Santakrutzen balorazioa, Jai Batzordearen eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 22a, 19:58

Santa Kutz jaiak igaro dira, eta balorazioak egiteko garaian dabiltza orain. Jai Batzordeko Garikoitz Plazaola nahikoa gustura azaldu da jaiak nola joan diren ikusita.

“Balorazio baikorra egin behar dela iruditzen zait; beti dago, noski, zer hobeturik. Eguraldiak lagundu du egia esanda, nahiz eta harrigarria izan euririk gabeko Santakutzekin topatzea. Auzotarren artean-eta jaso ditugun komentariek ere jai borobilak izan direla diote“.
Eguraldia ez ezik, beste zenbait faktore aipatzen ditu Plazaolak, Santakutzek aurten izan duen arrakasta azaltzeko. “Festa hauek izaera kaletarra izan dute beti eta horri eusten zaio; kaleko festak dira, kalean ospatzen direnak”.
Herritarren partehartzea nabarmentzen du, beste ezeren gainetik, “parte hartzea izan da Batzordearen ardura nagusia beti; hor baitago gauzak ondo ateratzearen sekretua”. Parte hartze hori, bi zentzutan aipatzen du Garikoitzek. Ekitaldien antolaketa, batetik: “Ekitaldi gehienak herriko taldeek euren kabuz egindako ekimenei esker atera dira aurrera; gure zeregina koordinazio lanera mugatu da halakoetan”. Ekitaldi horiei herritarrek eman dien erantzun ona da Jai Batzordeko kideak baloratzen duen bigarren zatia.

AUKERA GEHIEGI
Ekitaldien ugaritasuna ere antzeman du jendeak aurtengo egitarauan; “etorri zaigu jende esanez ezin izan dutela zenbait ekitalditara agertu, denbora berean beste bat jarria zelako. Jakina, egunak ordu mugatuak baititu; hala ere, saiatzen gara ekitaldi batzuk besteak jan ez ditzaten”. Jende kopuru handia eta era guztietakoa ikusi da kaleetan zehar. Egunez gauez baino gehiago izan ote den galdetuta, hona erantzuna: “Larunbatean erruz ibili zen jendea baina, baina egia da gaueko jaitsierarena. Azken urtetako joera da, eta ez gure herrian bakarrik. Gizarte ohiturak aldatzen doaz, eta askok noiz atera noiz ez erabakitzen du, lehen ez bezala. Egoera berri horretara egokitzen ikasi beharko dugu, eta ahal diren neurriak hartu”.
Ikusmin handia sortu duten bi ekitaldi berri izan dira aurten: bizikleta xelebrea eta ezpatandatza. “Ikusmin handia sortu zuten batak zein besteak. Poliki irten zen bizikletarena, eta ikusten zaio etorkizunik. Ezpatandantza, berriz, Santa Krutz eguneko izaera ofiziala osatzera dator, ongietorria izan bedi”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!