Arregietako garbilekua, antzinako altxor ezkutua

Basoaren erdian; akazia, lizar, haritz eta intsusa artean, garai bateko bizimoduaren lekuko isila da Arregietako garbilekua. Antselmo Larrarte eta Matilde Arrutiren laguntzaz, atzera begiratua egin du Aiurrik.

Larrunbide-Etxeberri baserritik berrehun metrora, naturaren erdigunean, lau losa-harri ederrez osatutako garbilekua aurkitzen da. Zuhaitzen itzalpean, garbigailuak sortu aurreko joan-etorri ugariren ispilu lausotua da. Egun bisitarik apenas izaten duen arren, iraganeko bizimodua erakusteko aparteko txokoa da. Hondarrez eta harriz eginiko azpiko oinarria garai batean bezalaxe mantentzen du, teilaturik ez. Antselmok, estalpea izanagatik, garbilekua irekia zela gogoratu du. “Sorreran, egurrezko oinarriaren gainean, adreiluzko teilatua zuen garbitokiak. Denborarekin erori egin zen, ustelduta”. Garbilekuari itsatsita, urarentzako kanala, “batzuetan erdiraino eta bestetan goraino baina, beti urez beteta egoten zen kanala”. Antzina, zentral elektrikoa zegoen Asteasun eta Alkizatik Asteasuraino joaten zen kanalean ura. “Zentral hori Jose Mujika Etxaniz andoaindarrak egin zuen. Inguruan baserri mordoa zegoen eta zentrala egin aurretik, kandela-argiekin eta kinkeekin ibiliko ziren. Baserrietarako argia izateko altxa zuten batik bat zentrala”.


Ondo gogoan du larrauldarrak XX. mende hasierako garbilekuaren abiapuntua. “Alkizako herriak oroigarria jartzeko eskatu zion Jose Mujikari, ura handik hartzen zuelako. Honek frontoi txiki bat altxatu zuen herrian: lehengo frontoi txiki hura. Gure aitona zenaren laguna zen Jose, haren langileak gure etxean egon omen ziren apopilo. Aitonak, ura hemendik ere pasatzen zenez, Larraulen ere oroigarri bat behar zela esan zion: horrela egin zuten garbilekua. Baina, ez omen zitzaion inori dirurik kosta. Materiala Jose Mujikak jarri zuen eta lanean aritu ziren langileak astoa hartu, sonbreroa jantzi eta baserriz baserri eskean aritu omen ziren, Santa Ageda eskean eta Eguberri eskean ibiltzen diren bezala. Baserritarrek zeukatena ematen zieten: oiloak, txorizoa, urdaiazpikoa… Herritarrek gustura eman gainera. Lehen urrutirago joan behar izaten baitzuten garbileku bila”.

 

Antselmok jakinarazi duenez, erreka ondoetan, garbilekuak nonahi aurki zitezkeen arren, hemen bezala, laukoa aurkitzea ez zen oso ohikoa. “Bere garaian garbileku ederra zen hau. Lau garbitoki dira, nahiko poliki eginak, xaboia edukitzeko koska eta guzti. Hiru zutabe eta tarteetan bi baranda zituen: basoko egurrari azala kendu eta haiexek. Arropak garbitu eta gero gainean jartzeko zituen baranda haiek eta, astoak edo abereak bertan lotzeko. Aberearekin ekarri eta eramaten zuten arropa emakumeek. Inguruko zortzi etxeetako emakumeak ibiltzen ziren gehienbat”. Lau harri-losak inguratuz, hormigoia. “Ondo ikusten denez, harrobiko hondarrik ez zegoen orduan. Garbilekuaren oinarria errekako hondarrarekin egina dago. Mendiko harri samurra ere erabili zuten”.


Garbitokia dagoen terrenoa Antselmoren familiakoa da, “gure aitonak garbitokia egiteko libre utzi zuen lurra”. Arregieta izena baserriaren jatorrizko izenetik datorkio garbilekuari, “gure etxeak Arregieta izena zuen garai batean eta gainaldeko terrenoek ere bai. Geroztik aldatu zien Larrunbide-Etxeberri. Jartzerik balego, gustura jarriko nioke lehengo izena. Larrunbide askoz ere itsusiagoa da, larrunek amildegia esan nahi baitu”. Hogeita hamar urte pasatxo izango dira garbitokiko urak beste bide bat hartu zuela. “Herrian ura izateko, Zizurkilek erosi zuen zentrala, Jose Antonio Bikuña alkate zela. Hark bere hitza bete zuen eta ez zigun hemendik urik kendu. Baina Francoren ondorengo lehen udalbatzak ura behetik eramatea erabaki zuen, hau urik gabe utziz”. Orain, badu esperantza, “ez dakit ezagutuko dudan baina, Ibiurko ura jartzen dutenean, goiko lehengo kanaletik ura honaino ekarriko ote duten esperantza daukat nik, zentral txikiren bat jarriz.

