Pottok zalditegiko kideak ikuskizun berria prestatzen ari dira

Zizurkilgo Pottok zalditegiko lagunak entseguetan murgilduta dabiltza azken asteotan. Izan ere, uztailaren 25ean ikuskizun berezia eskainiko baitute Zubietako hipodromoan. Duela bi urte Zizurkilen egin bezala, zaldiak, musika, argiak eta olerkia uztartuko dituzte.

Duela bi urte sortu zitzaien Pottok zalditegiko lagunei ikuskizun bereziren bat antolatzeko gogoa. “Mirari Irurtzun biolinjolea eta biok hasi ginen ideiari bueltak ematen. Polita iruditu zitzaigun musika eta zaldiak uztartuko zituen zerbait egitea eta pixkanaka, proiektuari forma ematen hasi ginen. Lehendabiziko ikuskizun hura Zizurkilen bertan eskaini genuen eta oso esperientzia polita izan zen guztiontzat”, azaldu du Pottok zalditegiko Nerea Asurmendik.


Zizurkilgo saio hura bideoz grabatu eta lagunen artean banatu zuten. Zubietako hipodromokoek ere jaso zuten ale bat: “Asko gustatu zitzaien eta aurten han egiteko proposamena luzatu ziguten. Harrituta hartu genuen proposamena, baina oso gustura. Lehendabiziko hartan parte hartu zuen jendearekin hitz egin eta gehienak animatu dira. Uztailaren 25ean egingo dugu saioa, 22:30etan Zubietan. Hipodromoa oso handia denez, mugatu egingo dugu ikuskizunerako eremua; peloussean egingo dugu”, gaineratu du.

Zuzeneko musika
Argi bereziak, musika eta zaldiak uztartzen dituen ikuskizuna da eskainiko dutena. Berrogeita hamar minutu inguru iraungo du eta bost zati ezberdinetan banatu dute. “Txalaparta, soka boskotea, dozena bat zaldi, olerkiak, haurren abestiak..., gutxi gorabehera hogeita hamar pertsona izango da ikuskizunean. Zizurkilen egindako ikuskizunaren ildo beretik joango da”, dio ikuskizunean parte hartuko duen Maria Garciak.
“Aurrekoan buru-belarri ibili ginen entseguetan eta prestaketa lanetan. Dena berria zen eta ordu asko eskaini genizkion. Zubietako saioa prestatzeko hilabete inguru daramagu entseguetan eta data gerturatzen denean denbora gehiago eskainiko diogu ziurrenik. Lehendabiziko saio hura bezain ondo edo hobeto ateratzea nahiko genuke”, dio Ainhoa Gonzalez zaldun gazteak.

Esperientzia ona errepikatzeko gogoz
Jende ugari hurbildu zen Zizurkilgo saioa ikustera: “Oso gustura aritu ginen, egindako lanarekin pozik, eta ikusi zutenek ere oso harrera ona egin zioten ikuskizunari. Saio borobila atera zen. Hemen inguruan horrelako zerbait egiten zen lehendabiziko aldia zen eta jendeak harriduraz hartu zuen. Egia esanda, horrenbeste lan egin ondoren, jarraipena emateko gogoz geratu ginen eta uztailean izango dugu horretarako aukera”, diote Nereak eta Mariak.


Uztailaren 25ean izango dute ikuskizun hura berriz eskaintzeko aukera. “Ez zaigu gehiegi kostatu jendea berriz ere biltzea. Jende berria ere animatu zaigu eta aurrekoan haur ziren batzuk helduekin arituko dira oraingoan”, diote.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!