Urnieta KE: Iker Lizarralderekin solasean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 22a, 19:50

Futbolean, txanponaren bi aldeak ezagutzen ditu, erregionalen taldean jokalari eta infantil mailako taldearen entrenatzaile moduan baitabil. Bi zereginetan denboraldi bikaina burutu du. Hernaniarra sortzez, Urnieta gertuago sentitzen du kirol kontuetan. Bera, Iker Lizarralde da.



Entrenatzen duzun infantilen taldea finalera iritsi da. Pozik ezta?
I.L. Animo eta ilusio handiz. Alebin eta benjamin mailako taldeak entrenatu ditut aurreko urteetan. Baina hau nire lehen finala da. Neronek haiek baino ilusio gehiago dut.

Egindakoaren meritua ez da txikia. Denboraldi erdian hartu zenuen entrenatzeko ardura?
I.L. Abendu erdialdera, taldearen egitura berritu baitzen. Orain, gure entrenatzaile den Joseba Roteta infantil mailako taldean zegoen. Gure taldeko entrenatzaileak utzi zuen lekua Josebak hartu zuen. Orduan, nik hartu nuen infantilen taldea. Handik aurrera, bi jarduerak uztartzen ederki ibili naiz. Gainera, emaitzak infantil mailakoekin oso onak izan dira. Eta erregional taldearekin baita ere.

Taldearentzat erraza izan al zen abenduan izandako aldaketa?
I.L. Gaztetxoak dira. Hala izanda, lantzen diren edukiak oinarrizkoagoak dira. Metodologia mailan aldatu daitezke gauza batzuk, baina oro har ez da hainbesterakoa. Ni oso gustura nago eta haiek baita ere.

Honaino iritsita, entrenatzaile moduan zeure helburuak bete dira?
I.L. Egia esan ez nuen helbururik finkatu. Jokalarien adina eta haien beharrak kontuan hartuta, banekien zer landu eta zer ez. Ez dituzte erregional mailako jokalarien edukiak landu. Adibidez, argi nuen hasieratik garrantzia emango niola baloiari. Abendutik hasita orain arte, ariketa guztiak baloiarekin egin ditugu. Agian arlo fisikoari ez diogu garrantzirik eman, nire ustez, adin tarte horretan baloiaren tratamendua eta senidetzea  landu behar direlako.

Emaitza onek gaztetxoak gustura sentiarazten lagunduko zuten?
I.L. Emaitza guztiak positiboak badira, jende guztia jokatzen ari bada, denak golak sartzen, giro ona izanda, denak entrenatzera etorrita... Zentzu horretan, egoera positibo horrek gora igo eta gehiago motibatzen zaitu.

Denboraldi hasieran erregionalen taldean kirol urte on bat burutzeko aipatzen zenituen giltzarriak defentsa eta talde giro ona ziren. Eta premisak bete dira?
I.L. Bai. Aurten ez ditugu partida asko irabazi, baina asko berdindu ditugu. Azkenean defentsa sistemak funtzionatu du. Hortik atera ditugu puntu pila bat. Gainera giro ikaragarri ona egon da entrenamendu saio guztietan, jende asko etorri da. Zailtasun handiekin baina oso ondo, aurrera atera dugu taldea.

Zer moduz amaitu duzue denboraldia?
I.L. Aitortu beharra dugu ez ginela ondo hasi, aurredenboralditik. Ez zen planteamendu onegirik egin. Nik esango nuke txarra izan zela. Beharrezkoak ziren aspektu batzuk alde batera utzi genituen, eta nahiz eta hasiera ona izan, argi zegoen proiektu hori ez zihoala inora. Entrenatzaileak utzi zuen eta handik aurrera, pixkanaka landu behar ziren aspektuak hasi ginen lantzen eta pixkanaka, kostata buelta eman genion. Aurre denboraldi on bat egiteak berebiziko garrantzia du, denboraldi osoaren oinarria baita. Eta hori gaizki eginez gero, oso zaila da buelta ematea. Eskerrak defentsan ondo ibiltzen ginen, bestela akabo.

Urnietako futbol taldean buru belarri zabiltza, hernaniarra izanik?
I.L. Hemen etxea erostea falta zait. Joseba Rotetaren lana ere goraipatzekoa da infantilekin. Nabaritzen da oinarri polita zutela. Lan hori hartu eta garatu dut. Baina esan beharra dago, finala ez zela helburu bat. Helburua ez da arrakasta, arrakastarako bideak sortzea baizik.

Hurrengo denboraldiari begira, zer asmo dituzu jokalari eta entrenatzaile moduan?
I.L. Bi lanetan jarraitzea. Argi dago, denboraldi honetan erregionalen taldean gertatutakoa ezin dela errepikatu, inondik inora. Entrenatzailea ezagutzen dugu eta hori oso garrantzitsua da. Izan ere, azken urteetan, nahiko egoera ezegonkorretan egon gara. Egonkortasuna behar dugu, eta badirudi izango dugula. Josebak esperientzia handia du, jokalaria izandakoa da. Oso pozik gaude berarekin eta nire ustez, aurten gauzak ondo egingo dira.

Futboleko lehen taldeak aurredenboraldia abuztuaren lauan hasiko du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!