19:30tan aurkeztuko da gaur Teodoro Hernandorenaren biografia-liburua

Teodoro Hernandorena (1898-1994). Zizurkilen jaioa, XX. mendean euskalgintzak eta aberrigintzak izan zuen eragilerik berezienetakoa dugu, nahiz gaur egun oraindik ere bere irudia eta lana euskaldun gehienentzat ezkutuan diren. Abertzaletasun politikoan, bertsolaritzan, zinegintzan, euskarazko irratigintza zein prentsan, euskal kirolen aldeko federazioetan, laxo eta errebotearen euskal jokoetan…

Historiak aski ezkutuan eduki duen gizon erakargarria dugu Hernandorena, inondik ere: suhartsua, ausarta, langilea, intuitiboa, irismen luzeko begiratuaren jabea, jende mugiarazle eta antolatzailea…

Xabier Lasa Bergara andoaindarrak 1300 orrialdetan hark buruturiko lan oparo eta luzea xehetu du, XX. mendeko euskalgintzako eta aberrigintzako hainbat alorretan eragin handia izan zuen gizonaren informe biografiko zehatza osatuz.

Manuel Larramendi Kultur Bazkunak bere Saiakera izeneko bildumako bostgarren zenbaki gisa eman du argitara. XX. mendeko euskalgintzat eta herrigintza ulertzeko azterlan ezinbestekoa.

Aurkezpena Atxulondo Kultur Etxean izango da eta bertan egilea bera, Jon Unanue Lopez Laramendi Bazkuneko lehendakaria, Angeles Lazkano Zizurkilgo alkatea eta Estibalitz Alkorta Foru Aldundiko ordezkaria.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!