Pagamuño auzoa, berritua

Duela aste gutxi amaitu dituzte Pagamuño auzoko berritze lanak. Berrikuntzen artean, errepidea, biribilgua, haurrentzako jolas-parkea, eserlekuak edo igogailua aipa daitezke.

Hainbat auzotarrek aldaketa horien inguruan ikusten dituzten alde onak eta txarrak azaldu dituzte. Eskaeraren bat ere bai tartean:

Bernardo Zubizarreta
Lanak ondo egin dituztela iruditzen zait baina, asko kostata. Horrenbeste denboraz horrenbeste jende lanean aritzeak kostua ekartzen du. Beharrezkoa bai, dena da beharrezkoa baina, gastuari ere begiratu egin behar zaio; diru hori guztion artean ordaintzen baitugu. Dudarik gabe, haurrentzako plaza eta ingurua oso ondo geratu dira eta igogailua ere bai. Nik egin dut proba igogailuan eta oso ondo dagoela iruditu zait.
Nire ustez, auzoko helduentzat da batik bat egokia igogailua: guretzat alde handia dago aldapa hura oinez edo igogailuan igotzearen artean, oso aldapa txarra baitzen. Bidea ere ez zegoen batere txukun eta ederki geratu da orain auzoa, rotonda eta guzti.
Esandakoa, egin duten lana ondo dago baina, kosta egin dela. Eta noski, kosta ezkero, dena geratzen da ondo.

Garbiñe Zaldua
Aspaldiko urtetan batere berritu gabe zegoen auzoa eta, nire ustez, beharrezkoa zen pixka bat txukuntzea. Zaharkituta eta utzita egoteaz gain, zulo asko zegoen bidean. Pagamuñoko aldapa zorrotza da eta egunero karroekin gora eta behera ibili behar duenarentzat ez zegoen batere ondo.
Gainera, adineko jende asko bizi da auzoan. Hala ere, ez dakit igogailua jartzea beharrezkoa ote zen. Agian nahikoa izango zen ranpa bat jartzearekin. Jende asko kotxeak uzteko leku gutxiago dagoelako kexu azaldu da. Gauza bat jartzeak bestea kentzea ekarri du. Haurrentzako jolas-parkea oso ondo dago. Lehen ez zegoen jolasteko ezer handirik, orain beraien txokoa dute eta aukera gehiago daukate jolaserako. Ni gustura nago emaitzarekin. Aspaldidanik ari ginen Udalari berrikuntza horiek egiteko eskatzen. Ikastolaren aurrean zulo asko zegoen eta ez zen haurrak kalera ateratzeko lekurik aproposena.

Maialen Carrera
Berritu eta gero, auzoa hobeto dagoela uste dut; lehen zahar samarra zegoen eta. Jolaserako aukera gehiago daukagu orain jolas-parke berriarekin. Bizikletaz ibiltzeko ere hobeto moldatzen gara.
Larunbat arratsaldetan ikastolako sarrerako atea irekita egotea nahiko genuke. Ikastola azpian aterpea dagoenez, euria egiten duenean ere lagunengana jaitsi ahal izateko. Otañon badago aterpea baina, han jolasean aritzen diren peruarrek bidali egiten gaituztenez, ez dugu aterperik eta busti egiten gara. Igogailua baino malda jartzea hobeto iruditzen zait. Alde txarra, lehen aparkatzeko leku gutxi zegoela eta orain, gutxiago: edukiontziak banatuta jarri dituztelako. Gertuago jarri edo tokiz aldatuko balituzte, leku gehiago egongo litzateke. Aparkatu ezinik sumatzen ditugu gurasoak.
Bestalde, auzoaren goiko argiak pizteko eskatuko nuke eta lorategietatik txakur kakak biltzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!