Urnieta KE, asteburuko partiden kronikak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 22a, 19:55

URNIETA INFANTILAK    2
EUSKALDUNA    0
GOLAK: Ibai Guzman, Ander Goikoetxea.
    Kopa Urnietara eraman genuen. Jokalari guztiak oso pozik zeuden, emozionatuta. Benetan esperientzia zoragarria izan zen larunbatekoa. Ahaztezina. Testuingurua, aparta. Zubipen bi taldetako zale pila bat bildu eta giroa mundiala izan zen. Oihuak eta animoak etengabe entzuten ziren eta horrek finalari emozio pila bat eman zion.
    
    Garaipena urte bukaera zoragarri baten jarraipena izan da, mutilek lan handia egin dute nahiz eta kopa irabaztea betebeharreko helburua ez izan. Ume guztiek jokatu zuten eta denek bizi ahal izan zuten esperientzia ahaztezin hau.

Partidari dagokionez, lehen zatian andoaindarrak izan ziren baloiaren jabeak, baina inolako arriskurik sortu gabe. Urnietarrak finko eta seguru aritu ziren atzealdean eta honi esker atea hutsean utzi ahal izan zuten. Hala  ere, zati honetako erdialdean Euskaldunak baloia sareetara bidali zuen, baina epaileak jokoz kanpoko posizioa adierazi eta gola baliorik gabe utzi zuen. Urnietak ere ez zuen ia aukerarik izan, baina izan zuen bakarrenetakoa golean bihurtu zuen. Xabier Ansari egindako falta arriskutsu bat baliatuta, Ibai Guzmanek falta maisuki jaurti eta urnietarrak aurretik jarri zituen atsedenaldirako minutu gutxi falta zirela.

 Bigarren zatian gorritxoak hobeto aritu ziren. Atzealdean tentsioa mantentzeaz gain, kontraeraso politak sortu zituzten. Horietako batean, Ander Goikoetxeak area barruan baloia jaso eta zoragarri gurutzatu zion baloia gainetik atezainari. Talde urnietarraren bigarren gol honek min handia egin zien urdinei eta ezin izan zuten erreakzionatzerik izan.

Partida honela bukatu zen, eta final guztietan gertatu bezala, epaileak pitatu ondoren pozak eta negarrak batera dantzatu zuten Zubipeko futbol zelaian.

URNIETA KADETEAK    2
ALLERRU    1
Golak: Endika, Aramendi.
    Larunbatean jokatu zuten etxeko azken partidan garaipen polita lortu zuten Pabloren mutilek. Bi ateetan aukerak izan ziren lehenengo zati parekatuan, baina golik ez zen heldu ia bukaera arte. Kanpokoak aurreratu ziren eta segituan etorri zen etxekoen berdinketaren gola. Bigarren zatian ondo jokatuz jarraitu zuten gorritxoek eta beste gol batekin garaipena lortu zuten. Asteburu honetan igoera faseko azken partida jokatuko dute Deban. Zorte on eta zorionak.

Amaikak Bat–Urnieta
Maiatzak 24, larunbata, 10:30. Errotazar

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!