Musikarekin gozatuz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 20a, 19:23

Musika eskolan helduek ere badute tarterik. Beste hainbaten artean, Pilu, Julian, Jabi eta Ana musika-tresnak jotzen ikasten ari dira.
 

Pilu Garmendia aurtengo ikasturtean hasi da musika eskolan, “lehendik solfeoa ikasten ari zen taldearekin hasi nintzen eta, ondorioz, saiatu egin behar izan dut haien erritmoa jarraitu ahal izateko. Hala ere, baten eta bestearen laguntzarekin ondo moldatu naiz. Egia esan, hasiera batean ez neukan solfeoan izena emateko asmorik; zuzenean musika-tresnarekin hasi nahi nuen. Orain oso gustura etortzen naiz: partiturak irakurtzen jakitea erakargarria da eta solfeoa gustatzen ari zaidala konturatu naiz”. Solfeoaz gain, gitarra klasikoa jotzen ere ikasten ari da, “solfeoan seiko taldea biltzen gara. Bakoitzeko ordu laurden eskaintzen denez, ordu eta erdiko eskolak izaten ditugu. Musika-tresna jotzen ikasteko, berriz, astean ordu erdi izaten dugu bakarka irakaslearekin. Tarteka, binaka edo hirunaka elkartzen gara eta, modu horretan, badirudi probetxu gehiago ateratzen diogula eskolari. Asko motibatzen du musika-tresna beste taldekideren batekin batera jotzeak”. Betidanik gustatu izan zaio Piluri gitarra, “nahiz eta, orain arte, ez nuen sekula jo. Zerotik hasi naiz, zero-zerotik; ia gitarrak zenbat soka zituen ez jakitetik. Oso gustura etortzen naiz, gero eta askeago eta lasaiago sentitzen naiz”. Aurreratu ahal izateko eskolako orduetatik kanpo, etxean jotzea ere nahi eta nahi ezkoa dela uste du, “Gogokoen ditugun kantu motak ikasten ditugu gitarrarekin. Kantu horietako asko gure mailara egokitzen ditu irakasleak. Nik behinik behin, oraindik ez ditut zailtasun handiko kantuak jotzen”.

Dultzainaren indarra
Julian Iartza duela hiru urte hasi zen solfeoa ikasten, “ni ere zerotik hasi nintzen. Ez nuen solfeoaz ideiarik ere. Musika-tresna jotzen hasi aurretik, ordea, ikasi egin behar dira notak. Aurretik abesbatzan ibilia nintzen arren, ez nekien noten izenak esaten. Banekien gora eta behera zirela baina, gehiagorik ez”. Hasieran zaila egin zitzaion solfeoa, “oso aldrebesa iruditzen zitzaidan. Burugogortuta ibili nintzen”. Oinarria ikasi  eta denbora batera, dultzaina ikasteari ekin zion. “Musika-tresna bat aukeratzeko gomendatu zidan irakasleak. Trikitixarekin jende asko zebilela eta dultzaina hartzea erabaki nuen. Ezpainetan indar pixka bat izatea eskatzen du dultzainak: ezpainak ondo estututa edukitzea eta denbora guztian tentsioarekin mantentzea. Bestalde, arnasak ere garrantzia handia du. Alde horretatik ez zait zaila egiten. Zailagoa iruditzen zait notekin asmatzea. Trabatzen edo nahasten zarenean, noten ordez garrasi moduko bat ateratzen du, zakurrak ere beldurtzeko modukoa. Afinatutako hotsak politak dira belarrietara baina, desafinatutakoan, adios”. Pixkanaka ari da Julian dultzaina gobernatzen ikasten, “poliki, ez da batek nahi duen bezala”. Euskal kantuak jotzen ditu, “kalejirak, fandangoa… Dultzaina dantza egiteko musika-tresna da, kalekoa: hots handia baitu”.

