N-1 saihesbidearen behin betiko alternatiba onartuko da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 22a, 20:00

Bordaberri, Sorabilla eta Bazkardo auzuneetako biztanleentzat garrantzia handikoa da N-1 saihesbidearen alternatiben artean Andoaingo Udalak zein jarrera hartuko duen jakitea.
Azken ordukorik ez badago, Foru Aldundiarentzat Sestra enpresak aurkeztu zituen hiru alternatibaren artean Udalak C izenekoaren alde egingo du. Sorabilatarrak ere aukera horren aldeko dira.

Bazkardoraino doan Umeako autobidearen ibilbidea emeki-emeki eraikitzen ari dira, aurreikuspenak betetzen badira urte amaieran amaituta egongo da. Tamainako azpiegituren atzean garraioari dagokionez bakarrik dagoen beharra hain handia izanik, galtzeko denbora gutxi dago. Bazkardo Urumeako autobidearen eta N-1 errepidearen lotune bilakatuko da. Bada, Bazkardotik Sorabillara doan ibilbidea zehazteko burukomin ugari izan da. Sorabillatarrak eta Bordaberrikoak ez daude amore emateko prest eta hainbat bider kexu agertu dira informazio faltarekin. Haien ongizatearen alde agertu dira Andoainen egin diren hainbat bileretan. Udal batzarraldietan ere gai hau bera hizpide izan da sarritan, galde-erreguen atalean.

Foru Aldundiaren azterlana
2007ko abenduan Foru Aldundiak Andoaingo Udalari N-1 saihesbidearen behin betiko ibilbidea zehazteko hiru alternatiba ezberdinen azterketa aurkeztu zion. Ibilbidea zehazteko azken aukeratzat jotzen da eta hiru aukeren artean baten alde egin behar da ahalik eta azkarren. Bordaberrikoak kezkatuta daude saihesbidea auzunetik oso gertu igarotzen delako. Hori gutxi eta Plan Nagusiaren aurreproiektuaren arabera hainbat etxebizitza saihesbidearen eta industrigune baten artean kokaturik geratuko da. Bestalde, sorabillatarrak daude. Jakina da hauek ibilbidea etxeetatik urruntzeko zenbat lan egiten ari diren. Hasieratik hiru egitasmoen artean hirugarren aukeraren alde egin dute. Eta aukera hori bera lehenesteko erregutu diote Udalari. Bada, antza denez, horixe da ere Udalak lehenetsiko duen aukera.

Sorabillakoen gogoko aukera
Eta zer dio bada C izeneko hirugarren alternatibak? Hasteko, ibilbideari dagokionez, lau karrileko errepidea etxeetatik A aukera baino urrunago igarotzen da. Bazkardotik Sorabillaraino tunel bat eraikiko litzateke, ehun metrora iristen ez dena.  Aldundiak egindako azterlan teknikoan ingurugiro, ekonomia eta segurtasun irizpideak kontutan hartu ditu eta balorazio onena hirugarren aukerarentzat izan da. Udaleko bozeramaileen batzordea iritsi orduko Aldundia, Udal Gobernu taldea eta Sorabillako auzotarrak bat datoz C aukeraren alde egiterakoan. Ikusi behar, orain, azken erabakia eta erabaki horren ondorioz Andoaingo beste auzuneetako herritarrek zer dioten.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!