Umetako bihurrikeriak
Garbilekuaren inguruan, umetan egiten zituzten bihurrikerien berri ere kontatu du Antselmok, “ura hartzeko aitzakian etorri eta emakumeek elkarri ze kontu esaten zizkioten entzuten egoten ginen gu goian etzanda. Hizketarako aprobetxatzen zuten emakumeek tartea eta entzuteko gaztetxoegiak ginelako esaten ez zizkiguten kontuak aditzea gustatzen zitzaigun guri: herriko haurren etorrerak, batez ere. Gainontzean gure bistan ez baitzuten horrelako konturik esango. Ez dut uste inoiz konturatu zirenik, gu adi egoten ginen badaezpada ere”. Lau harriak okupatuta zeudenean, batek lanak bukatu zain egoten omen ziren emakumeak, bestea hasteko. Orduan eta kontu gehiago gaztetxoek entzuteko!, “ez, jende asko zen hori. Jeneralean kontu politenak elkarrekin konfiantza zuten bi zeudenean izaten ziren. Jende asko zegoenean, periodiko handia”. Garbiketarako ez ezik pagoa uretan mantentzeko ere erabiltzen zuten kanala, “enborrak putzura bota eta alanbre batzuekin bazterrari lotuta egoten ziren. 50 edo 100 urte igual, ondo mantentzen da pagoa uretan. Behar genuenean, hemendik hartzen genuen”. Etxean nahiko urik ez eta bainatzeko ere erabilgarri zen kanaleko ura, “freskatu bat baino gehiago hartu genuen hemen. Hala ere, ura hotza izaten zen, mendi-azpitik etorritakoa, eguzkiak batere jo gabekoa”. Kanalean amuarrain ugari, “makina busti hartu genuen amuarrainak harrapatzen. Udaren zain egoten ginen hotzagatik baina, goseak geundenean…”. Antselmori gustatuko litzaioke berriro kanala beteta ikustea, “garai batean bezala ez, zikina baitzen hura: bero handia zenean, Alkizako suge guztiak hona etortzen ziren. Hogei bat suge batera kontatuta nago ni. Baina gustatuko litzaidake hodi batean ura ekartzea”.

Garbilekua berritzeko asmotan dabiltza hainbat herritar eta lehen bezalako teilatua eraiki nahiko lukete, hiru zutaberekin eutsita. Udalaren laguntzarekin edo auzolanean, nola altxa erabaki beharko dute lehenengo.

 

Matilde Arruti

Garbilekuan biltzen ziren emakumeetatik Larraulen bizi den bakarra da Matilde. “Batzuk beste herriren batera ezkondu ziren. Gainerakoak hilda daude. Denak. Asteasun jaio nintzen eta betidanik ezagutu nuen nik ura jaiotetxean. Garbilekua genuen etxearen ondoan eta hantxe garbitzen genituen arropak. Asteasutik Larraulera ezkondu nintzen, Larrola baserrira. Asteasun dena eskuz garbitzen genuen eta hala ohituta geunden. Larraulera etorritakoan ere eskuz egiten genuen baina, Asteasun ez bezala, ur falta genuen hemen. Familia handia eta arropa asko. Urik ez zen etxean, euria egiten bazuen botatzen zuten baina bestela, depositutik sobratzen zirenak etortzen ziren behera.


Arropak etxean marruskatuta, garbilekuan astindu eta lixiba jotzen genuen. Bi astotan urez betetako bi marmita eta erdian, arropaz betetako barrenoia jarrita, etxera etortzen ginen bueltan. Ura falta zenean, garbitokiko kanaletik ekartzen genuen. Bestela Alkizako errekaraino joan behar zen. Alabak hazi zirenean, laguntzera etortzen ziren, beste gainontzean, etxetik bakarrik joaten nintzen. Hamabostean behin, inguruko baserrietako emakumeak elkartzen ginen garbilekuan. Igandean libreago izaten ginenez, aurretik egin beharreko lanak egiteko aprobetxatzen genuen: lixibak erosi eta arropak prestatu. Astelehenean garbitokira joan eta lixiba jotzen genuen.


Denboraren arabera, kontu-kontari aritzeko tarterik ez zen beti izaten, denok ume txikiak genituen eta beti izaten zen zeregina: otordua mendira bidali beharra… Herriko kontuak, ume esperoan nor zegoen eta horrelako pasadizoak esaten genizkion elkarri. Amuarrainak bai baina, suge galantak ere etortzen ziren kanalean behera. Behin, Antselmoren arreba eta biok elkarrekin ginen, ura baxu zegoen eta kanalera sartu zen hankak astintzera. Burua tente-tente zuela sugea etortzen ikusi zuen. Azkar asko atera zen kanaletik! Beste batean, beste emakume batekin ari nintzela, barrenoitik arropa hartu eta ukabiletik gora sugea zetorkiola ikusi zuen. Urarekin batera joaten baziren ere, izugarrizko inpresioa egiten zuten. Uretako sugeek ezer egiten ez zutela esaten zuten; baina guk, ez genien eskurik ematen badaezpada.


Teilatu ederra zuen garbitokiak. Ur lasterra zenez, ur garbia etortzen zen beti. Zure xaboi-ura ez zen bestearentzat geratzen. Antselmok garbitokia hor ezagutu zuela eta ez zuela kenduko esan zuen. Zutik harengatik dagoela esaten dute. Merezi du berriz ere teilatua jartzeak eta garbilekua txukun mantentzeak, jendeak herriko ohitura zaharrak ezagut ditzan. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!