Bertsolarien itzalean, ezinbesteko lana

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 20a, 19:31

Leitzan bizi den Unai Elizasu altzatarra da uneotako gai jartzaile ezagunenetako bat. Gai jartzearen sekretuez hitz egin du Aiurrirekin.

Nola sartu zinen gai jartzaile munduan?
Lehenik eta behin, bertso munduan sartu nintzen. 16-17 urte nituela, bertsoarekiko kuriositatea piztu eta Altzan bertso eskola sortu genuen. Orduan gaiak jartzen hasi nintzen urtean behin, Altzako Santa Ixabel jaietan. Bertara etorri ohi ziren bertsolariek esan zidaten beste herrietan ere gaiak jartzera animatzeko, eta horrela hasi nintzen. Hamar bat urte izango dira herriz herri gaiak jartzen hasi nintzenetik, nahiz eta gehienbat azken hiruzpalau urteetan ibili naizen.

Urteen esperientziatik, zure ustez zer ezaugarri behar ditu gai jartzaile on batek?
Lehenik eta behin, bertsolaritzaren ezagutza. Bertsolariekin egon behar du, euren kezken eta iritzien berri izan eta nolabait bertso munduan egosten den horren jakitun izan behar du. Gero, gai jartzaileak jakin behar du gai bakoitza bertsolariari, giroari, lekuari, orduari eta herriari egokitzen. Ez da gauza bera saio bat herriko festetan edo beste ekitaldiren baten aitzakian izan, frontoian edo antzokian izan… Gai jartzaileek zenbat eta informazio eta elementu gehiago kontrolatu, are hobe. Horrez gain, oholtzan lasaitasuna behar du, nolabait plaza gizona izan. Eta azkenik, noski, sortzailea izan behar du, sorkuntza da gai jartzea. Nik sortzailetzat dut nire burua. Horretarako berezkoaz gain, landu  egin behar da, eta gaiak sailkatzen ere jakin behar da. Ez dago eskema zehatz bat sailkatzerakoan. Saio laua ez egiten saiatu behar duzu, gorabeherak egon daitezela bilatuz, eta ahal bada in crecendo, behetik gora joan dadila saioa. Esaterako, ezin dira hiru gai serio segidan jarri, badakizulako jendea “hozteko” arriskua dagoela.

Zenbateko pisua du gai jartzaileak saio batean?
Ehuneko ehunekoa. Arrazoia argia da, gai jartzailea edozer gorabehera delako ez bada saiora azaltzen, bertso saio hori guztiz hankamotz uzten du. Hori bai, gai jartzaileak bere lana egitera mugatu behar du. Nik gure lana pilota hautatzailearekin alderatu izan dut, guk pilotak jartzen ditugu eta partida bertsolariek jokatzen dute, baina pilotak izan litezke txarrak, balekoak eta onak, eta partidak ere horrek baldintzatuko ditu, neurri batean.

Euskal Herriko gai jartzaile ofiziala zarela esan al daiteke?
Ofiziala ez, beste gai jartzaile bat gehiago naiz ni. Egia da asko ibiltzen naizela. Arrakastaren gakoa zein den? Nik uste dut batez ere bertsolarien konfiantza irabazi izanaren ondorio dela. Saio bakoitza lanketa sakonaren ondorio da eta bertsolariek hori ikusi eta eskertu egiten dute. Gero, ezaguna telebistak ere egiten zaitu, nik prestatutako ariketa bereziren bat Hitzetik Hortzeran ateratzeak bultzatu nau plaza gehiago egitera.

Zuk asmatutako bertso jokoek eman dute zer esana …
Bai, baina beti garbi eduki behar da joko horiek ez direla saioaren oinarri, bertsoaren amaierekin edo hizkiekin egiten diren jokoak jendearentzat gustagarriak dira, baina bertsolaritzari ez diote ezer handirik eskaintzen. Hau da, futbol partida batean norbait biluzik ateratzen denean bezala, jendeak barre egingo du baina partidari ez dio ezer eskainiko. Horregatik, saio bakoitzean horrelako bat jartzearekin nahikoa da.

Gai jartzailearen aulkitik izeneko bloga jarri duzu martxan. Zer dela eta?
Kezka baten ondorio izan da. Gaiak jartzeak lanketa prozesua eskatzen du baina, prozesu hori ez da ezagutzen. Jende askok jartzen ditu gaiak, batzuk urtean behin soilik, eta irudipena nuen batzuetan jakintzat eman ohi ditugun gutxiengo arauak  ez direla betetzen. Esaterako, bertso kopuruaren kontrolean. Ez dakienak egin dezake sei bertsolarirekin 50 minutuko saio bat eta edo laurekin bi ordukoa. Nire blogak laguntza  izan nahi luke jende horrentzat, nolabaiteko arau batzuk jakiteko gune bat. Gero eztabaida gune bat ere bada, gai jartzaile jardueraren inguruan iritziak trukatzeko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!