Ibon Peñagarikano, kalitatean garaile

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 29a, 19:28

Amaitu berri da, urte osoa iraun duen Euskal Herriko baserri ustiapenen txapelketa. Kalitatea da neurgailu garrantzitsuena. Sabordegiko Ibon Peñagarikanoren abelburuak garaile izendatu zituzten, Zerainen izandako sari banaketan. Duela urte batzuk ere finalista izan zen, baina ez zuten saririk jaso. Kasu honetan, saria jaso eta pozik daude.

Zeraingo lehiaketa irabazita, pozik ezta?
Ibon Peñagarikano: Euskal Herriko baserri ustiapenen txapelketa da. Duela zortzi urtetik antolatzen dute. Teknikari batzuk etortzen dira esplotazioa ikustera. Esne behi esplotazio baten alderdi guztiak aztertzen dituzte.
Ustiapena aztertuta, balorazioa eta puntuaketa egiten dute. Gero final bat izaten da lauzpabostekin.

Sektorea ezagutarazteko beste bide bat gehiago ere bada, lehiaketa hau?
I.P.: Sektorea eta bertan gaudenak batzuk besteekin alderatzeko, hobetzeko. Bakoitzak nola lan egiten duen ikusi eta nondik jo jakiteko.

Kalitatea da baloratzen dena. Zer nolako maila dago?
I.P.: Zerainekoa, trofeoa emateko egun bat da. Baina horren aurretik ustiapena urtebetez dago sailkatze prozesuan. Belarren eta ganaduaren, eta ateratzen dugun lehengaiaren kalitatea aztertzen dira. Momentu honetan, labelerako esnearen kalitate bat ateratzen ari gara.

Zer nolako hazienda duzue?
I.P.: 170 bat abelburu ditugu. Familia esplotazio bat da, betidanik baserritik bizi izan garenak. Une honetan labeleko kalitatea lortu dugu, hoberena. Ateratzen dugun esnea, Urnietako Kaiku enpresarentzat da.
Administrazio aldetik bertan entregatzea, beste aukerarik ez dugu. Bestela aparte geratzen gara.

Gainbehera hitzarekin lotzen dugu zuen sektorea, baina egunerokotasunean nola islatzen da?
I.P.:  Gure artean aurkitzen garenean, nahiko ezkorrak gara, azken batean, kanpoko merkatuari lotuta baikaude. Ezin dugu ezer antolatu. Prezio kontuetan, asko estutzen gaituzte. Baina ilusio handiz, baserriari eutsi nahi diogu. Sariak ere estimulatzeko baliagarriak dira, kalitatea lortze aldera.

Behar asko izango dituzue. Zer alorretan pairatzen duzue laguntza falta handiena?
I.P.:  Baserritarrek herritarren laguntza behar duten bezala, uste dut, gizarteak berak duela baserritarren beharra. Eta gizarte hori ez da konturatzen zer ari den galtzen. Hemendik pixka batera, ez askora, guztia sasiak hartuta ikusiko dugu. Garbi ikusten da, baina jendea ez da hortaz jabetzen. Horrek balore ekonomiko handirik ez du izango, baina ingurumen aldetik eta herri batek duen itxuraren ikuspegitik, ikaragarria.

Urnietaren kasuan gainera, landa eremuak izan duen garrantzia ikusita, are gehiago?
I.P.: Urnietan adibidez, hirigintza planekin ez naiz asko sartzen. Baina etxeak, pabilioiak, industria guneak, bideak eta trenbideak eraikitzea beste helbururik ez da ikusten. Inor ez da akordatzen, baserritarrak zaintzen duen lur sail, belaze eta mendiez. Urnietaren %90a landa eremua dela kontuan hartuta gainera.

Behi eroena bezalako gaixotasunak agertzeak ere ez dute batere laguntzen?
I.P.:Herritarrak baserritar edo abeltzainetaz jateko arazo larriak daudenean akordatzen dira. Inor ez da akordatzen baserritarrok kalitateko produktu bat egiten ari garela, guztia errespetatuta. Gaur egun ezinezkoa litzateke kalitate gabeko produktu bat egitea, inspekzio pila izaten baitugu. Nazkatuta gaude ditugun kontrol guztiekin. Baina horrek ziurtasun bat ematen du, kalitatea. Beti daude pirata batzuk gauzak hain ondo egiten ez dituztenak, eta haien irudiarekin denok zikintzen gara. Gaia komunikabideetan agertzeak ere ikaragarrizko inpaktua du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!