Burdina taldearen egitasmo potoloa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 20a, 19:15

Elkarteak Leitzaranen meatzaritzaren inguruko parke tematikoa burutzeko asmo sendoa dauka. Berriki, Foru Aldundiaren oniritzia eskuratu du. Dagoeneko Andoaingo eta Villabonako Udalek egitasmoaren berri dute.

Herri ekimenari esker Leitzaran haranaren ondarea ahanzturatik aldendu eta berreskuratzeko pauso eraginkorrak ematen ari dira azken aldi honetan. Auzolanean bideak eta kokaguneak garbitzen eta berreskuratzen ari dira taldeka antolatutako bolondresak. Berastegin lan hori txukun egiten ari da Aldin elkartea. Andoain aldean, berriz, ekarpen izugarria egiten ari da Burdina taldea. Urtea indartsu hasi dute, martxoan burutu zuten Batzar Nagusiarekin bereziki. Orduko batzarraldi horretan egitasmo potoloa mahai gainean jarri zuten: Parke tematikoa eraikitzea. Eskualdeko biztanleek eta bisitariek, oro har, beren begietatik ikus dezaten garai bateko meatzarien ogibidea nolakoa zen. Horretarako berreskuratze lanari ekitea proposatu zuten:  karobiak eta meatzategiak berreskuratzea, orduko lan tresnak txukuntzea, meatzarien lantoki zen eremuaren inguruan ibilbide erosoak egokitzea... Bi hitzetan, beste eremu eta alor batzuetan bogan jartzen ari diren parke tematikoa sortzea

Zalantzarik ez, egitasmoa gauzatuz gero, Leitzaldeko, Tolosaldeko eta Beterriko zerbitzu alorrerako bultzadatxo berri bilakatuko dela.

Foru Aldundiaren harrera
Burdina taldekoak ez dira eskuak gurutzatuta geratzeko jaio eta Batzar Nagusia igaro eta egun gutxira, Foru Aldundiko kultur diputatu den Maria Jesus Garmendiarekin bildu ziren egitasmoa aurkeztu asmoz. Eta bilera amaitu ondoren pozik agertu ziren andoaindarren ideia begi onez hartu zutelako Gipuzkoako instituzio gorenean. Hitzarmengintzaren aroa zabaldu beharko litzateke laster, hitzek hegan egin ez dezaten. Zer esanik ez Aldundiak duen garrantzi beretsua izango dutela Leitzaran haraneko udalerriek. Alde horretatik garrantzia handikoa izango da Amasa-Villabonako eta Andoaingo udalerrien ekarpena.
Dagoeneko Foru Aldundiko teknikariak parkea ipiniko litzatekeen gunea aztertzen jardun dira. Burdinaren ekimenak etorkizun oparoa duela dirudi. Bejondeiela, mesede handia egingo zaio Andoain herriari.

Karobirako bertsoa
Pasa den maiatzaren hamazazpian burutu zen ekitaldian Andoaingo Beloki gazteak Ortzaikako karobiaren inguruan eginiko bertsoak kantatu ziren.
Egilea: Jon Beloki (Andoain).
Doinua: Habanera.


Orain dela hainbat urte
karobiaren sorrera
haur zertarako ote den
dugu jendean galdera
berriro egin ezkero
denboran zehar atzera
erraz iritsiko gera
galderan erantzunera
erderara itzulita
deitze omen zaio “calera”
karea ateratzeko
omen du erabilera
eta gaurko egunez gu
goaz berreskuratzera
karobi zahar hau guztiok
baikoaz orain piztera.

Hainbat urte lan eta lan
dabil Burdina taldea
bere helburua baita
hainbat txoko garbitzea
horren alde lan (eg)itera
bildu izan da jendea
naturari ez diogu
inoiz egiten kaltea
Leizaranen hasieran
garbitzen Bixkotx aldea
azken aldian helburu
karobiak txukuntzea
bakarrikan falta zaigu
zuei denoi eskertzea
eta denok elkarlanen
urte askoz jarraitzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!