Kirol instalakuntzak handitzeko proposamena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 29a, 19:26

Kirol azpiegitura beharrei erantzun asmoz, Urnietako EAJ-PNV-k instalazioak handitzeko proposamenak aurkeztu berri ditu. Berrikuntzen artean, 600 lagunentzako tokia izango lukeen kirol anitzeko gune itxi berri bat legoke, kultur ekitaldietarako ere baliatu litekeena.

Bestalde, aldaketak aurreikusten dira oraingo instalazioetan. Egun igerilekuak duen kokagunean, eta kiroldegi berriaren alboan igerileku itxi berri bat eraikitzea proposatzen dute. Haren ondoan,
solariuma eta egungo tenis pistetan paddle pistak eraikitzea. Tenis pistak berriz lekuz aldatu eta garaiera altuagoan eraikiko lirateke. Egungo futbol zelaia lekuz zertxobait mugitzea proposatzen dute, gunea baliagarriago bilakatu nahian.
Ondorioz, Hirigintza Planari alegazioa aurkeztu diote. Eraikitzen ari diren saihesbide berri aldera kirol instalazioak handitzea proposatzen dute.

BIDE LUZEA
Aurreko legegintzaldian behar horiek eta beste batzuk jasotzen zituen aurreproiektu bat prestatu zen, gerora, erabiltzaile eta hainbat talderekin osatu zena. Legealdi aldaketa izan zenean, ordura arte egindako proiektua udaletxera eraman zuten. Gerora, proiektua berriz ere jeltzaleei helarazi zitzaienetik, ekarpen berriak jaso dituzte.
Gaiak jorratu duen bidea eta guztiz gauzatzeko beharko den denbora kontuan hartuta, udal ordezkarien arteko kontsentsura deitzen dute jeltzaleek. Pasa den astean, udal gobernu taldeari aurkeztu zieten proiektua. Gainerako udal ordezkariekin ere biltzekoak dira.

ESKOLA-KIROLA egitasmoa
Jeltzaleen kezka iturria da baita Eskola Kirola ekimena, eskola orduetatik kanpo kirol modalitate ezberdinetan trebatzen diren gaztetxoei zuzendutako eskaintza. Kirol instalakuntzetan dagoen espazio faltak ere zuzenean eragiten baitie gaztetxoen entrenamendu saioei ere. Gaia geldirik dagoela eta horren zergatia ez dakitela adierazi zuten EAJ-PNV-ko kideek eskaini zuten prentsaurrekoan. Eskola Kirolari lotutako ekintzak ikastolako pistetara lekuz aldatzea nahi lukete.
Horregatik, ikastolako pistak ixtea eskatzeko asmoa dute jeltzaleek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!