Miaketa lanak amaitu dira Andoainen eta Bordelen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 21a, 11:57

Eguerdiko ordubatak aldera Goardia Zibilen ibilgailuak Joxean Barandiaranen etxera iritsi eta iluntzeko zazpirak arte miaketa lanetan aritu ziren, Barandiaran bera aurrean zela. Ainhoa Ozaeta, Jon Salaberria eta gainerako bi kideak atxilotu zituzten etxearen miaketa goizaldeko hiruretan amaitu da.

Madrilera eraman dezakete Joxean Barandiaran alkate ohia aste honen amaieran Ismael Moreno epailearen aurrera deklaratzeko.

Polizia iturrien arabera, astearte gaueko polizia operazioan ETAko buruzagitza atxilotu zuten. Eta gaur goizean, Joxean Barandiaran Andoaingo alkate ohia. Goizeko lehen orduetan informazioa nahasia zen. Komunikabideak atxiloketaren berri ematen ari ziren bitartean, alkate ohiaren senideek albiste horren berri ez zutela zioten. Bezperan Bordelen atxiloturikoekin bilduta egon izana leporatzen omen diote Barandarani. Zehazki, orain egun gutxi Lopez Peña eta Barandiaran bilduta egon zirela dio poliziak

AINHOA OZAETA
Pasa den astearte gauean Frantziako Gendarmeriak Bordelen egindako polizia operazioan hainbat euskal herritar atxilotu zituzten, tartean Ainhoa Ozaeta Mendikute andoaindarra.
Ozaeta 1999-2003 udal agintaldian EH alderdiko zinegotzi izan zen Andoainen.

Harekin batera, polizia iturrien arabera beti ere, atxilotutako beste hiru euskal herritarrek ETAko buruzagitza osatzen zuten. Tartean aurkitzen da Jon Salaberria donostiarra, Euskal Herritarrok alderdiko parlamentari ohia eta deboraldi batez Andoainen bizi izandakoa.
Komunikabideetan agertutakoaren arabera, polizia Lopez Peña “Thierry”ren urratsak jarraitzen ari zen azken egunetan. Antza denez, poliziak bazekien gizoneko honek atxiloketak burutu ziren etxebizitza erabiltzen zuela eta ETAko buruzagitza bilera egiten ari zen unean hasi omen zen polizia operazioa. Polizia sartu zenean etakideren batek ihes egin omen zuen.

JOXEAN BARANDIARAN
Ozaeta atxilotu eta biharamunean Espainiako poliziak Andoaingo alkate ohia atxilotu zuen, Frantzian atxilotu zituztenekin bileraren batean parte hartu izanaz leporatuta.

Atxiloketak salatzeko, asteazken iluntzean asanblada eta manifestazioa deitu zituzten. Hurrengo egunetan ere asanbladak egingo dituzte, Zumea plazan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!