Zilarrezko odol tanta Asteasuri

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko eka. 4a, 13:55

Aurten hamabost urte beteko dira Asteasun odol emateak egiten hasi zirela eta urtean zehar egiten den emate kopuru altuagatik Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearen saria jaso berri du.

Apirilaren 28an egin zen sari ematea Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Odol emaileen elkarteak Gipuzkoako hainbat herri saritu ditu urtean zehar egindako emate kopuruagatik, tartean Asteasu. Elkarteko kide den Sabin Urzelaik azaldu duenez, “Osasunaren Mundu Erakundeak egindako azterketek diote odol beharrak asetzeko mila biztanleko berrogeita hamar odol emate beharko liratekeela. Asteasun kopuru hori gainditu egiten da, horregatik erabaki dugu zilarrezko odol tanta ematea”.


Asteasurekin batera, Gipuzkoako beste hogeita hamabi herri izan dira sarituak, tartean eskualdeko Amasa-Villabona: “Gipuzkoa, orokorrean hartuta, nahiko ondo dabil odol emate kopuruetan, baina badaude oraindik ere beharrezko kopuruen azpitik dabiltzan herri batzuk. Horregatik erabaki dugu zilarrezko odol tanta saria sortzea. Motibazioa sortzeko modu bat izan daitekeela uste dugu. Hemendik sei urtera gure elkarteak berrogeita hamar beteko ditu eta ordurako, herri guztietan beharrezko emaile kopurua izatea hartu dugu helburutzat”, dio Sabin Urzelaik. “Batzar Nagusietan egin zen sari emate ekitaldia eta ohore handia izan da, bertan egiten den mota honetako lehen ekitaldia izan delako, oso gustura gaude”.

Urtean hirutan
Ekainaren 15ean hamabost urte beteko dira Asteasun lehen ematea egin zenetik. Lehenengo aldi hartan hogeita hemeretzi lagun hurbildu zen odola ematera eta geroztik, odol bilketak ez du etenik izan Asteasun. Sentsibilizazio kanpainak ere egin izan dira jendea odola ematera animatzeko, herritarren artean kamisetak banatuz. Asteasun, lau herritarrez osaturiko taldetxoa arduratzen da kanpainak egin, odol bilketen aurretik kartelak jarri eta emaileei abisua pasatzeaz. Odol ematea egiten den egunean ere bertan izaten dira behar den guztian laguntzeko prest. Talde horretako partaide da Juli Azkue herritarra: “Lehen urte haietan, urtean bi bilketa egiten baziren ere, 1996 urteaz geroztik, hiru bider hurbiltzen dira herrira odol emaileen elkarteko kideak. Urte horretan lortu zen orain arteko emate kopururik handiena, 146 emailerena, hain zuzen. Iaz, 106 odol emate egin ziren Asteasun”. Gastu guztiak Udalak hartzen ditu bere gain, bai sentsibilizazio kanpainak egiteko garaian, baita odol emateetarako behar izaten diren janariak erosterako garaian ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!