Eskualdeko gazteak eskolarteko bertso txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 20a, 19:32

Alegiako Iñaxio Begiristain Kultur Etxea leporaino beteta zela burutu zen eskolarteko kanporaketa. 200 bat ikusle, bertsolari gazteenen trebeziaz gozatzeko asmoz.

Bi mailatan izan ziren eskualdeko ordezkariak eta lan bikaina egin zutela esan daiteke. 14 urte azpikoetan Ordiziako bertso eskolako bi kiderekin batera osatu zuten taldea Asteasuko eskolako Maddi Labaka eta Haritz Mujikak. Hiru talde izan ziren guztira, Urretxu-Zumarraga eta Alegiakoak aritu ziren kantuan eskualdekoekin batera. Gaztetxoena saio bizia izan zen, gaiari erantzunez bota zuen bertsoa Labakak eta lau oinak emanda aritu zen Mujika.

Oihana Iguaranen lana
Gaztetxoen saioaren ostean, 18 urte arteko zazpi bertsolari igo ziren oholtzara. Tartean, Oihana Iguaran amasarra eta Asteasuko bertso eskolako kide den Ane Labaka. Lehen bi aulkietan esertzea egokitu zitzaienez, elkarrekin aritu ziren ofizioetan eta gero lau oinak emanda, puntuari erantzunez eta bakarka jardun behar izan zuten. Anek bere ohiko segurtasunari eutsita, saio polita egin zuen. Nabarmentzekoa da, ordea, Oihana Iguaranen lana. Ohikoak dituen urduritasunak gaindituta, ale ederrak utzi zituen, puntu erantzunean, irristada txiki bat izan zuen arren. Amaia Agirre irakaslea pozik geratu da gazteen lanarekin. “Oso lan ona egin zutela uste dut. Ez dakigu zer gertatuko den baina, egindakorekin pozik egoteko moduan dira”.

Finala Iruran
Izan ere, maiatzaren 30ean Iruran jokatu den Gipuzkoako eskolarteko finalera nor joango den ez da jakingo azken kanporaketa amaitu arte, orduan emango baitute puntu guztien berri. Kontuak kontu, pozik egoteko moduan dira eskualdeko bertsolari gazteak, bertsotan jendaurrean egiten badakitela ederki erakutsi baitute.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!