Dena prest, Gazte Festei ekiteko

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 23a, 13:29

San Juan plazan oholtza jarrita, udaletxeko balkoian ikurriña zintzilik... Aurtengo Gazte Festak hasteko ordu batzuk baino ez direla falta nabari da. Datozen hiru egunetan, gazteak eta gazte sentitzen direnak izango dira herriko protagonistak. Hasi dadila festa.

San Juan plaza eta Sarobe izango dira Gazte Jaiak hasteko antolatzaileek aukeratutako bi eskenatoki nagusiak. Udaletxe pareko plazan, 17:00etik aurrera Poxta Zaharrek antolatutako mus txapelketa, txupinazioa edota afaltzeko oilasko jana egingo da. Artean, Udaleko balkoitik jaien hasiera iragartzen duen suziria 19:00etan botako dute. Jarraian, herriko kaleak buruhandi eta erraldoien laguntzaz herriko kaleak zeharkatuko dituen kalejira izango da. Eguna amaitzeko, UrnietaRock jaialdia, luxuzko musika eskaintzarekin gainera; kide urnietarrak dituen Dark Avenue taldeak maketa aurkeztuko du, Etsaiak eta Küm taldeek ere kontzertu bikainak eskainiko dituzte. Dena, 22:30etik aurrera Saroben. Bertan, kontzertuak entzuteaz gain eta emanaldiak hasi eta amaitu ostean ere, txozna jarriko dute musikarekin.

Aurtengo Gazte Jaien hasiera baino ez da izango. Asteburu osoan zehar, ez baita aspertzeko betarik izango. Bihar, Benjamin jaia, kamioi orkestra mundiala eta Abiba Dj. Igandean, herri kirol ikuskizuna edota Lurdes Iriondo udal musika eskolako ikasleen emanaldia. Esandakoa, etenik gabeko jaia izango da. Ondo pasa!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!