“Artelana egiten dut Gerra Zibileko irudiekin”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 22a, 20:01

Andoaingo sormen tailerreko irakaslea da Eduardo Arreseygor argentinarra aspaldiko urtetan. Baina irakasteaz gain, arte sortzailea ere bada. Leitzarango trenbideko eskultura-markesina edo Nafarroan herriz herri  egunotan ikusgai diren irudi tratatuak dira horren lekuko. Bere artelan batzuk Altsasun jarriko ditu erakusgai, ekaineko lehen hamabostaldian.

Urteak daramatzazu herriko gazteei plastika erakusten.
Eduardo Arreseygor. 1976an etorri nintzen Andoainera, eta berehala, nire emazte Margarita Oiartzunek eta biok sormen tailerra ireki genuen. Arte Ederretan marrazketako lizentziatura nekarren Argentinatik, eta hemen, Leioako unibertsitatean doktoratua atera nuen. Nire tesi doktorala haurrei zuzendutako didaktika plastikari buruzkoa izan zen. Plastika hezkuntzan apenas txertatuta zegoen garaian hasi ginen, eta gaur egun, diziplina askotarikoak dira gure klaseak. Buztingintza, marrazketa, pintura, argazkigintza, informatika, eraikuntza... denetik ematen saiatzen gara.

Tailerra artearen erreferente bihurtu al da Andoainen?
E.A. Instituzio txiki bat da herrian tailerra. Makina bat belaunaldi igaro da bertatik; seme-alabak bidali izan dizkigute askok, adinean aurrera joan ahala. 18 urte bitarteko gazteak hezten ditugu, barruan daramaten bokazio artistikoa motibatzeko, bideratzeko edo hezteko; euren sormen gaitasuna garatzen laguntzeko gaude. Azkenean eurak dira aurrera egiten dutenak edo bidean geratzen direnak. Tailerretik igarotako askok hezkuntza plastikoarekin zerikusia duten karrerekin jarraitu dute gero unibertsitatean; beste askok, berriz, marrazten jarraitu dute besterik gabe. Horrek guztiak erabat asetzen gaitu.  

Sormen lanak ere egiten dituzu. Leitzarango trenbidean iaz ipinitako eskultura-markesina da agian ezagunena.
E.A. Denetik egin arren batik bat marrazketa, pintura eta argazkia jorratzen ditut. Hala ere, markesinaren aukera eman zidan Udalak, eta ausartu egin nintzen. Nik diseinatu eta tailer okupazionaleko ikasleek soldatze eta antzeko lanak egin zituzten. Eskulturak estazio zaharra irudikatu nahi luke. Bere sabaian ferrokarrilaren silueta marraztuta dago. Horrela, ideia da eguzkia lurreko oinarrian proiektatzea; itzala trenaren espiritua bezala da, mugitzen doana ez argiaren abiadan, baizik eta eguzkiarenean. Egia esanda, efektu natural hori eguzkia ateratzen denean eguerdian ikusten da hobekien. Udako solstizioa da unerik aproposena. Dena den, udaberrian, udan zein udazkenean ikusi daiteke. Markesinaren ideia zabalagoa da hala ere, eta itxaroteko, esertzeko, aterpe hartzeko...  leku izateko ere diseinatua dago.  

Gerra Zibilarekin lotutako collage-ak egiten zabiltza buru belarri oraintxe.
E.A. Teknologi berriekin moldatzen naiz, argazki irudiak tratatzeko. Niretzat pintzela edo collage-a egitea bezala da. Gerra Zibilaren inguruko argazkiak jorratzen ditut, hain zuzen. Txiripa kontua izan zen ni kontu honetan hastea. Fuendetodosen (Zaragoza) ikastaro bat egiten ari nintzela 2001ean, Belchite herrira hurbildu nintzen. Gerra Zibilak txikitu eta bere horretan urtetan iraun duen herri bakarra izango da ziurrenik. Zirrara eragin zidan, eta argazki mordoa atera nuen. Gero etxean, ideiak bata bestearen atzetik sortzen joan ziren, eta irudiak transformatzen hasi nintzen. Aurrerago, beste zenbait irudi ere jorratu ditut (Gernika eta beste herrietako irudiak, San Cristobalgo gotorleku-presondegiko irudiak, Andoaingo fusilatu baten gutuna...). Era horretan, tamaina handiko artelan ugari egin ditut. Bide horretatik jarraitu nahi dut, eta gorpuen exhumazioen irudien inguruan nabil oraintxe.

Erakutsi al dituzu jendaurrean?
E.A. Iaz Buenos Airesen, Perez Esquivelek zuzentzen duen Artearen eta Memoriaren museoan jarri nituen ikusgai. Ondoren Belchiten, Teruelen eta Huescan egon ziren, memoria historikoaren aldeko jardunaldi batzuk zirela eta. Horietako artelan bakan batzuk orain Nafarroan, herriz herri dabiltza, hainbat artistek memoriaren autobusarekin batera antolatu dugun erakusketa ibiltariaren baitan.

Altsasun ekainaren lehen hamabostaldian ikusgai diren arren, Andoaindik gertuago inoiz ikusteko aukerarik izango ote dugu?
E.A. Jendaurrean jartzeko prest nago artelan horiek, edozein erakunde edo taldek interesik agertuko balu. Kontua da ez daudela pentsatuta artearen munduan indarrean diren zirkuitoentzat. Fashion-a da modan dagoena egun; aldiz, gizartean txertatuta dagoen arteak –memoria historikoari lotua kasu honetan- ez du interesik sortzen.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!