Asvineneako antzezlan lehiaketan jendetza bildu da

Ostiral iluntzero jendez gainezka egon da Asvinenea elkartearen egoitza. Apirilaren 4an jarri zuten martxan poltsikoko antzerki lehiaketa eta guztira hemeretzi talderen jarduna izan da ikusgai. Bazen behin clown taldea suertatu da garaile.

Maiatzaren 23an, lau talderen artean jokatu zen lehiaketako finala. Irribarrerako, harridurarako eta dramarako tarteak izan ditu aurtengo edizioak. Asvineneako kide Asier Caminos eta Beatriz Larrañagak lehiaketaren nondik norakoak azaldu dituzte: “Zortzi eta hamabost minutu arteko antzelanak taularatu dira, horixe zen baldintza nagusia, obra motzak izatea. Horrez gain, ezinbestekoa zen obra originalak izatea. Gainerakoan formato guztiak onartzen ziren: bakarkakoak, taldekakoak... Aurten oso maila ona ikusi ahal izan da eta aberastasun handia estilo aldetik: drama, komedia, clowna, gorputz espresioa..., denetik izan dugu. Donostia, Gasteiz, Iruña, Tolosa, Gaztelu, Hernani edota Madrileko taldeak ere gerturatu dira”.


Apirilalean egin zituzten lehen emanaldiak: “Antzerkia egitea gustuko duen askorentzat, jendaurrean aritzeko aukera polita da. Antzokietan emanaldiak lotzea oso zaila da eta honek, egiten dutena jendeari erakusteko aukera ematen die”.
Ikusle kopuru polita bildu da emanaldi guztietan. “Iaz egin genuen lehiaketa lehendabiziko aldiz eta finalean jende asko bildu bazen ere, sailkapeneko saioetan jendeak ez zuen aurten bezain ondo erantzun. Jendeak oso ondo pasa du gainera eta eskertu egin digute horrelako ekintzak antolatzea. Indar handia ematen du horrelako gauzak entzuteak”, dio Asierrek.

Ikusleak epaimahaikide
“Bazen behin clown taldea” izan da aurtengo garailea, “Esta sí que sí” antzezlanarekin. Lau talde aritu ziren finaleko egun handian: Hernanikoa, En el aire eta Suyanema, irabazlearekin batera. Epaimahaikideek “Bazen behin clown” taldea saritzea erabaki zuten, eta ikusleek ere izan zuten euren gustukoena saritzeko parada. “Zozketa bidez ikusle batzuk aukeratzen dira eta haiek bozkatu egiten dute. Suyanema taldea izan zen ikusleen gustukoena. Ardilatxak jartzen ditu sari ekonomikoak, 1000 euro irabazlearentzat eta 500 euro ikusleen gustukoenaentzat”, azaldu du Beatrizek. “Horrez gain, bada beste sari bat Asvinenea elkarteak lotzen duena. Lehiaketan parte hartu duten talde batzuei emanaldiak lotzen zaizkie zenbait tokitan. Aurten Errenterian, Calahorran, Tolosan eta Burgosen lotu ditugu emanaldiak. Oso sari polita da talde hauentzat”, gaineratu du Asvineneako kide May Gorostiagak.


Lehiaketako saioetarako artista ezberdinak gonbidatu dituzte Asvineneako kideek: “Txan magoa, Asvin eta aireko zirkua, Julen Cobos kantaria, klake dantza eta malabareak bateratzen dituen David..., oso emanaldi bereziak ikusi ahal izan dira. Lehiaketako emanaldien arteko tarteak ondo betetzeko garrantzitsua da zerbait prestatzea eta aurten oso gauza ikusgarriak izan dira”.


Duela bost urte sortu zen Asvinenea elkartea. Lokala erosi eta lehen hilabeteak martxan jartzen pasa zituzten; orain, hainbat ekitaldi antolatzen dute urte guztian zehar. Amaitu berri den poltsikoko antzerki lehiaketaz gain, tailer ezberdinak egiten dira urtean zehar. “Dagoeneko martxan da antzerki tailerra. Interesa dutenek oraindik ere izango dute parte hartzeko aukerarik. Ostegunero biltzen dira”, Asierrek azaldu duenez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!