Leizaran eskubaloi taldearen albiste pozgarria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 29a, 19:31

Leizaran Etxeberrieta Berri kadete neskak, Gipuzkoako Kopako txapelduna.

USURBIL K.E.    18
LEIZARAN ETXEBERRIETA BERRI    26
KADETE NESKAK (Gipuzkoako Kopa). Aurreko larunbatean andoaindarrek denboraldiko partidarik onena jokatu zuten liderraren kontra eta Kopako hamargarren garaipena lortu zuten. Garaipen honi esker Gipuzkoako Kopa irabazi dute Andoaingo neskek. Andoaindarrak partidan oso sarturik irten ziren zelaira, eta defentsa on eta eraso eraginkor bati esker atsedenaldira 8-15 iritsi ziren. Bigarren zatian errenta mantentzea lortu zuten, 18-26 bukatu zutelarik.

Urrian denboraldia ondo hasi zuten baina Gipuzkoako Ligan laugarren sailkatu eta Euskadiko Txapelketatik kanpo geratu ziren gol diferentziagatik. Ondoren Federazio Trofeoa jokatu zuten, bertan bigarren sailkatu zirelarik. Azkeneko partidan oso zorte txarra izan zuten, berdinketa nahikoa zuten eta gol bakarrarengatik galdu zuten Zarautzen aurka, Trofeoa bere esku utziz. Bi desilusio horien ondoren apirila hasieran Gipuzkoako Kopa jokatzen hasi ziren, partida guztiak aurrera ateratzea lortu zuten eta aurreko asteburuan Usurbilen jokatzea tokatzen zitzaien. Usurbildarrak ere neurketa guztiak irabazirik iristen ziren partida erabakigarri honetara, baina partida bat gutxiago jokatua zutelarik. Andoaindarrek Usurbilen irabazi eta igandean usurbildarrek asteburuko bigarren porrota jasan zuten Gasteizen, Leizaran Etxeberrieta Berri Kopako irabazle eginez. Aste honetan Ereintzaren aurka Andoainen jokatu behar duten azken partidan ospatuko dute Txapelketa. Zorionak, neskak!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!