Dantza giroa, datorren igandean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 29a, 19:25

Haurren XX. Euskal Jaialdia Andoainen eta Urnieta Dantzan, igandean.

Euskal folkloreari loturiko adierazpide gehientsuenak Andoainen bilduko dira, hurrengo igandean ospatuko den haurren XX. Euskal jaialdian. Aukera oso zabala da, besteak beste, kantua, trikitixa, txalaparta, bertsoa eta nola ez, dantza. Egitaraua bezain zabala da parte hartzea. Euskal Herri osotik etorritako taldeek parte hartuko dute euskal jaialdian. Batzuk aipatzearren, Hendaiako eta Amurrioko dantzariak, Oñatiko abesbatza, Elgoibarko trikitilariak, Zangotzako buruhandi eta gaiteroak, Lasarteko bertsolariak edota Urnietako txalapartariak.

LAN ESKERGA
Antolaketa taldearekin batera guraso ugari lanean izango da egun horretan, egun osoko ekitaldiak eta logistika kontuak bideratzen. Ehunka familia etorriko da Arabatik, Bizkaitik, Nafarroatik eta Iparraldetik. Hauen guztien erosotasuna bermatzeko ezinbestekoa da herri elkarteen eta Andoaingo udalaren laguntza. Antolatzaileek modu batera edo bestera laguntzen duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiete.

URNIETA DANTZAN
Aurten ikastolako 124 dantzarik parte hartuko dute. Haiekin batera, Urnieta, txoko ezberdinetako dantzarien topagune bihurtzea ere lortu nahi da ekimen horren bidez, elkar lana sustatu, harremanak sendotu eta esperientzia berriak ezagutarazteko. Horregatik, aurtengoan bi talde gonbidatu dituzte antolatzaileek; Hernaniko Ttarla eta Arrigorriagako Aritz Berri dantza taldeak. Goizeko hamaiketan hasi eta  bazkal ordura arte, Urnieta dantzarien plaza nagusian bihurtuko da.

 

HAURREN XX.EUSKAL AIALDIA ANDOAINEN
Ekainak 1, igandea

  • 11:30 Jaialdiaren aurkezpena Goikoplazan, agurra eta ondoren, taldeak kalez-kale emanaldiak eskainiz ibiliko dira.
  • 13:00 Andoaingo Soinuak Musika Eskolako taldearen emanaldia Goikoplazan.
  • 17:00 Jaialdiaren saio nagusia, talde bakoitzak bere saioa eskainiz.
  • 18:30-20:00 Jaiaren amaiera,  dantzaldia: DJ-Bengoarekin.


URNIETA DANTZAN I.JAIALDIA
Ekainak 1, igandea

  • 11:00 Talde gonbidatuen harrera eta dantzarien topagunea Egape ikastolan.
  • 11:45-13:00 Herriko kale eta plazetan dantza saioak.
  • 12:00-12:30 Dantzarien emanaldia San Juan plazan.

13:00-14:00 Jaialdia Plazido Muxika plazan. Euriarekin pilotalekuan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!