Maialen eta Jaione Albistur igerilariak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 29a, 19:32

Hiru urte bete bezain pronto amak Andoaingo kiroldegiko igerilekura eraman zituen. Ikastaroekin hasi eta denborarekin igerilari bikainak bihurtu dira. Maialenek (16 urte) eta Jaionek (11 urte) maila ona eman izan dute Gipuzkoako lehiaketetan, Buruntzaldea taldearekin.



Nolaz sartu zineten lehiaketen munduan?
Maialen A. Beldurra kendu eta igerian ikasteko asmoz txikientzat izaten diren ikastaroekin hasi ginen. Ez dakit gogoz joan ginen, baina berehala gustatu zitzaigun igeriketa. Horrela, lehiaketen munduan sartzen joan ginen. Lasarte eta Andoaingo igerilariok Buruntzaldea taldea osatu genuen aurrerago.
 
Txapelketa asko izaten dira urtean zehar?
M.A. Neguko eta udako denboraldiak daude. Gipuzkoa eta Euskadiko txapelketak jokatzen dira, kanporaketak eginez zenbait herrietan. Horietaz aparte herrietako sariak daude, jai edo antzeko ekitaldien inguruan ospatzen direnak.

Zein estilotan aritzen zarete?
M.A. Txikitan hasten zarenean denetik probatzen duzu. Baina denborarekin, zure gaitasunetara hobekien doan estiloa hartzen duzu. Nire kasuan, croll deitzen den estiloan ibili naiz gehien.
Jaione A. Ni bular estiloan.   

Gogorra al da kirol hau?
M.A. Jendeak uste duena baino sakrifikatuagoa da igeriketa. Gauza bat gozamen hutsagatik praktikatzea da eta bestea lehiaketetan sartzea. Hasteko, oso indibidualista da. Izugarri gustatu behar zaizu, ez baita taldeka egiteko kirola, bakarka baizik. Gogoa behar da kolpetik, adibidez 40 luze egiteko! Luze ugari dira, beste inorekin hitz egiteko aukerarik ere eduki gabe egiteko. Lehiaketak asko eskatzen dizu, eta horrek ere jende asko atzera botarazten du.   

Erlajatzeko balio duela pentsatuko du baten batek.
M.A. Horixe esaten dit jendeak. Egun gogor baten ostean, ondo etorriko zaigula igeriketa, alegia. Baina keba! Gorputza matxakatzera zatoz igerilekura. Entrenamendua da eta ez zara batere erlajatzen. Eguneko kontu edo buruhausteak ahaztuko zaizkizu, baina erlajatu inondik ere ez!

Nolakoak dira entrenamenduak?
M.A. Lehorreko beroketak datoz hasieran. Uretan sartu eta luzeak egiten dira gero, gorputza berotzen joateko. Eta ondoren, fondoa (distantzi luzeko lana) edo abiadura (distantzi laburreko lana) lantzen da. Hirugarren partean, ez azkar ez mantxo, igeriketa egiten da; gorputza bere onera etortzea da helburua. Aparte, lehorreko ariketak ere egiten dira; korrika batez ere, fondoa hartzeko.

Badago zaletasunik Andoainen?
M.A. Ez gara asko, eta gehienak adin txikikoak dira. Entrenamenduak gogorrak direnez eta etorkizunik ez zaionez ikusten, jendeak utzi egiten du.  Bada utzi eta urte batzutara berriro hasten dena, gogoak bultzatuta. Baina lehiaketan aritzeko, txikitatik hasi eta jarraipen bat behar duzu. Ikusleak ere apenas ditugun; familiakoak dira gu ikustera etortzen diren bakarrak.

Kirol hau bultzatzeko nahikoa egiten dela iruditzen zaizue?
M.A. Nik uste umetan sartu beharko ginatekeela denok igerilekuan, behintzat lehen kontaktoa edukitzeko igeriketarekin. Gero, nahi duenak ikusiko du zer egin. Ondo menderatu beharreko kirola da eta ezin da hasi 12 urterekin. Urari beldurra kendu behar zaio, oso natural ibili behar duzu.

Nola ikusten duzue zuen burua, aurrera begira?
M.A. Ikasketek denbora asko kentzen didate orain, eta argi dago urteek ere faktura pasatzen diotela gorputzari. Ziurrenera utzi egin beharko dudala lehiaketa mailako igeriketa.
J.A. Gipuzkoako txapeldun geratu berri naiz alebinen mailan, neguko denboraldian. Orain udakoa dator, eta ikusi egin behar…  Bestalde, futbola dut oso gogoko eta Euskaldunan probak egiteko hartu naute… Maialenek esaten dit denborarekin kirol bat edo beste hautatu beharko dudala arrazoi asko direla eta (ikasketak, gorputzaren bilakaera, gogoa…); baina ez dakit…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!