Oraindik geratzen diren ekitaldien artean, bi dira azpimarratzekoak: Javier Aranburu historialariak ostegunean 19:30etan emango duen hitzaldia, gaia “Artearen expolioa Extremaduran” izanik. Eta bestetik, larunbatean, Basteron arratsaldeko 20:00etan izango den dantza eta abesbatzen jaialdia. Honako taldeek hartuko dute parte: Donostiako Extremadura elkarteko dantza eta abesbatza taldea, Andoaingo Triana kultur elkartea, Andoaingo Gira Bira areto dantza, eta Lasarte-Oriako Erketz euskal dantza taldea.
DANTZA SAIOA ETA ABESBATZA JAIALDIA
Astea nola doan ikusita, pozik agertu da Eduardo Sanchez elkarteko lehendakari gaztea: “urte asko da ez zela hainbesteko jendetza biltzen ekitaldietan. Egitaraua nahiko osatua dela uste dugu; baliteke aurreko urtetan eskaini denaren nahikoa antzekoa izatea. Hala ere, antzematen dira berrikuntzak, hala nola, herri jokoak, argazki lehiaketa…”.
Ekintza berri horiek zergatik sartu dituzten galdetuta, arrazoi bakarra azaltzen du: “gazte asko sartu gara zuzendaritzan, eta hori izan da eragile nagusia. Egin kontu zuzendaritza batzordean soilik hiru direla 50 urtetik gorakoak; gainerakoak -12 lagun hain zuzen ere, 20-35 urte bitarteko gazteak gara”.
Ekitaldi bat azpimarratzekotan, larunbateko jaialdia aipatzen du Sanchezek, zalantzarik gabe. “Arrakastatsuena izaten da. Extremadurako kultura ez ezik, Andaluzia edo Euskal Herriko folklorea ere agertzen saiatzen gara, eta hori eskertzen du jendeak”.