Arregi eta Gerestaren inguruan, Udal akordioa

Atzo iluntzean Zizurkilgo Udalean eginiko batzarrean, besteak beste, iragan apirilaren 14ko osoko bilkuran Joxe Arregi eta Joxelu Geresta "Ttotto" izenak plazari kentzea eta monolitoak herritik kentzearen ildotik, akordioa egin zuten; Arregi eta Ttottoren kasuak aztertzea eta familiartekoen sufrimendua kontuan hartzea onartu ziren.


Aho batez onartu zen Udalbatzaren erabakiaz gain, botoa azaltzerakoan EAJ-PNV eta EA udal taldeek biktima guztien oroimenez egin zitekeena aztertzeko batzorde bat osatzea proposatu zuten, 2007ko urrian Eusko Legebiltzarrak egindako Terrorismoaren Biktimei buruzko bilkura monografikoak erabakitakoaren ildotik.

Bilkura hartan erabakitakoaren artean,”Eusko Legebiltzarrak ondoko jarrera garatzeko eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari:

Giza Eskubideen Zuzendaritzaren aldetik indarkeria politikoaren ondorioz giza eskubideen urraketa jasaten duten beste biktima batzuen egoerari buruzko txosten zehatza eta sakona diseinatu eta prestatzeko, biktimen identifikazioari arreta berezia eskainiz, eta hauen aitortza moralari erantzuna eta ordaina emango dieten neurrien azterlana.”

ETAk sortutako biolentziak ezingo luke inoiz izaera politikoko bestelako biolentziarik justifikatu, ezta ezkutatu ere, esaterako gerra zikineko ekintzak edo torturak, herri honetako herritarren aurka zigorrik gabe praktikatu izan direnak.

Horregatik, Zizurkilgo Udalak, Legebiltzarreko agindu horri jarraituz, eta biktima batzuen oroimenarekiko errespetuak ezin ditzakeelako inoiz zalantzan ipini egia jakiteko, justizia izateko eta jasan ahal izan dituzten eskubideen urraketa larriak garbitzeko beste pertsonek duten eskubidea, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzari eskatzen dio :

1) Joxe Arregi Izagirreren (komisarian jasandako tortura bortitzen ondorioz 1981eko otsailean Madrilen hildakoa) eta José Luis Geresta Mujika "Ttotto"ren (nahikoa argitu ez diren zirkunstantziatan 1999ko martxoan tiro batez hilda agertu zena) kasuak azter ditzala, txosten horretan sar daitezen.

2) Horretarako, familiartekoen testigantza jasotzeko aukera balora dezala, aitortu behar zaien sufrimendua jasan baitute haiek ere.

Mozioa onartua izan zen EAJ/PNVko bost zinegotzien eta EAko bi zinegotzien aldeko botoekin eta PSEko zinegotzien aurkako beste birekin. PPko eta Ezker Batua-Berdeak/Aralarko zinegotziak ez ziren plenoan izan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!