Leizaran eskubaloi taldearen albistegia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 29a, 19:33

Lau partida besterik ez ditu izan Leizaranek. Jubenil eta kadete neskak Usurbilen izan ziren, eta bi partida erabakigarri hauetan txanponaren bi aurpegiak agertu ziren. Kadete mailan partida erraz irabazi eta Gipuzkoako Koparekin egin ziren, jubenilek ordea gol bakarrarengatik galdu zuten eta Kopak ihes egin zien. Bi taldeei azken jardunaldia geratzen zaie asteburu honetan, baina jada postuak erabakita daude.

Kadete mutilek zazpi gol baino gutxiagoz galtzea nahikoa zuten Gipuzkoako Kopako finalera sailkatzeko, eta euren partida zortzi golez irabazi zuten. Asteburu honetan jokatuko da finala. Senior neskek ere beste garaipen erraz bat lortu zuten. Lau talde hauek dira oraindik txapelketetan murgilduak dauden Leizarango talde bakarrak eta lauek asteburu honetan emango diote amaiera aurtengo denboraldiari.

C.D.B. LEIZARAN    28
BERA BERA    19
SENIOR NESKAK.Hasieratik andoaindarren menpe egon ziren jokaldi guztiak nahiz gol diferentzia handirik ez egon. Bigarren zatian gogotsu atera ziren Leizaraneko neskak, kontra eraso, jokaldi azkar eta defentsa indartsu bati esker markagailuko zenbakiak gorantz joan ziren azkeneko emaitzara iritsiaz. Honela, beste bi puntu lortu dituzte neskek, beste goi mailako bi taldeekin parekatzera ailegatuz.

USURBIL K.E.    22
LEIZARAN PEGAMO    21
JUBENIL NESKAK (Gipuzkoako Kopa). Larunbat arratsaldeko partida erabakigarria zen Kopako txapelduna izendatzeko. Sailkapenean usurbildarrek puntu bat gehiago zuten eta andoaindarrentzat garaipena ezinbestekoa zen. Etxekoen joko azkarrak ez zuen mendean hartu Leizaran, gogor eutsi baitzioten defentsan. Atsedenaldiko emaitza 8-8 zen, baina, oraindik ere bigarren zati luzea geratzen zen. Azken zatian behera egin zuten Andoaingo jubenilek eta bost minutu falta zirenean berdinketa lortu bazuten ere, azken segundotan galdu zuten txapeldunen titulua.

C.D.B. LEIZARAN    41
UROLA PREMANK    33
KADETE MUTILAK (Gipuzkoako Kopa). Uste baino partida errazagoa izan zuten Leizarango mutilek eta hasieratik nagusitasun osoa erakutsi zuten. Defentsan oso ongi hasi ez baziren ere andoaidarrak une oro aurretik ziren, atsedenaldira 18-11ko emaitzarekin iritsi zirelarik. Bigarren zatian bi taldeei defendatzea ahaztu eta gol sorta polita ikusi ahal izan zen, 45 hain zuzen. Andoaindarrek partida kontrolpean izan zuten amaiera arte, eta garaipen honekin asteburu honetan jokatuko den Kopa finalerako sailkatu dira. Denboraldi bikaina egin dute Leizarango mutilek eta Gipuzkoako Kopako finala jokatzea izango da euren saria.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!