Dark Avenue taldea Urnieta Rock jaialdian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 22a, 20:04

Musika talde heavy gisa definitzen dira, baina alor horretan haien zigilu propioa bilatzen dute. Saroben, lehen maketa aurkeztuko dute ostiral honetan. Kontzertu berezia, bereziki bi herrikideentzat, lehen aldiz joko baitute Urnietan. Dark Avenue-koak gogotsu datoz, Etsaiak eta Küm bezalatsu. Urnieta Rock jaialdia 22:30tik aurrera hasiko da.

Dark Avenue (iluntasunaren etorbidea) zer modutan islatzen da zuen musikan?
Raul Gil: Abestiren batek badu ukitu ilun bat, baina oro har talde alaia gara. Musika hea-vyaren barruan, giro ezberdinak lortzen saiatzen gara. Maketan musika heavy mota ezberdinak uztartzen saiatu gara.
Igor Rodriguez: Talde heavya gara, baina beste musika motak ere gustuko ditugu.

Zigilu propio bila beraz?
R.G.: Konturatu gara, teklatuan asko oinarritu behar dugula. Horrek ezberdinduko baikaitu neurri batean, gainerako taldeetatik.
I.R.: Musikagintzan ez dago ezer berritzerik. Baina ez dugu ezta, besterik gabe beste talde bat izan nahi.

Nondik sortzen da Dark Avenue?
R.G.: Taldea duela bost urte jarri genuen martxan. Bizitzako kontuengatik, aldaketa asko izan da, lan egiteko talde egonkor bat lortu gabe. Talde egonkor gisa urtebete daramagu. Oraingo taldeak asteburu osoa batera pasa genuen. Onerako eta txarrerako denok elkar ezagutu ginen.

Urnietan duzue orain entsegu lekua?
R.G.: Lehen, Donostian genuen lokala, futbol zelaiaren ondoan. Esperientzia txarra, beti Donostiara joan beharra izateagatik. Gainera lapurretak ere izan genituen. Zorionez, musikari lotutako ezer ez zuten eraman.
I.R.: Doan eta gainera, zerbait serioa egiteko bada, nik uste musika talde hasi berriak gehiago lagundu beharko liratekeela. Jende asko dago, tarte bat, aukera bat izatea nahiko lukeena.

Lokalaz gain, talde hasi berri batek bestelako zer laguntza falta izaten du?
I.R.: Ekonomikoa. Geuk erabiltzen dugun musika ekipo batek asko balio du. Ez dugu dirurik kontzertuetarako furgoneta bat baldintza onetan erosteko. Kotxez eramaten dugu guztia. Bizitza oso garesti dago, eta musika, zer esanik ez.
R.G.: Burgosen emanaldia eskaintzekoak gara eta mini bus bat alokatzekotan gara, musika ekipoa eramateko.

Maketa duela gutxi editatu arren, pauso garrantzitsua zuentzat?
I.R.: Maketak euskarria ematen dizu soilik, lagun artean banatzeko. Epe luzera ona da, dirua atera eta berriz xahutzeko. Hortik ateratakoa lehen diskoa grabatzeko erabiliko baita.
R.G.: Oinarri bat bezalakoa da. Orain dator gogorrena.

Lehen diskoa kaleratzeko datarik jar al dezakezue?
R.G.: Zorte pixka batekin, datorren urteko udarako. Hala ere, ezin da ziurtatu.

Kontzertu bezpera hauek nola bizi dituzue?
I.R.: Talde profesional batekin joko dugun lehen aldia da.
R.G.: Taldetik urdurien dagoena ni neu naizela uste dut, duela urte askotik izandako ilusioa baita. Asko sufritu dugu gauden lekura iristeko. Eta arrazoi ezberdinak tarteko, aurreko festatan ezin izan dugu emanaldia eskaini. Gertu ikusten dugu eguna, baina oraindik ez dut sinesten.

Emanaldi gehiago hitzartuak dituzue?
R.G.: Aesir musika taldearekin harremanetan gaude, ia bira txiki bat egin dezakegun Euskal Herri osotik eta Penintsula iparraldetik.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!