Maiatza Saltsa, balorazioa

Nikaraguako Segundo Montes Komunitatea izan da aurtengo Maiatza Saltsan ekimeneko hizpide nagusia.

Argiak eta ilunak utzi ditu aurtengo Maiatza Saltsan ekimenak. Ainhoa Larrea kultur teknikariak eman du horien berri: “Apustu handia egin zen Ken Zazpi bezalako talde bat Zizurkilera ekarriz, baina erantzuna ez zen guk espero genuena izan. Oso kontzertu ona eskaini zuten arren, jende gutxi bertaratu zen eta pena hori geratu zaigu”. “Gainerako ekitaldiak ondo atera dira. Aurtengo helburuetako bat Zizurkilek Segundo Montes komunitate nikaraguarrarekin duen anaieratzea ezagutaraztea zen eta hori lortu dugu. Ekimena indartu asmoz, Aiztondo bailarako Udalekin bilera lotu dugu komunitatearekin anaiera daitezen. Gaur egun Asteasu, Aduna eta Zizurkil daude anaieratuta, eta zenbat eta Udal gehiago batu, proiektuak aurrera ateratzeko ahalmena ere handiagoa izango da”, gaineratu du.

KIROL ETA KULTUR HITZORDUAK
Andatza eguna, biatloia, Otaño ikastetxearen urteurreneko ekitaldiak, haur bertsolarien jarduna..., hilabete osoan hainbat ekitaldi tartekatu da. Mikel Markezen kontzertuak eman zion amaiera aurtengo Maiatza Saltsan-i eta lortutako dirua Nikaraguako zazpi haurtzaindegitan baratzeak egiteko erabiliko da.


Erakusketa andinoa
Ekainean Ekuadorrek hartuko dio lekukoa Nikaraguari. “Bolei-a da Ekuadorreko kirol nagusia eta igandero, Tolosaldean bizi diren ekuatoriarrak Pedro Mari Otaño ikastetxean biltzen dira boleian jolasteko. Horren harira zerbait egitea pentsatu genuen. Esaterako, Ekuadorreko kulturako arlo ezberdinak azaltzen dituen erakusketa andinoa jarriko da Atxulondon, film eta dokumental bana eskainiko da eta ekainaren 21ean, bolei erakustaldia eskainiko dute Pedro Mari Otaño ikastetxeko patioan. Ondoren, hango jakiak dastatzeko aukera izango da”, azaldu du Ainhoa Larreak. “Ekitaldi hauetan parte hartzera animatu nahi ditugu zizurkildarrak, Ekuadorreko bizimodua ezagutzeko aukera emango dutelako”.

EKAINEAN ERE EKITALDI UGARI
Ekainean zehar bestelako ekitaldi gehiago ere izango da. Esaterako, Aste berdearen barnean, mendi ibilaldiak antolatu dira herriko txokoetan barrena eta kirolari dagokionez, ekainaren 14an halterofiliako federazioen arteko Euskadiko txapelketa jokatuko da. Ekainaren 22an, berriz, neska txirrindularien Gipuzkoako Txapelketa izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!