Biteriren mendeurreneko ospakizun nagusia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 22a, 20:08

Azaroaren 17an hasitako egitarau zabalari maiatzaren 17an amaiera eman zitzaion. Bertan, Pedro Biteriren oroigarri izango den plaka bat jarri zen Azkorteko eraikinean.
Irakasle, irakasle-ohi, gonbidatu eta herritarren artean, han izan ziren hainbat udal hautetsi eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko ordezkaria.

Elizako kanpaiak eguerdiko hamabiak zirela jakinaraztearekin batera, Udaletxeko lehen solairuan kokaturiko batzar aretora igotzeko eskaileretan gora abiatu ziren Biteriren mendeurreneko ekitaldi nagusiari hasiera eman zion ekitaldi instituzionalean esku hartu zutenak. Irakasle, irakasle-ohi, gonbidatu eta herritarren artean, han izan ziren Maribel Vaquero, Iñaki Mendizabal, Gotzone Astiazaran eta Juan Mari Tomasena zinegotziak ere. Mertxe Zapiain Kultura eta Hezkuntza zinegotziak aurkeztutako ekitaldian, lehenik Arantza Laka Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Gipuzkoako ordezkariari eman zion hitza. Laka anderearen esanetan ez da batere erraza egiten gizartearen erronka denei hezkuntzatik erantzuna ematea. Lan hori gurasoekin eta gizarte osoarekin partekatzea nahitaezkoa dela adierazi zuen. Baita ere, esan zuen euskal mapa eskolarra egiteko orduan irizpideetako bat, oso interesgarritzat jo zuen “Egape proiektua” izan zela. Azkenik, Biteriri esker eraikitako eraikinak “xarma handia” izanagatik eraikin berria egiteko, Jaurlaritzako Hezkuntza sailak, Urnietako Udalarekin batera eman behar diren urratsak emateko prest agertu zen. “Urnietako hezkuntza publikoarekin zor bat daukagu”, esanez amaitu zuen bere hitzaldia.

BITERIREN URTEA
Sei hilabetez luzatu diren ekintza ezberdinen antolakuntzan laguntzaile izan den Eusko Ikaskuntzaren izenean, Garazi Lopez de Etxezarreta mendeurren honen harira argitaratu den “Urnietako Irakaskuntzaren historia laburra” liburuaren garrantziaz hitz batzuk egin ondoren, Manu Marias, Egape ikastolako bigarren hezkuntzako zuzendari denak hartu zuen hitza. Manuk, eskerrak eman zizkien mendeurreneko ekitaldietan modu batera edo bestera laguntzaile izan diren guztiei. Ekitaldi ezberdinek, ez dute izan berak nahi izango zukeen erantzuna herritarren aldetik, baina pozik agertu zen, orain, eta ekitaldi hauei esker, Urnietako biztanlegoak badakielako Pedro Biteri nor zen eta zer egin zuen herriaren alde. Baita ere, aurrean zituen agintariei eskatu zien, beharrezko diren etxeko lanak egin eta konpromiso serio bat hartzeko, behingoz, hain beharrezko den Bigarren Hezkuntzako eraikin berria lehenbailehen egin ahal izateko. Bukatzeko desio bat adierazi zuen “gaur hemen bildu garenok ea laster berriro biltzen garen, eraikin berria, eta irakaskuntza publikoaren Campus berria inauguratzeko”.
Azkenik Mikel Izagirre alkateak, antolaketan esku hartu duten guztiei eskerrak ematearekin batera, Pedro Biteri goraipatu zuen “irakaskuntza aberatsena bakarrik zen garaian, eskola publikoak eraikitzeari ekin zion”. Gogoan izan nahi izan zituen, baita ere, Egape ikastola sortzeko lehen pausoak eman zituztenak, eta lan oso interesgarritzat jo zuen argitaratutako liburua, “herritarrek memorian zutena, paperean gordeko delako”. Eraikin berria oso beharrezkotzat jo zuen eta lan egiteko prest agertu zen behar hori gauzatze aldera.

BERTSOAK
ETA GUZTI
Ondoren, trikitilariak alaitutako kalejira batean, Egape ikastolako Azkorte eraikinera zuzendu ziren. Biteriri esker, duela ehun urte egindako eraikinean, bere ohorezko plaka bat bistarazi zuten Arantza Laka eta Mikel Izagirrek. Ekitaldi xume bezain hunkigarrian, bertako ikasleen txalaparta eta bertso saioekin tartekatuz, Egape dantza taldeak ikuskizun bikaina eskaini zuen. Hona hemen ikasleek eskainitako bi bertso:
Orain ehun urte eraiki zuen
gure ikastola dena
generazio diferenteak
bertan bildu dituena
plaka handi bat jarriko dugu
hori delako zuzena
urnietarrek goraipatzeko
Pedro Biterin izena

Zahartutako eraikina da
eta berria nahiago
agintariei ari gatzaizkie
gero eta ozenago
mende luze bat pasa ondoren
Ikastola zutik dago
denon artean egin dezagun
beste mende bat gehiago

Ordu biak eta erdiak aldera, Oianume sagardotegian egindako bazkari herrikoian bildu ziren guztiak. Egunari amaiera emateko Sarobera gazte ugari hurbildu zen Instep eta herriko Cohen taldeen rock kontzertuarekin gozatzeko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!