Hiru aste besterik ez Sanpedroetarako

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko eka. 4a, 13:56

Ekainaren 26an, ostegunarekin botako dute jaien hasierako suziria. Bost egunez murgilduko da Asteasu jai giroan.

Egitarau mardula prestatzen ari dira Sanpedroetarako. Haurren gozamenerako izango da lehendabiziko eguna, marrazki lehiaketa, krosa, haur parkea eta bazkariarekin. Txupinazoak eta urteroko bertso saio arrakastatsuak emango die amaiera jaietako lehen egunari.
Haur jolasak, helduentzat


Ekainaren 27an koadrilen eguna ospatuko da. Iaz kanika txapelketa martxan jarri bazuten, aurten txirringa, txapak eta beste hainbat jokutan ere arituko dira. Herri afaria eta Trakets taldearen erromeriak emango die amaiera egunari.


Larunbatean “Ni zaldi” ikuskizuna izango da berrikuntzarik nagusiena, Lamiategiko soroan. Ipar Haizea eta Mendeku itsua taldeek kontzertua eskainiko dute gauerdian hasita.
San Pedro egunarekin batera, Trikiti Eguna ere ospatuko dute aurten asteasuarrek. Jaietako egun handian ohiko diren ekitaldiez gain, beraz,  eguerdian kalejira berezia egingo dute Elizmenditik behera eta arratsaldean saioa eskainiko dute plazan.  


Jaietako azken egunerako utzi dute jubilatuen eguna. Herri kirolak, bazkaria, dantzari txikien emanaldia eta Tapia eta Leturiaren erromeria izango dira, besteak beste, gozagarri .

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!