Miren Kintasek ere kargua utzi du

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 29a, 13:08

Legegintzaldi berriak urtea betetzear duen honetan, bigarren kargu uzteari aurre egin behar dio UDA-k. Atzoko osoko bilkuran alkate Mikel Izagirrek jakinarazi zuenez, Miren Kintasek kargua utzi baitu.

Atzoko ohiko osoko bilkuran duela hilabete gutxi izandako egoera errepikatu zen; UDA-ko beste ordezkari batek, Miren Kintasek kargua utzi baitu. Alkate Mikel Izagirrek eman zuen albistearen berri, plenoa amaitzear zela. Kasu hauetan burutu beharreko tramitazioa gauzatzen denean hartuko du udal ordezkari berriak Kintasek utzitako eserlekua. Udal hauteskundeetarako UDA-k aurkeztu zuen zerrendan segidan datozen udalbatzako hautagai izan daitezkeenak, Asier Goikoetxea, Ramon Bengoetxea eta Julia Arraiza dira. Legegintzaldiko lehen urtean, UDA-k izan duen bigarren kargu uztea da jada.

Mikaela-Enearako diru partida
Bestalde, Mikaela-Enea kultur gune bihurtzeko kreditu aldaketa bat proposatu zen. 870.000 euroko diru partida bideratuko da aipatu proiektura. Udal gobernu taldeak aurkeztutako proposamenaren alde bozkatu zuten UDA, EAJ-PNV-ko, EAE-ANV-ko udal ordezkariek. Maribel Vaquerok gogorarazi zuenez, bere barne hartzen dituen zerbitzu guztientzat, “Lekaio txiki geratu da”. Horregatik, baikortzat jo zuen aurrerapausoa, garai bateko eraikina berreskuratu eta etorkizuneko oinezkoen Idiazabal kalean kokatuko baita herriko kultur ekipamendu nagusia. EAE-ANV-ko ordezkari Iñaki Mendizabal ere alde, ekipamendua eta haren kokaguneagatik. Aurka agertu ziren ordea PSE-EE-ko zinegotziak, udal zerbitzuak bateratzearen aldeko apustua egiten baitute. Berriz ere, irizpide eta proiektu gabezia egotzi zioten UDA-ri.

Kutxako ordezkaritza
Apirilaren 7ko ezohiko plenoan, Kutxako ordezkaritzaren inguruan hartutako erabakia baliogabetu zuen udalbatzak. Hautagaiez aldatu eta Mikel Izagirre proposatu eta onartu zuen gehiengoak, Urnietaren izenean Kutxan egoteko. Sozialistak ordea, aurka agertu eta ika-mikarako tartea zabaldu zen orduan. EAJ-PNV-ren eta EB-ren arteko akordioa egon zela adierazi zuten. “Kutxako kontseilaria, Foru Aldundiko EAJ-PNV-ren aurrekontuak onartzearen truke”, adierazi zuen Herme Gonzalezek. EB-renak ez, urnietarren interesak defendatuko zituen hautagaia nahi zuela gaineratu zuen. Alkateak bi gaiek elkarren artean zerikusirik ez zutela erantzun zion. EB-ren erabakia, ez dela UDA-rena izan.

Ohiko osoko batzarrean bestalde, udalbatzak aho batez onartu zuen herriko jai eguna, irailaren 29a, Sanmiel eguna izendatzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!