Ateak itxi ditu Arantzabi jatetxeak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko eka. 4a, 13:50

Arantzabik, izen eta izan handiko jatetxeak, joan zen maiatzaren 31n itxi zituen ateak. Maria Pilar Zugastirekin egin dugu ibilbide luzearen errepasoa.

1923 urte inguruan, Anizeto Zugasti eta Dolores Garagorri senar-emazteak jarri zuen abian Amasako Arantzabi jatetxea. Urte hartakoa da ondorengoek jasotzen duten lehen menu idatzia, ezkontza-bazkari batekoa, hain zuzen: “Zizka-mizkak, zopa, frijituak, maionesaz lagundutako otarraina eta oilasko errea. Izozkia, tarta eta frutak. Errioxako ardoa eta sagardoa. Kafea eta bina kopa. 11 pezeta”. Senar-emaztea, baserrian bertan egindako sagardoa eta otorduak eskainiz hasi zen ostalaritzan lanean. “Lau seme-alaba izan zituzten gerora: Joxe, Margarita, Agustina eta Migel, eta pixkanaka, haiek jarraitu zioten jatetxearen martxari”. Migel kanpora joan zen sukaldaritza ikastera eta nazioarteko plater bereziagoak eskaintzen hasi ziren denborarekin. “Izugarrizko sona hartu zuen jatetxeak orduan eta Migel, garai hartako sukaldaririk onenetarikoa izatera iritsi zen. Margarita, alaba zaharrenak, Parkinson gaitzak hartuta, ezin izan zuen jatetxean lan egin. Agustina, beste alaba, jatetxeko bezeroen harreraz arduratzen zen”. Oso maitea eta begi onez ikusia zen Agustina. Emakume atseginaren fama zuen, bazkaltiar eta afaltiarrek Urrezko liburuan utzitako idatzietan ikus daitekeenez. Jatetxe izaeraz gain, ordea, Arantzabik baserri izaera ere hasiera-hasieratik mantendu zuela azaldu du Maria Pilarrek, “gure aitari (Joxe) beti lanean aritzea gustatzen zitzaion. Sukaldean laguntzeaz gain, ganadu ona edukitzea: Oiloak, kapoiak, txakurrak, txerriak, behiak, idiak, astoak... Astoak beti. Izan ere, ardoa trenez ekartzen zuten barrikatan eta astoaren gainean igotzen zituzten barrikak geltokitik jatetxera”. Baratzea etxe aurrean izaten zuten. Denetarik landatzen zuten bertan, “baita esparragoak eta alkatxofak ere. Saiatuak ziren eta emaitza onak jasotzen zituzten”. Bitxiena, hala ere, tabako sail handia landu izana, non eta Amasako lurretan.


Hiru eta laugarren belaunaldiak
Joxe, Mikeligartza baserriko Maria Yarzarekin ezkondu zen eta Mariak, jatetxearen ardura hartu zuen, senarrarekin batera. Gerra aurretik, Natividad Leunda zizurkildarra, Pilar Ormazabal segurarra eta Gazteluko Maria Mendizabal hasi ziren jatetxean lanean eta bertan bizitu ziren urtetan. Martin Etxeberria amasarra, berriz, 50 urtetik gora aritu zen sukaldari lanetan, Migel hil ondoren, “gazte-gazterik, 14 urte zituela hasi zen Martin. Osaba Migelek erakutsi zion sukaldean”. Jatetxearen hirugarren belaunaldia, Joxe eta Mariaren seme-alabek osatu dute: Maria Pilar, Maria Teresa, Agustina, Maria Dolores, Ramon eta Migel Zugasti Yarza anai-arrebek, “bertan jaio ginen eta umetatik lagundu genuen etxean nahiz baserriko lanetan: tipulak biltzen, belar txarrak kentzen… Bestela ere beti izaten zen egitekoa: musuzapiak tolestu, kubiertoak beren tokietan jarri… Izeba hil zenean, gure amak jarraitu zuen zerbitzatzen eta geroztik, gaur arte, sei senideok segitu dugu lanean. Ramon anaia sukaldaria izan zen eta Migel baserriko lanez arduratzen zen. Lau ahizpok, berriz, zerbitzatzen aritu gara”. Azken urte hauetan laugarren belaunaldiko bi lehengusu izan dira sukaldari: Juan Migel Zugasti eta Jon Ormazabal.

Gertaera bitxiak
Gertaera bitxien artean, hamaika pasadizo. “Sarritan, gizon altu eta argal bat etortzen zen, traje beltzez, dotore jantzita. Bere plateraren zati bat txakurrentzat uzten zuen beti eta bere razioa amaitzen zuenean, mahaitik altxa eta txabolara joaten zen haiei jaten ematera”. Familia frantses baten kasua ere aipatu du Maria Pilarrek, “haiek ere dotore-dotore jantzita etortzen ziren. Txakur txuri txiki bat zuten eta mahaian ere, familiako beste kide bat bezala tratatzen zuten: beste edonori bezala ematen zioten jaten”. Argiarekin noizbait sorpresarik izan zutela ere aipatu du, “bazkari handi baten aurretik, argirik gabe geratu ginen behin eta kandelekin ibili behar izan genuen, berriz argia itzuli zen arte”. Jangelara sartzeko ukuilua zeharkatu behar zen eta duela zenbait urte arte, behiak eta idiak egoten ziren bertan. “Umeentzat nobedade handia izaten zen eta pilatik belarra ematen zieten jateko”. Jatetxeko une polit asko du gogoan Maria Pilarrek, “ezkontzak bereziki, oso alaiak izaten ziren duela urte batzuk. Orain agian ez dute horrenbeste esaten baina, garai batean, egun handiak ziren. Jendea pozik ikusten zen: jan, edan eta dantzatu”.

Antzinako meriendak
Azken urteetan, nagusiki bazkariak eta afariak ematen bazituzten ere, antzina, jende asko meriendatzera etortzen zela aipatu du Maria Pilarrek. “Gizonek kartetan jolasten zuten eta señorek txokolatea edo kafesnea hartzen zuten. Guk ez genuen garai hura ezagutu. Bai ondorengo ezkondu aurreko despedidena”. Arantzabiko Urrezko liburuko orrietan pertsona famatu askok utzi zituzten sinadura eta esker oneko hitzak 40ko hamarkadatik aurrera. Donostiara etortzen ziren udatiarrek ez zuten Amasako plater goxoak dastatzeko aukerarik galtzen, besteak beste, munduko txoko ezberdinetako duke, konde, markes nahiz enbaxadoreek. Japongo enbaxadoreak, esaterako, “Buena comida. Ondo”, idatzi zuen japonierazko beste hainbait hitzekin batera. Donostiako zinemaldiko izarrek ere urteroko hitzordua izaten zuten Arantzabikoa. Beste hainbat aktoreren artean, Curt Jurgens edo Ava Gadner gerturatu ziren, baita Anjel Prada edo Natalia Figeroa ere. Atzerritarrak asko baina, bertako pertsona ezagun askok ere euren sinadura utzia dute liburu ederrean: Benito Lertxundi, Xabier Lete, Jabier Bello-Portu edota Pott bandako Ruper Ordorika, Bernardo Atxaga eta Joxemari Iturralde, besteren artean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!