Irizar aita alaba karreristak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko eka. 4a, 13:42

Egundoko lasterketak eta markak egindakoak dira Patxi eta Mari Luisa Irizar korrikalariak, Garro-tarrak alegia.

Aita Gipuzkoako kroseko atletarik azkarrena eta estatuko bigarrena izan zen 50eko hamarkadan; alaba, berriz, maratoilaririk onena 80 eta 90eko hamarkadetan.
Distirazko garai haiek gogoan hartzen dituzten aldiro, areagotu egiten zaie ezpainetan beti itsatsita eramaten duten umorea. Alabak aitari jotzen dio adarra, agudo: “Ni hasi nintzenean, Hik ez den ezer egingo, hik ez den ezer egingo!, esaten zenidan, aita. Baina, zu Espainiako azpitxapeldun geratu izan zinen bitartean, zure alaba zortzi aldiz izan zen Espainiako txapeldun”.


Munduko onenekin lehiatzera ohitu eta urrutiko hainbat lekutan korrika egin arren, euren nekazal nortasunari eutsi izanagatik ere egin ziren famatu. Ziren bezalakoak natural- natural azaltzeagatik bizitu ohi zituzten zenbait pasadizo kontatzea gustatzen zaie, harrotasun puntu batez. Maria Luisak  pare bat kontatu digu: “Valentzian estatuko selekzioaren kontzentrazio batean, medikuak galdetu zidan ea zer hartu nuen goiz hartan: nire erantzuna un tazón de colacao con sopas izan zen. Hura barrezka hasi eta barre zergatik egiten ote zuen pentsatu nuen nire artean. Hurrengo atleta etorri zenean, bitamina bereziak hartu zituela esan zion. Orduan bai, hura lotsa nirea!”.


“Beste behin, Donostian federazioko medikuak bezperako afariagatik galdetu. Eta nik erantzun: Aita Areso aldean perretxikutan ibilia da, eta amak egindako tortilla ederra eta basoka bat esne hartuta oheratua naiz. Gizona harrituta geratu zen, hidrato karbonoak ez zirela esanez”.


Errietak errieta, eta “aldeana” ezizena jarri bazioten ere, Maria Luisak etxeko betiko elikudurari eutsi izan zion beti. “Zenbat alditan esaten nion Kamel Zianiri utzi zitzala makarroiak eta letxeak bakean, horiek ez dute indarrik ematen eta”. Patxik ere aitortzen du nola deitzen zioten “cashero” Espainiako selekzioarekin munduko txapelketetara joan behar izaten zuenetan.


Baserrira lotuta bizi izan dira beti biak ala biak, baita lasterkari garaian ere. Patxiren kasuan, atletismoa lantegiko lana eta baserriarekin batera eraman behar izan zituen. Adreiluak egiten zituen labean aritzen zen, hiru errelebotara. “Gauekoa banuen, orduan lanetik atera, lo puxka bat egin eta martxa karrerara. Entrenamenduak ere, lanetik atera goizaldera eta igual abiatzen nintzen Lasartera, joan eta etorri”.


Marka onak egitearen truke federazioak ematen zizkion bekei esker, Maria Luisak ez zuen lanik egin behar izan. Ezin baztertu, baina, baserriko betebeharrak; ezta karrera egunetan ere. “Igandetan, galtza motzak eta kamiseta tiraduna jantzi eta herrira esnea partitzera jaisten nintzen. Lanak bukatuta, ezkaratze batean utzi dena, autobusa hartu eta igual Donostiara abiatzen nintzen, maratoian parte hartzera. Hay que calentar media hora esaten zidan entrenatzaileak. ¿Calentar?, izerdi patsetan esnea partitzen arituta? Et-et-et!, erantzuten nion nik”.

