Bisita gidatua urtegietara

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 26a, 21:43

Gipuzkoako Ur Kontsorzioak antolatuta, Beterri Aiztondo eta Tolosaldeko Udaletako hainbat ordezkarik, bisita gidatua egin dute gaur goizean Arriaran eta Ibiurko urtegietara.

Besteak beste, bertan izan dira Aduna, Amasa-Villabona, Andoain, Asteasu eta Zizurkilgo Udaletako ordezkariak. Lehenik eta behin, Beasaingo Arriaran urtegia gertutik gertura ezagutzeko aukera izan dute. Ur Kontsorzioko lehendakari Iñigo Elosegik egin du aurkezpena eta Tolosaldeko azpiegitura martxan dela aipatu du. “Ibiurko urtegia eta tratalekua 2009 urtean jarriko dira martxan eta Adunako haraztegia 2010ean”. Jose Saizar, Ur Kontsorzioko teknikariak Goierriko eta Ibiurko azpiegiturak oso antzekoak direla adierazi du jarraian, nahiz eta Tolosaldean garatzen ari direna handixeagoa izan eta aurrerabide gehiago eduki. Arriarango urtegiko ura, egoera onean egonagatik, saneamendu prozesua egiten diote eta araztegian, izan ditzakeen hondakin organikoak (lokatza, begetazioa…) garbitzen dituzte. Urtegian bertan aisialdiko ekintzak oso neurtuak direla azaldu du teknikariak, “egitekotan, motorrik gabeko ekintzak egiten dira: arrauna, arrantza…, baina, orduan eta gutxiago. Garbiketa neurriak oso zorrotz betetzen dira”. Tarteka, ikastetxeetatik haur eta gaztetxoak etortzen dira urtegia ezagutzera, “garrantzitsua da txikitatik uraren kultura berria ezagut dezaten”. Jakinarazi dutenez, Arriarangoa da euri gutxien egiten duen ingurua. Ataunen dagoen Lareo ingurua, berriz, gehien egiten duena. “Hemen ura falta denean, Lareoko urtegitik ekartzen dugu”. Ura araztegira bidali aurretik, kalitatea eta ezaugarriak neurtzen dituzte.

Arriarango tratalekua
Ura edangarri bihurtzeko, hainbat pauso eman behar izaten da tratalekuan. Batetik, ura oxidatu egiten dute, hots, burdina eta manganesoa kendu. Horretarako, airetik konpresoreen bidez hartutako ozonoa erabiltzen dute. Ura oxidatzeaz gain, saneatzeko, bi fasetan erabiltzen dute ozonoa. Fluorra eta kloroa ere tratalekuan bertan gehitzen dituzte. Fluorra, kontsumitzaileen artean karie gutxiago sor dadin eta kloroa, ura desinfektatzeko. Jose Saizarrek adierazi duenez, “prozesu guztian araudia errespetatzen dugu”.

Legorretako tratalekua
Beasainen kokatutakoa edateko uren araztegia bada, Legorretakoa hondakin uren araztegia da. Ur zikinak iristen dira bertara: etxeetan, merkataritzan edo industrian erabilitako urak. Bertan, prozesu biologiko natural baten bidez beharrezko kalitatea berreskuratzen dute, berriro errekara edo ibaira, hasierako baldintza antzekoetan bueltatzeko. Hiru fasetan egiten da aipatu prozesua:
1.- Aurretratamendua: Solido gogorrak, hondarrak nahiz koipeak kentzen dira.
2.- Tratamendu primarioa: Uretan nahastuta dauden solidoak murriztea lortzea da helburua. Oro har, %25a.
3.- Tratamendu biologikoa: Urak ekartzen duen materia organiko guztia kentzen da; bereziki, nitrogenoa eta fosforoa.

Ura garbitzearekin batera, geratzen den hondakin organikoa edozein baratzetarako ongarri moduan erabil liteke, baina itxuraz, ez dago eskaera handirik.

Ibiurko urtegia
Imanol Puldain da obren ingeniaria eta berak eman ditu Baliarraigo magalean altxatzen ari diren egitasmoaren azalpenak. Murrua edo presa “ur fabrika” moduan definitu du, “ura bildu, edangarri bihurtu eta azkenik, herri edo eskualdeko deposituetara bidaltzen da”. Imanolek, Ibiurko uraren kalitatea ona izango dela adierazi du, saneamendu prozesu egokia jarriko baita martxan. Ibiurko murruaren hormigoizko egitura ia bukatuta dagoela azaldu du, “arazorik ez bada, aurtengo urriaren 1erako amaituta egotea aurreikusten dugu. Beste urtebete beharko da gero urtegia betetzen”. Inguruko urtegietan lehen aldiz, emergentzia plana jarriko da abian, “ez hemen arrisku gehiagorik dagoelako, legeak hala behartzen duelako baizik”. Urtegiaren inguruan badituzte bestelako asmoak ere. Batetik, Larraitzera, Baliarraingo San Juan Iturrira eta Bidasola baserrira bideak egingo dira. Urtegiaren gainaldean, rokodromoa egitea ere aurreikusita dago.

Argazkiak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!