Herri arteko pilota txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 20a, 19:28

Aretxabaletaren aurka jolastuz hasi zuen Asteasuko taldeak herri arteko pilota txapelketa. Garaipen erraza lortu ondoren, Ataun izan zuen arerio final zortzirenetan, eta ezin izan zuten aurrera jarraitu.

Ibon Iraola eta Xabier Urbieta kadeteak, Jon Urbieta eta Julen Urruzola jubenilak eta Josu Iraola eta Aitzol Txapartegi nagusiak lehiatu ziren Asteasuko taldean. Jon Ander Artaza kadetea eta Jexux Mari Maioz, nagusien mailan, ordezkoak izan ziren. “Asteasu bezalako herri txiki baterako, oso talde ona osatu dugu eta gustura gaude egindakoarekin. Aretxabaletaren aurka erraz irabaztea lortu genuen, sei partidetatik bost irabazita. Ataunen aurkako itzulerako partidan ez genuen gure maila eman eta haiek indartsu aritu ziren. Jubenil mailako Julen Urruzolak, gainera, eskuko minez jokatu zuen, lesionatuta, eta horrek dena zaildu zigun”, azaldu du Joxe Mari Urruzola, taldeko delegatuak.


Aldapa gora jarri zitzaien kanporaketa final zortzirenetan. Asteasun jokatutako joaneko partidetan, kadete mailako pilotariek 22 eta 19ko emaitzaz galdu zuten, oso partida estuan. Jubenilek 22 eta 12 galdu zuten eta nagusiek 22 eta 14 irabaztea lortu zuten. Itzuleran bi partida irabazi eta kontran zituzten bost tantoko aldea berreskuratu beharra zuten: “Itxaropena mantendu arren, bagenekien lan zaila zela. Kadete mailako partida oso estua izan zen, baina 22 eta 18 galdu zuten. Jubenil mailan, berriz, oso markagailu garbia izan zen Ataunen aldeko 22-2ko emaitza eta helduen mailan 22 eta 10 irabazi zuten asteasuarrek”, dio Jexux Mari Maiozek.

Giro bikaina
Pilotalekuan sortzen den giro berezia ere azpimarratu nahi izan dute, “jende asko biltzen da. Herri arteko txapelketak badu xarma berezia eta hori nabaritu egiten da pilotalekuan. Norberaren herrian jokatzea egokitzen denean, tentsio eta presio puntu bat ere eransten dio”, aipatu du Urruzolak.


Datorren urteko txapelketari begira jarri beharko dute orain asteasuarrek, “taldean aldaketak egin beharko dira, adina dela eta jokalari batzuk kategoriaz aldatuko direlako. Herri txikietan ez da erraza ordezkoak aurkitzea baina, saiatuko gara”.

 

Andoain azken unera arte borrokan aritu zen 
Asteasuarrekin batera aurtengoan ere Amasa-Villabonako pilotariak lehian aritu dira. Azken urteotan maila bikaina eman duen Andoain herriak ere Elgoibarren aurka jokatu zuen azken partida.

Andoain herria joanekoan bi partida galduta itzuli zen etxera, baina markagailua irauli eta aurrera egiteko itxaropenarekin. Astebeteko epean pilota taldearen inguruak egindako lan handiari esker herritarrez bete zuten Arrate pilotalekua, lepo bete zen garaipenean laguntzeko prest. Ondo hasi zuten etxekoek itzulikoa. Lehen partida 22-0 markagailuan eta berdinketaren bila zuzen abiatu ziren, zaletuen babesarekin. Ez zen erraza izango baina ez zuten etsi azkenera arte. Azken partidan jokatu zen norgehiagoka, hor erabaki zen txapelketan nork aurrera egin. Oñatz Gonzalezek esku bat bota nahian jokatzeko borondatea agertu zuen. Eskuderorekin batera atzelari modura irten zen Gonzalez eta partidaren erdialdera postuz aldatu eta markagailuak berdinketa adierazi zuen azken aurreko tantoan: 21-21. Emozioa bizi-bizi eta giroa gori-gori. Azkenean talde bakarrak egin zuen aurrera eta zortea Elgoibarren alde agertu zen. Lastima, baina harmailak beteta eta jokalariek duten guztia emanda ezin gehiago eskatu. Gauza zirraragarria izan zen, gozoa. Animoak denei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!