Lumanetarren bilkura

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko eka. 18a, 14:02

Joan zen ekainaren 7an, Lumane bilduma osatu zuten hainbat kide Amasako Iturrigoxo jatetxean bildu zen bazkaltzera. Mahaiaren bueltan, kontu zahar eta berriagoak izan zituzten hizpide eta, osasun onaren seinale, umore ona izan zen nagusi.

Gainera, bi txistulari handi eta kantuzale ugari tartean izanik, bazkalondorenean, kantuak eta txistuak ez zuten hutsik egin. Martin Laskurainek gustura astindu zuen txistua, “aurreko urteko bazkaritik ez dut jo eta ez dakit ba…”, esaten bazuen ere, ederki asmatu zuen; ondo ikasitakoa ez baita sekula ahazten. Roberto Garatek behatzetan mina zuenez, ezin izan zuen txisturik jo. “Bestela joko nituen baita kantu mexikarrak ere!”. Musikaren sena odolean du amasarrak eta danbolinaren makila eskuan hartuta, kantariak gidatu zituen. Kantariek, ahots indartsuz abestu zuten.


Pako Etxenike, Joxe Ugartemendia, Pedro Arratibel eta Migel Lertxundi zendutako taldekideak gogoan, “Ikusten duzu goizean” kantua abestu zuten eta iaz bezalaxe, “Agur jaunak” kantua abestu eta gero abiatu ziren jangelatik.
Pattal antzera zebiltzalako, bazkarira etortzerik izan ez zuten lagunei, lerro hauen bidez, azkar-azkar indartzeko deia luzatu nahi diete eta Iturrigoxoko Jokin eta Maribeli eskerrak eman nahi dizkiete eskainitako harrera onagatik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!