Kritikoen ikuspegia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko eka. 6a, 15:21

Urtebete pasa da eta itxaropen handia eta lagun asko bazterrean gelditu dira.
Zer gertatu da?

UDAKIDE TALDE BATEN ADIERAZPENA:

Urnietan, erraustegiaren aurka eta beste autobia mota baten alde borrokatu genuen artean UDA plataforma sortu genuen: hiritarra, independentea eta alderdi politikoetatik at. Herritarrak benetako protagonistak bilakatzea eta haien beharrei eta nahiei irtenbide zuzen bat eskaintzea hartu genuen konpromisoa, era horretan denon artean Urnietarako hoberena lortu ahal izateko.

Ilusioz beterik hasi ginen eta hauteskundetako emaitzek, urnietarrei esker, gure alde egin zuten nabarmenki; horrek bultzada handia eman zigun lanean hasteko.
Baina, esan behar dugu, hasiera batetik kontraesan larriak sortu zirela gure artean, eta nahiz eta ahalegin guztiak egin, ezin izan diogu egoera honi buelta eman.
Horren lekuko dugu, hasteko, gure alkatearen inbestiduran, Javier Madrazo eta Antxon Carrera IU-EB ko buruen agerraldia udaletxean, jakinaren gainean bazterrak nahasteko besterik ez zuela balio.

Behin eta berriz, komunikabideetan irakurri behar izan genuen Urnietako UDAren ordez, IU-EB ren garaipenaren berri islatzen zela; horren aurrean, interesatuen aldetik inongo ahaleginik hori deuseztatzeko (azkenean, lortu genuen azalpen publiko bat egitea, baina beti ere berandu eta egon eza sortuz gure artean).

Mikel Izaguirre, UDAren izenean, IU-EB ko estrategia aurrera eraman du S. Markos Komunitatean; aldi berean, Foru Aldundian PNVrekin izandako negoziazioen ondorioz, kutxarako bere ordezkaritza izendatzea lortu egin du (Arantxa Gonzalez IU-EBko kidea, besteak beste); hori dena noski, guk ezer jakin gabe, gure asanbladaren gainetik.          
Gaur egun, Urnietak duen erronka eta tamainak eskatzen dute alkatetza denbora osoz; gure ustez, Mikel Izaguirrek alderdian hartutako eginkizunak (IU-EBko bozeramale papera,…) murriztu egiten du, nabarmenki, herri mailan bete beharko genukeen buruzagitza.

Urnieta eta urnietarrok jarraitzen dugu duela urtebete edo bi jasaten genuen baino zama larriko trafiko handiagoa pairatzen; horren aurrean ez gara gai izan gure alkatea konbentzitzeko zer o zer egin behar dugula trafiko hori N-1eruntz desbideratzeko.  
J.M. Tomasenaren aurkezpena, beste kide batek utzitako zinegotzi kargua betetzeko, jakinen gainean hasiera batean bere burua eskaini zuela zerrendetarako, bere hitza emanez ez zuela inoiz zinegotzi kargurik hartuko udaletxean, garbi adierazten digu baten batentzat atzoko hitzak ez duela gaurko balio.    

Garbi dago, hasieratik izandako arazoak txikitu beharrean handitu egin direla, bi ikuspegi kontrajarriak sortuz gure artean. Batetik, aipatutako jarreraren aurrean arazoak ikusten ez dituztenak eta, aldi berean, erosoak sentitzen direnak; eta bestaldetik, egoera hau jasan ezina bizitzen dugunok, konnotazio alderdikoiak sentitzen ditugunok eta haratago joanez, gure helburu asanbleario kolokan ikusten ditugunok, gure herriarekiko konpromisoa bete ezinez.

Ikuspegi bikoitz horrek, UDA izan beharko lukeenaren aurrean, ez du ahalbidetzen behar genukeen estrategia baterakoia gure erakunde barruan, mesfidantza eta porrota sortuz besterik ez. Jadanik ez du sentsurik, behin gure alkatearengan konfiantza galdu eta gero, gure presentzia denbora gehiagoz luzatzea.

Guzti horregatik, UDAko Juntako kideak diren Miren Quintas zinegotzia, Jon Araolaza lehendakaria, Xabier Sasiainbarrena lehendakariordea, Begoña Urdangarin idazkaria eta Ana Echeverria, eta UDAko kideak diren Fátima Ormaetxea, Kristiñe Berra, Josu Eguizabal, Peio Arotzena, Kontxi García, Eva Barbero, María Herrador eta M.D.B., eta UDAko kideak izan diren Piedad Maestro, Kepa Díez, Mari Carmen  Ormaetxea, atxikimenduarekin, adierazpen honen bitartez Urnietako herriaren aurrean gure dimisioa aurkezten dugu.

Erabaki hau oso mingarri izan da guretzako. Ulertzen dugu urnietarrok, 2007ko maitzaren 27an, Urnieta beste era bat gobernatzeko alde apustu sendoa egin genuela, non hiritarron interesak alderdien interesen gainetik jarri nahi izan genuela. Nahiz eta esperientzia hau aurrera ezin eraman, itxaropena ez dugu galdu nahi, jakin baitakigu herriak nahi duena beti aurrera aterako dela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!