Errentarik gabeko kirola
Patxiren garaian dirurik ez zen jasotzen, nahiz egundoko txapelketak irabazi, “kopa zaharrak besterik ez”. Maria Luisarenean ere, gauzak ez ziren gehiegi hobetu, emakumeen kasuan behintzat: “kirol jantziak eta gasolina erosteko adina!” ohartarazi du berak. Orduko garaipenen errentetatik ez dira bizi, inondik inora, beraz. Baserriari lotuta, bai, ordea.
Patxik 80 urte bete berriak ditu; bakarrik bizi da Garro baserrian, orain hiru urte Mercedes emaztea hil zenez geroztik. Sasoian da, oraindik ordea, eta baserrria zaintzen jarraitzen du: “terrenoak eta ganadua gobernatzen dut. Lau zekor eta behi bat dauzkat oraintxe. Asko ez dela arte babarruna eta sagardoa dexenteko kantitatez egiteko gauza nintzen, baina utzia dut hori; adinak ez du barkatzen…”.


Maria Luisa Aiako herrian, senarraren familiarena den Salbardin baserrian bizi da aspaldiko urteetan; lau seme-alaben ama da: Joseba (8 urte), Gurutze (5 urte) eta Josune eta Mirari bikiak (2 urte). Horiekin ia egun osoa pasatzeaz gain, badu denbora artaldea zaintzeko ere. Gainera, astean hirutan, Garrora hurbiltzen da, baserri lanetan laguntzera, Gurutze eta Jose Ramon bere bi anaiek egiten duten moduan.

Omenaldia, Donostian
Aita-alabek omenaldia jasoko dute ekainaren 15ean Donostian. Irabazi asmorik gabeko Zorroaga Fundazioa da antolatzailea, bere eginkizun nagusia Gipuzkoako pertsona adinduei arreta eta zerbitzu sozio-sanitarioak ematen dizkien elkartea, alegia.


Omenaldia belaunaldien arteko hirugarren krosaren barnean izango da, eta Zorroagako gainean jokatuko da. Donostiako hainbat ikastetxeko lehen hezkuntzako hirugarren eta seigarren maila bitarteko umeei zuzenduta dago (8-12 urte bitarte), bai eta 60 urtetik gorako gipuzkoarrei ere. Bi helburu bilatzen ditu krosak, gaztetxoek zaharren egoitza eta mundua ezagut dezaten eta adineko pertsonentzat egun berezia izatea, haurrek ematen duten alaitasun eta berotasunaz inguratuta.


Aita eta alabari ilusio izugarria egin die omenaren kontu honek. Eurekin gogoratu izanagatik batetik, eta “gazteak eta zaharrak denak elkarrekin, kirolzaletasunaren espirituaren inguruan biltzen saiatzeagatik bestetik”  adierazi du Maria Luisak.    
Patxi apenas ateratzen da baserritik, eta “festetarako gogo askorik izaten ez” duen arren, alabak eta bere arrebek animatu dute Donostian presente egotera. “Arrebak eta esaten zidaten joatekoak zirela beraiek, eta ni ere haiekin joateko. Bizi garen artean omendu behar omen dira pertsonak, hil eta gero ea zertarako diren horrelakoak… Burua ederki jan zidaten eta…”.


Zahar eta gazteekin batera, omenduak ere lasterka jartzen omen dituzte antolatzaileek, Maria Luisak adierazi duenez. “80 urtekoak ere 200 metro egitera behintzat animatzen dituzte; ahal duenak ahal duena. Gurekin hitz egiterakoan, arropa lasaiarekin joateko eskatu ziguten antolatzaileek. Ni igual takoizko zapatekin azalduko naiz, baina ez dio axola: bata jantzi bestea jantzi, larre motzera ohituta gaude eta egingo ditugu metro batzuk behintzat. Hala ere, aita mugiaraztea zailagoa izango dela esan nien”.
Aitari ardurarik jarri dio, hala ere, Maria Luisak goiz horretarako: “Aita, zuk sehaskan-edo zainduko dituzu umeak. Zuk umeak guri begira jarri, eta ni aterako naiz teatroa egitera, besterik ez bada ere. Jendea igual jarriko zaigu barrez…”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!