Biolina eta marinba
Jabi Tolosak bazuen maila pixka bat solfeoan, “egia esan nahiko ahaztuta neukan, baina lehendik, zertxobait banekien. Duela hiru urte hasi nintzen berriro”. Solfeoarekin hasi eta denbora gutxira biolina jotzen ikasteari ekin zion, “betidanik gustatu izan zait biolina baina, ez nuen inoiz jo”. Instrumentu polita bai, baina, jotzeko zaila dela dio; “jotzen hastean ez daukazu batere erreferentziarik, asmatzen baduzu ondo, bestela…”. Hiru urte eta gero, aurrerapena nabaritu du. Hala ere, denborak musika-tresna ondo jotzen ikasterakoan garrantzia handia duela uste du, “arazo handiena, egunean tresna jotzeko tartea hartzea da. Ordu erdian gauza asko ikasten da eskolan baina, etxean lantzen ez baduzu, ikasitakoak ez du ezertarako balio”. Kantuen errepertorioa irakasleak bideratzen du. “Denetarik jotzen dugu. Kantu bat amaitu eta gero, bestea proposatzen du irakasleak”.
Ana Flaño, Julian eta Jabirekin batera, duela hiru urte hasi zen solfeoa ikasten, “hirugarren ikasturte honetan konturatu gara benetan zer ikasi dugun eta solfeoak zertarako balio duen”. Gerora perkusioa aukeratu zuen, jotzea oso erraza izango zelakoan. “Denborarekin, ordea, uste hori egia ez zela jabetu naiz. Erritmoa da nagusi perkusioan: erritmoa eta erritmoa. Musikaz ezer jakin gabe, erritmoa jarraitzea oso zaila da. Perkusioaren barruan, marinba aukeratu nuen eta noten bidez jotzen denez, erritmo hutsari jarraitzea baino zertxobait errazagoa da”.

Hasieran, erdi lotsatuta
Anaren etxean denek jotzen dute musika-tresnaren bat, bi alabek eta senarrak. “Nik ez neukan ideiarik ere. Orain niretzat denbora gehiago hartu dudanez, alde batera utzitako irakasgaia lantzea erabaki nuen. Lehen urte hartan juxtu-juxtu osatu zen taldea baina, aurrera egitea lortu genuen”. Jabik, hasieran, biolina hartuta etxetik ateratzeak lotsa ematen ziola aitortu du. “Ikusten ninduenak semearena izango zela pentsatuko zuelakoan jarraitzen nuen aurrera. Behin ohitutakoan, atzean geratzen da lotsa”. Pilu ere hasieran, erdi lotsatuta ateratzen zen gitarrarekin, elizaren atzean erdi gordeka. Behin ikasten hasitakoan gogoak gora egiten duela aipatu du, “orduan eta gehiago ikasi, orduan eta gehiago jabetzen zara ikasteko geratzen zaizun guztiaz. Haurrek ikasteko erraztasun handiagoa dute helduek baino. Askotan haurren bat-batekotasuna falta zaigu helduoi”. Jabi bat etorri da Piluren esanarekin, “hala ere eta gehiago kosta arren, pozgarria da emaitza ikustea. Gogo onez etortzen gara”. Anak irakasleen lana azpimarratu nahi izan du, “motibatzen eta laguntzen saiatzen dira eta asko eskertzen da hori”.

Inoiz ez da berandu
Musika-tresnak jotzen ikasteko ere inoiz ez dela berandu adierazi eta erakutsi dute elkarrizketatuek. Julianek, dudan dabilenari izena lehenbailehen emateko esango lioke. “Gogoa baldin badu, dudarik gabe has dadila”. Txikitan zenbait gauza egitera behartzen gaituztela uste du Piluk, “heldua zarenean, berriz, nahi duzuna egiten duzu eta zure burua gainditzera etortzen zara”. Etorkizunera begira, eskoletan musika tresna ezberdinak elkartuta jotzea gustatuko litzaieke. “Aurtengo ikasturtean zaila izango da baina datorrenean, talde instrumentala osatzea gustatuko litzaiguke”, azaldu du Jabik. Taldean jotzeak indar gehiago duela uste du Anak, “musika-tresnarekin zure burua bakarrik ez ikusteak, animatu egiten zaitu”. Gainera, talde lanean askoz ere gehiago aurreratzen dela uste dute.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!