N-1 saihesbidearen alternatiba ez da Bordaberrikoen gustuko

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 29a, 19:29

Josean Perez Gabarain alkateak eskerroneko hitzak izan zituen  udal batzarraldiko ordezkari guztienganako, ia-ia erabateko adostasuna lortu zelako gai korapilatsu honen inguruan.
Ez da erabatekoa izan adostasuna eta horren adierazle Bordaberriko eta Allurraldeko bizilagunak dira. Errepide berria etxetik oso gertu igaroko delako kezka azaldu dute.

Bordaberri eta Allurraldeko bizilagunak ez daude batere konforme Udalbatzak ostegunean aho batez hartutako erabakiarekin. “Errepidea gure etxeetatik ahal den urrunena jartzen saiatuko direla esan digute, bai, baina oso kezkatuta gaude, proiektuan hori ez delako inondik inora zehazten. Lehengo astean erakutsitako planoak eskalarik gabekoak dira, zortzi karril jartzen dituzte, baina sarrerak eta irteerak ez dituzte zehazten… Guztia definizio ezan geratzen da, eta horrek kezkatzen gaitu”.
Udalak onestutako C alternatiba horrentzat hobekuntzak proposatu zituzten bizilagun horiek, baina jaramon askorik ez diela egin salatzen dute, “300 metroko tunela egitea, altueran errepidea 3 metro igotzea, bihurgunea txikitzea eta errepidea zuzenagoa izatea; horixe zen alternatiba egokia. Bai Errotagainekoak eta bai gu, denak gustura geratzeko modukoa zela hori iruditzen zitzaigun. Udaletxean jasotako erantzuna, ordea, etsigarria izan zen: bakean uzteko, eurek onartutako proiektua aurrera doala eta”.
Denboran atzera begiratuz gero, esan behar da Aldundiak 2006an aurkeztu zuen proiektua ez zutela ontzat eman Sorabillako auzune guztiek. Horiek, irtenbide bezala, euren eskaerak kontuan hartuko zituen beste azterlana egitea eskatu zioten Udalari. Honek konpromisoa hartu eta Injelan enpresari agindu zion lan hori.  Injelan-ek tunel naturala hiru karrilekoa atondu zuen 2007an. Nahiko adostasuna lortu zen bizilagun guztien artean proiektu berri honekin.     
“Baina berehala Aldundia etorri zen azterlan horrek akats asko zituela esanez. Erantzun hori jasota, Udalak Injelani proiektua berraztertzeko eskatu zion. Injelanek orduan, berak egindako ibilbidea hartu beharrean Aldundiarena hartu du. Alegia, tunela artifiziala onetsi eta lehen 620ko erradioa zuen ibilbidea orain 500ekora aldatu du. Era horretan, besteak beste, handitu egiten da bidearen ziurtasun eza”. Ulergaitza egiten zaie Udalaren edo Injelanen iritzi aldaketa hori. “Harrigarria da nola bota duen Udalak zakarretara, bapatean, Injelanen lehenbiziko azterlana; jakin arren Errotagain edo Bordaberrikoentzat onena zela”.
Zergatiak topatzerako garaian, etxebizitzen eraikuntza da eskuartean darabilten arrazoietako bat. “Cordoba baserri inguruak promotora batenak dira gaur egun, eta hor urbanizatzeko interesak dauden susmoa daukagu”.  
Aldundiak N-1 saihesbidearen eraikuntza iragarri zuenetik hona gertakizunak nola eman diren ikusita, gauza bat daukate gero eta argiago, “Errepideko sarrerak eta irteerak hasiera-hasieratik jarrita zeudela iruditzen zaigu. Beste proiektuen kasuan erabili ohi duen politika erabili du Aldundiak, oraingoan ere. Sikologiarekin jokatzen duela, alegia. Hasieran dena beltz jarri ohi die kaltetuei. Etxe hau eta bestea bota beharko direla, errepidea gainerako etxeetatik 6 metro eskasetik igaroko dela… Gero, denbora aurrera joan ahala, proiektuko baldintzak pixka bat hobetzen joaten dira, herritarrak poztu daitezen”.     

Industriagunea ere ondoan
Errepideak ekarritako buruhausteak aski ez eta, udal egitasmo berri batekin egin dute topo orain gutxi. “Errepidearen arazoak mugituta planoak eta egitasmoak eta aztertzen ari ginela, ohartu ginen udalaren Hirigintza Plan berriak gure etxebizitzen azpiko lurretan industrigune bat kokatzea aurreikusten duela. Arkitektoarengana jo lasterka, eta berak aitortu zuen udalaren asmoa zein zen. Alegazioak aurkeztu ditugu, noski”.
Garai batean Comac bezala ezagutzen zen ingurune horretan kokatzen da beste auzia, “Salgai daude lehendik egindako pabiloiak, eta ez zaigu arrazoirik ematen zergatik egin behar diren berriak. Hala ere, espekuladore edo bitartekariek badakite zer egin behar den nonbait, eta lur horietan inbertitzen ari dira”.
Bordaberri auzunea aspaldian zein gutxi aldatu izana azpimarratzen dute: “etxe berririk ez da egin, daudenak berritu egin dira. Jendea lotuta egon da beti auzunearekin. Udaletik esan zaigu ezin garela kexatu, lehen baliorik ez zuen lurraren metro karratuaren salneurria igoko omen delako. Mentalitate ekonomikoak funtzionatzen du. Azken batean, udalek diru-sarrerak behar dituzte inbertsioak eta egiteko; eta hori nola lortu? Gero eta etxe gehiago eginez. Hori ez dator bat ingurunearekiko politika jasangarri batekin”. Zer pentsa jartzen duen galdera batekin amaitzen dute kritika: “Belkoain gainean txaletarik ikusiko ote ditugu, martxa honetan?”.  

Lanean jarraitzeko asmoa
Etsigarria egiten zaie erakundeen jokabidea, alternatiba tekniko bat edo beste defendatzerako orduan. “Tristea da ikustea, adibidez, Foru Aldundia 1993-2006 epean alternatiba bat defendatzen aritu dela, eta orain kolpetik, baztertu egin duela txarra omen delako. Dirudienez, bizilagunena ez baizik eta beste interesek agintzen dutela”.
Ezkor egon arren, badakite zer egitea dagokien aurrera begira; “lanean jarraituko dugu, gure eskaerak erakundeetan entzun eta kontuan har daitezen”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!