Haustura Urnieta Denon Artean (UDA) hautes taldearen baitan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko eka. 4a, 18:14

“UDA une honetan hautsita dago”. Uste horretakoak dira, komunikatu bidez, dimisioa aurkeztu duten plataformako kideak. Bien bitartean, Zuzendaritza berriak dimisioa aurkeztu zuten kideek egindako akusazioei erantzuna ematen dion komunikatua argitara eman du. Krisia handia da, beraz, Urnietako hauteslego elkartean.

Kritikoen ikuspegia | Geratu direnen erantzuna kritikoei | Zuzendaritza berria

Diotenez, egoera berbideratzeko saiakerak egin eta UDA-ko gainerako kideekin behin baino gehiagotan hitz egin arren, arazoari irtenbide bat bilatzeko eskaintzarik ez dute jaso. “Aurrera egin beharra zegoela zioten, gertatzen ari zenaz hausnartu gabe”, adierazi dute, UDA-ko kide ohiek. Plataforma barruan bi ikuspuntu desberdin izanik, erreakzio gaitasunik ez izatea leporatzen diete. Horregatik haien esanetan, koherentziagatik, jada sinetsi ez eta berea sentitzen ez duten proiektuan parte hartzeari uko egitea erabaki dute. “Hauteskunde kanpainan hitz emandakoa ez dugu bete. Uztea erabaki dugu, ez baitugu herria engainatu nahi”, jakinarazi dute.

Hain zuzen, iazko udal hauteskundeei begira UDA-k osatutako hauteskunde programaren zutabe garrantzitsuenetakoa, herritarren parte hartzea bultzatu edo bideratzea zen. Baina ez da gauzatu, UDA-ko kide ohien esanetan. Alor horri lotuta, burutu zen asanblada bakarra gogoratzen dute. Ekimenak herritarren aldetik harrera oso ona izan zuela azpimarratzen dute. Baina bide horretatik plataformak hasieratik egindako apustua gauzatzen jarraitzeko zailtasunak zeudela diote. “Lehen oposizioan ginela gauzak egin behar ziren. Orain, ordezkaritza izanda ezinezkoa dela diote. Orduan, aurreko udal gobernu taldetik zertan ezberdintzen gara?”, galdetzen dute.

ALKATEAREN JARRERARI KRITIKA
Alde horretatik, Mikel Izagirreren jarrera kritikatzen dute. Haien esanetan, “beste pertsona bat da”. Gai ezberdinetan haien bizkar jokatzea leporatzen diote, bere aldetik jokatu izan duela. Proiektu txikiak lantzearen aldekoak ziren dimititu duten plataformako kideak; alkatea aldiz, makroproiektuetan zentratu dela gogorarazten dute. “Hondakinen kudeaketaz eta saihesbideko tunelez ahaztu da”, diote. Adibide moduan, Kutxako ordezkarien aukeraketa ere aipatzen dute. EAJ-PNV-ko ordezkariekin hitzartu izana gerora jakin zutela diote. Dakitena icebergaren tontorra baino ez dela uste dute. EB-ren estrategiak gauzatzen dituela gaineratzen dute.

Horrelako gertakariak eta plataformaren beste hainbat ekimen herritarrengana ez direla helarazi diote; hau da, haien ustez, hauteskunde programan aipatutako gardentasuna ez da egon. Adibidez, Hirigintza Planari urnietarrek aurkeztu nahi zizkioten alegazioak bideratzeko UDA-k kontratatu zituen bi langileen berri ez zen jakin ezta kultura zinegotzia liberatzeko zuten nahia, nahiz eta haien esanetan, adostasunik ez egon udal ordezkarien artean. Horregatik, garrantzitsutzat jotzen zuten, plenoetan udal ordezkariek ziotena herriko telebistan emititzea, hartara, herritarrek jakin zezaten zer esan eta egiten duten udal ordezkariek. Askotan eskatu arren ordea, ez zuten lortu, haien esanetan, “ez dakigu erantzuteko gaitasun faltagatik, beldurragatik edo borondate faltagatik den”.

UDA-k alderdi politiko baten moduan funtzionatu duela salatzen dute. Lorpenak baino bilatzen ez dituen kideak ditu plataformak, baina haien esanetan “alferrikakoak dira, jendeak ez badu ikusten ezin izan duela proiektu horretan parte hartu”.

Horrelako egoerek talde dinamika geroz eta desatseginagoa izaten lagundu dutela diote. Aurrerantzean, plataformak jarraituko du udal gobernu taldean, baina dimisioa aurkeztu duten kideen esanetan, “gure ustez ez da izango hasierako UDA”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!