Urnietako pilotarien albistegia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko eka. 5a, 20:50

HERRI ARTEKO PALA TXAPELKETA
Final laurdenetan Zumaiaren aurka bi norgehiagokak galdu ostean, txapelketatik kanpo geratu da Urnieta:
ZUMAIA 40–20 URNIETA
JUAN CARLOS ERASUN-ANTTON JAUREGI. SENIORRAK. PALA MOTZA.

GOMAZKO PALETA
ARANTXA GOENAGA-PIEROLA    30
PEREZ-N.ZABALA    21
SENIORRAK. Goenagak duen mailaren azpitik jokatu zuen arren, talde kideak egindako lanari esker, garaipena ez zen une batean ere arriskuan egon. Gipuzkoako Trinketa txapelketako final erdietan egoteko borrokan jarraituko dute. Bi jardunaldi baino ez zaizkie geratzen.

UDABERRI 4 1/2
IGELDO 8–22 URNIETA
MIKEL GARAIALDE. SENIORRAK. Lizarralde igeldoarra, haren etxean garaitu zuen Garaialdek, tarte handiz gainera. Ezin baldintza hobeagotan dago kirolari urnietarra. Udaberri Txapelketako final zortzirenetan egongo da.

TRINKETAKO EUSKAL HERRIKO TXAPELKETA
URNIETA 34–40 USASONSOLO
JON PAGOLA-MIKEL GARMENDIA. JUBENILAK. Partida oso gogorrari aurre egin behar izan zieten, ordu eta erdiz luzatu baitzen norgehiagoka. Une batzuetan, markagailuan aurretik izan ziren Pagola eta Garmendia. Datorren asteburuan, Abadiñon duten hitzordua irabazten badute, txapelketako finalerdietara igaroko dira.

UDABERRI TXAPELKETA
URNIETA3 9–18 GOIERRI
ANDER OIARBIDE-AITOR PAGOLA. INFANTILAK. Urretxuar atzelariak jokorako erakutsitako ziurtasunari ezin izan zieten aurre egin. Goierrikoek jokaldi ona burutu zuten.

URNIETA5 12–18 GAZTELEKU
UNAI GARIN-ARITZ LIZASO.
INFANTILAK. Urnietarrak nagusituko ote ziren esperantza bazegoen. Baina aurrelari Garinek bestetan ez bezala, sakez huts egiteak izan zituen.

ESKUALDEKO UDABERRI TXAPELKETA
URNIETA4 3–18 OIARPE4
CAMILO RUIZ-SERGIO ODRIOZOLA. INFANTILAK. Zortzina tantotan markagailuan berdinduta zirela, Itziarko pilotalekuko arduraduna akats batez jabetu zen: urnietarrek jokatu beharreko norgehiagoka, ez zela jokatzen ari zirena. Horrek partida berriz hastea eragin zuen. Ruizek eta Odriozolak hiru tanto besterik ezin izan zituzten egin gero.

ALDE ZAHARRA2 18–16 URNIETA2
IMANOL ANSA-JOSU ARRUARTE. INFANTILAK. Une batzuetan markagailuan aurrerapen handia egin zuten. Atzelari urnietarrak aurkarien pilota jaurtiketei ederki aurre egin zien. Aurrelaria ahulago aritu zen lanean, sakez egindako falta bat ere izan zuen tartean. Azkenean, donostiarrak nagusi.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!