Urnietako Sansonarri kirol elkartea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko eka. 5a, 20:49

Sagarrondotik jaialdian, Gazte Jaietan edo Sanmieletan, Urnietan herri kirolei lotutako mugimendua nabari da azken urteotan. Orain urrats berri bat eman dute taldeko 30 lagunek; Sansonarri herri kirolen elkartea sortzeko azken tramiteetan daude. Federatuta daudenez gain, ziurrenik elkarte bakarra izango da geure kirol panoraman.

Sagarrondotik jaialdiaren haritik dator Sansonarri elkartea osatzeko ideia?
Arantxa Goenaga:
Lotuta dagoela iruditzen zait. Sagarrondotik jaialdian parte hartu dugulako eta Urnietako jaietan egiten diren ekitaldiengatik. Baita diru-laguntzak jaso, lokala eskatu edota asegurua lortzeko ere.
Joxean Amenabar: Orain arte asko ari ginen arriskatzen, aseguru gabe. Ez zaigu ezer gertatu, baina zerbait izanda, alferrik orduan. Taldeko asegurua eginda merkeago ateratzen zitzaigun.

Osatu berria duzue elkartea?
J.A.:
Azken paperak sinatzen ari gara.

A.G.: Elkarte bat osatzean, edozein ekitaldi elkartearen izenean justifika daiteke eta elkarte bezala, udaletxean ere izendatuta gelditzen zara. Udalak ere paperen bat bidali nahi izanez gero, elkartera bidaltzen du. Egiten diren bileretan elkarteak bere ordezkaritza izango du aurrerantzean.

Kirol mailako helburuak finkatu dituzue?
A.G.:
Herriko Gazte Jaietan eta Sanmieletan zerbait egitea. Bertakoak, kanpoko norbaiten kontra. Horrek giro ederra sortzen du.

J.A.: Zailena jende berria biltzea da. Ezer asko prestatu beharrik ez duen jendea badago. Herri kiroletan aritzeko ez dago zertan beste kirolik utzi beharrik. Horregatik, gazte jendeari deialdia egin nahi nioke, parte har dezan.

Parte hartu nahiko lukeenak zer egin behar du?
A.G.:
Interesa duenak, kultur etxera edota kiroldegira jo dezala. Kanpotik begiratuta, herri kiroletan aritzea astakeria dela dirudi. Gogorra da, baina trebatu eta entrenatzeko baliabideak emateko borondatea dago.

Urteko ekitaldi finkoetatik kanpo, bestelako saioetan parte hartzeko asmorik baduzue?
A.G.:
Afaria egitekoak gara eta hori da bertan planteatu nahi dena; Sanmiel eta Gazte Jaietan parte hartzera mugatu, edo kanpora ere joatea. Kanpora begira jartzen bazara, talde handi bat planteatzen hasi behar zara, eta denetariko kirol probak egin behar dira.

J.A.: Sanmieletan bi saio egin ziren iaz. Izaskunen ere izan ginen, baita Gazte Festatan eta Sagarrondotik jaialdian ere. Guztira bost saio. Aurten beste pare bat egingo ditugu.

Sagarrondotik-en nagusi izan zarete beti?
A.G:
Urnietari gertatu zaiona da, eta Sagarrondotik jaialdian antzeman da, urteen poderioz jende berdinak funtzionatu izan duela. Berriren bat sartu da, baina ez da hainbeste aldatu. Gainera, norberari egokitzen zitzaion kirol modalitatean prestatzeko hilabeteko tartea hartzen zuen. Beste herrietan gertatu zaiena da, jendea nola edo ahala lortu dutela azken egunetan. Aldea hor dago. Ez da gutxiago direlako. Jende “todoterrenoa”  dugu guk, denerako prest.

J.A.: Guk zortea izan dugu, duela hiru urtetik hor gabiltza eta gehienak.

Horrek esan nahi du, inguruko herrietan baino herri kiroletarako joera handiagoa dagoela Urnietan?
A.G.:
Ez dakit joera den hitz egokia, agian inertziak eraman gaitu talde dinamika horretara.

J.A.: Taldeko giroa ere mundiala izan da, ez dugu inolako arazorik izan. Koadrila modukoa gara.

Sansonarri izenarena ere lagun giro horretan bururatu al zitzaizuen?
J.A.:
Hainbat izen bota ziren. Zorrotzarri eta Sansonarri gelditu ziren amaieran. Azkenean, bozka gehienak Sansonarrik eraman zituen eta hala gelditu zen.

Aurrera begira, elkarteak zer bidetik jarraitzea nahi zenukete?
A.G.:
Elkartearen helburu handi bat, segitzeko eta festetako herri kirol alorra betetzeko aukera izatea, polita baita herriko jendez osatua izatea.

J.A.: Gazte Festetan parte hartzen dugu. Gero Sanmielak arte, tarte handia geratzen denez, ia herriren batera ateratzen garen, etenaldi luzeegia ez egiteko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!