Zizurkil eta Ekuadorren arteko kultur trukaketa

Zizurkilgo Udalak hainbat ekintza antolatu du datorren astelehentik aurrera, Ekuador eta Zizurkilen arteko kultur trukaketak bultzatzek. Izan ere, Ekuadorren jaiotako pertsona ugari bizi baita Zizurkilen. Ekimen honekin, Udalak integrazioaren aldeko apustu garbia egin nahi duela azaldu dute ekimenaren bultzatzaileek.

Udaletik jakinartazi dutenez, Mª Angeles Lazkano Zizurkilgo alkateak komunitate ekuatoriarrarekin izandako bilera baten ondorioz jaio da proiektua. "Zizurkilgo eta inguruko beste herri batzuetako ekuatoriarrak astean behin biltzen baitira Pedro María Otaño ikastetxean, beraien lurraldean ohiturazkoa den boleibol partidak jokatzeko".

Bilera horretan, bi herrialdeen arteko kultur trukaketa egitea proposatu zien alkateak, "batetik ekuatoriarrek herriko ekitaldien antolakuntzan parte har dezaten eta bestetik, herrian bertan herrialde hartako kulturarekin erlazionatutako jarduerak antolatzeko. Esperientzia berri honen lehen emaitza dugu Ekuadorretik Zizurkilera: Kultur Trukaketarako Hamabostaldia programa.

Datorren astelehenean, ekainaren 9an, arratsaldeko 19:30etan Atxulondoko Kultur Etxean jarriko dute martxan ekimena. "Erakusketa andinoaren bitartez, bisitariak lurralde hartako kultur ezaugarri desberdinak ezagutzeko aukera izango du. Toki eta ordu berberean baina ekainaren 13an, Tania Hermida ekuatoriarraren Qué tan lejos izeneko filma eskainiko dute, bertan, bi emakume protagonistek Andeetan hasi eta Ekuadorreko kostaldean amaitzen den ahaztu ezineko bidaia ikusteko aukera".

Etorkinen aldeko lana egiten duen Adiskidetuak elkarteak, ekainaren 20an Tu cárcel izeneko dokumentala eskainiko du Atxulondo Kultur Etxean 19:30etan. " Euskadiko herrialde desberdinetara etorri diren familia ekuatoriar batzuen esperientzia kontatzen da bertan".

Ekainaren 21ean Ecua-bolei partidak eskainiko dira, lurralde latinoamerikar hartan tradizio handia duen kirola. "Kirol ekintza hauek Pedro María Otaño ikastetxean izango dira goizeko 11:00tatik aurrera. Indarrak berreskuratzeko, 13:00etan Atxulondoko Kultur Etxean Ekuadorreko janaria dastatzeko aukera eskainiko dute".

Udaleko arduradunek ekimenaren helburua adierazi dute, "era honetara, Zizurkilgo Udalak etorkin talde honen kultura, ohitura eta gastronomia herritarrei hurbildu nahi die. Azken finean, herrian bertan bizi diren familia gazteak dira gehienak, ikastolara bertako haurrekin joaten diren seme-alabak dituzten familia gazteak".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!