Peio Urkiola pilota eskolako irakasle ohia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko eka. 5a, 20:46

Pilotari afizionatua izan zen gaztetan, eta azken urtetan Andoaingo pilota eskolako erakusleetako bat izan da. Gazi-gozoa gertatu zen Elgoibar-Andoain kanporaketa berarentzat. Andoainek tanto bakar bategatik galdu eta segidan, pilotari gazteen omenaldia jaso zuen Andoni Alvarezekin batera.

Espero al zenuen halakorik?
Peio Urkiola.
Ezusteko ikaragarria izan zen. Aste hartan gaueko erreleboan ari nintzen arren, andreak mesedez joateko eskatu zidan, Andoniri zer edo zer prestatu omen ziotela eta. Agertu, eta hor non Jon Belokik mikrofonoa hartu eta bion izenak aipatu zituen. Ilusioa izugarria egin zidan.

Halako esker ona, zergatik uste duzu?
P.U.
Emandako plakan, arrazoia aipatzen da: frontoian pasatako ordu pilagatik, eta euren eredu izan omen naizelako. Antolatzaileak gazteak izatea eta beren artean antolatu izana, horrek ematen dit poza benetan. Pilota eskolaren giro ona erakusten du horrek, eta pena hartzen dut, eskolaren alde fundamentuzko gauzarik ezin dudalako egin. Denbora edukiko banu…

Erakusle zein pilotari gisa aritua zara pilota eskolan…
P.U.
Erakusle bezala, Andoniri pixka bat laguntzen ibili izana naiz, bai. Gertatzen da hiru erreleboetara aritzen naizela, eta igual aste batean azaldu naitekeela, baina gero hurrengo hiru asteetan ez. Eta nik fundamentuz kolaboratu nahi nuke… Jokatzearena, berriz, eskolan ari nintzela izan zen. Afizionatuetan pilotariak falta zirela eta ¨hik jokatuko dek¨ esanda Andoni berak herri arteko txapelketetan jokatzera jarri ninduen. Mokorreko lesio larria etorri zen, ordea, eta medikuak kolpe handiko kirolik ez egiteko agindu zidan. Utzi egin behar izan nuen pilota. Orain nire kontaktu bakarra pilotarekin, Zizurkileko tartekako saiotxoak dira; eliza ondoko frontoi txikira joan eta, bakar bakarrik aritzen naiz.

Afizionatu mailako pilotaria izan zinen orain urte batzuk.
P.U.
Ni Lasarteko Okendo frontoian, eta Andoaingo kontsejupeko eta La Salleko frontoietan ikasitakoa naiz. La Salle ikastetxearekin Tolosaldean txapelketa jokatu ostean, Gipuzkoako selekziorako deitu ninduten, 16 bat urterekin. Harrezkero Arteagarekin osatu nuen gehienetan bikotea atzelari gisa, hau profesionaletara pasa zen arte. Punta puntako beste aurrelariekin ere aritu nintzen urtetan herrietako sariketetan, Espainia aldean eta hola. Bitxikeri gisa, esan dezaket Lasarte, Urnieta eta Andoaingo herriak ordezkatu izan ditudala herriarteko txapelketetan. Badira beste bi datu historiko txiki, gutxik jakingo dutena Andoainen: Arrate frontoiaren inaugurazioko lehen partida jokatu nuen 1977an, eta baita Goikoplazakoaren berrinaugurazioan ere.

Profesional izateko aukerarik izan al zenuen?
P.U.
Bai, izan nuen. Baina pilota partidak ez ziren bateragarriak lan ordutegiarekin. Bestalde, konturatzen nintzen mutil puska handia behar zela izan, eta nik ez nuen neurririk ematen; gaurko egunean 1´80tik gorako mutila izan behar den bezala, orduan ere baldintza bereziak behar ziren eduki.

Nola ikusten duzu Andoaingo pilota eskola?
P.U.
Primeran, funtzionamenduaren aldetik. Umeentzako oso ondo dago, baina bi arazo ikusten ditut, eskola guztietan. Norberak etorri beharko luke frontoira eskua gogortzera, baina hori ez da ikusten; ordutegi zehatzetan jokatzen dute eta kitto. Pilota bizi egin behar da, eta orduak pasa frontoian. Gu halaxe ibiltzen ginen, eskolan sartu aurretik, errekreoan, atera ostean… Bestalde, ez dakit zergatik baina ugari dira jubeniletatik afizionatuetarako tarte horretan, uzten dutenak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!