gauza asko gerta daiteke: txonkatila bihurritzea, ezina etortzea, erorikoa izatea, zapatilako soka haustea... Horrek guztiak ere bere xarma ematen dio.  

Berrogeita bi kilometro mendiz eta korrika, kanpotik ikusita, gehiegizko froga bat dela pentsa daiteke. Zuek nola bizi duzue?

I.A.: Sofan eserita egotetik mendi maratoi bat egitera pasatzea astakeria izango litzateke, baina gauza hauek ez dira horrela. Prestaketa handia dago atzetik, eta eboluzioa ere bai. Aizkorriko maratoian ateratzen diren gehienak lasterketa askotan ateratakoak dira, eta tartean badira txirrindulariak, triatoilariak, maratoilariak, edota goi mailako mendizaleak ere.
J.A.: Argi dago hau ez dela Behobiako lasterketa egitea bezalako zerbait. Bi hilabetetan entrenatuz gero, edozeinek egin dezake Behobia, baina Aizkorrikoa ezberdina da. Ondo entrenatuta eta nora zoazen jakinda joan beharra dago. Bestalde, froga honetarako beharrezkoa da indarra, teknika eta fondo ona izatea. Burua ere oso garrantzitsua da. Froga luzea da eta hainbeste ordutan, momentu txar asko izaten da. Aurrera jarraitu edo ez erabaki behar duzu momentu horietan eta buruz indartsu ez bazaude, oso zaila da helmugara iristea. Sufritzen jakitea oso garrantzitsua da.

Nola prestatzen duzue Zegama-Aizkorri maratoia?
J.A.: Ia urte osoko prestakuntza eskaintzen diogu lasterketa honi, urtarriletik aurrera bereziki. Adarra, Ernio, Andatza..., eskualdeko eta inguruko mendietan ibiltzen gara. Gozatua da entrenamenduak mendian egitea. Elikadurari dagokionez ere, kontu pixka bat izaten dugu, izan ere, zenbat eta kilo gehiago izan, gehiago kostatzen da mendian gora joatea. Ohituta gaude pixka bat zaintzera eta froga gerturatzen denean, pixka bat gehiago begiratzen dugu arlo hori ere.
I.A.: Maratoia gerturatzen denean, sei edo zazpi korrikalari elkartzen gara asteburuetan mendi aldera joateko. Normalean, errepidean zoazenean gehiago fijatzen zara abiaduran, erritmoan, denboran... Mendian askeago joaten gara, denborari horrenbeste begiratu gabe. Aste egunetan bakoitzak bere aldetik egiten ditu entrenamenduak, familiaren eta lanaren arabera ahal den bezala moldatuz.

Denboraldiari begira, zein beste frogatan parte hartzeko asmoa duzue?

J.A.: Behobia, Donostiako maratoia, triatloiren bat, kros herrikoiak..., froga mordoa dago. Aurten, gure helburua Zegama-Aizkorri zen eta amaitu dugu, nahiz eta ez garen guztiz geldituko. Beti dugu frogaren bat buruan. Nire kasuan, kirolean horrenbeste urtetan aritu ondoren, erronka berrien bila nabil beti. Behobia  egiteak, esaterako, ez dit ilusio berezirik egiten. Datorren urteari begira, Finlandian beteranoen mundiala ospatuko da eta hara joan nahiko genuke. Gastu handia suposatzen du eta dirulaguntzen zain gaude, baina Zumeatarra taldeko kideek joateko asmoa badugu, bakoitza bere kirolean parte hartzera.
I.A.: Nik aurten Behobia eta maratoia egin nahi ditut eta ondo prestatzen saiatuko naiz. Udara disfrutatzeko hartuko dut, ezin delako beti topera ibili, atsedena ere beharrezkoa da.

 

Eskualdeko parte hartzea:

Denbora      1. Abizena      2. Abizena      Izena     Herria
5:54:05        Zabala          Iguaran        Xabier     Villabona
4:53:37        Urkola           Jauregi          Iñaki     Zizurkil
5:03:11        Alberdi           Collantes     Joxean    Zizurkil
                  Ibarbia           Beloki           Oier     Zizurkil
5:08:37        Otegi             Aldai          Txomin    Asteasu
5:44:58       Txapartegi       Nieve            Jokin    Asteasu
5:36:27       Legarreta       Astiasaran      Mikel     Urnieta
5:10:39        Arruti            Ezeitza        Imanol    Andoain
               Iturralde           Barrutia        Jon        Andoain
                 Mateo             Serrano     Ismael      Andoain

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!