Ukendu ikastaroa herriko elkartean

Jakin-min handia piztu du hilabete hasieran martxan jarri zen ukendu ikastaroak. Larraulen bizi den Pili Otaegi da ikastaroaren arduraduna eta oso pozik ageri da izandako harrerarekin.

Duela urte batzuk sortu zitzaion Pili Otaegiri sendabelar eta ukenduekiko jakin-mina: “Lagun batek pasa zidan errezetarekin hasi nintzen. Gauza gehiago probatzeko gogoa sortu zitzaidan eta Zeanurin antolatu zen ikastaro batera joatea erabaki nuen. Horrelaxe hasi nintzen ukenduak egiten, etxekoen eta lagunen artean banatzeko. Ukenduak egitea ez da zaila. Oliba olioa, argizaria eta sendabelarrak dira oinarrizko lehengaiak. Behar edo erabilera bakoitzak badu bere sendabelarra eta hori da ikasi beharrekoa, gainerakoan, erraza da”.

Hartu-eman aberasgarria
Gauzak egiten ikasteko, egitea izaten da onena, eta horixe egiten dute ikastaro honetan: “Lehen egunean sendabelar batzuk ezagutzera atera ginen eta ukenduak egiten dituzten Nikolas eta Maria Dolores andoaindarrek euren esperientziaren berri eman zuten. Inguru honetan, eta oro har, Euskal Herrian, zorte handia dugu sendabelarrak aurkitzea erraza delako, oso gune aberatsa da. Ikastaroko bigarren saioan ukenduak egiten hasi ginen. Intsusa ukendua egin genuen. Beharrezko lehengaiak prestatutakoan, sutan jarri eta denbora pixka bat behar izaten du. Tarte horretan bakoitzak bere zalantzak eta esperientziak kontatzen ditu. Ikastarora datozen askok badute ukenduren bat egiteko ohitura eta oso aberasgarria da esperientzia horien berri izatea. Jendeak ikasteko gogo handia du eta dakitena besteekin elkarbanatzeko joera ere badago, beraz, guztiok ikasten ari gara”, dio Pilik.


Astelehenetan, hogeita hamar pertsona inguru hurbiltzen da Katillutxulo elkartera, ukenduen inguruan ikasteko. “Harrituta gaude izandako erantzunarekin. Jende asko animatu da ikastaroa egitera eta bati baino gehiagori ezezkoa esan beharra ere izan dugu. Ikastaroa ondo eman ahal izateko beharrezkoa zen talde handiegiak ez izatea eta azkenik, hamabost bat pertsonako bi talde sortu dira. Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateak bideratu du ikastaroa, baina bailarako jendeaz gain Tolosa, Ormaiztegi, Leitza..., eta beste hainbat herrietako jendea etorri zaigu. Bi talde sortu ditugu”, azaldu du Pili Otaegik.

Antzinako ohitura
Pixkanaka indarra hartzen ari da ukenduak erabiltzeko ohitura: “Garai batean etxe gehienetan izango zen horrelako erremedioak prestatzeko ohitura, baina inkisizioak halako fama txar bat erantsi zion. Ondorioz, jakinduria hartako zati handi bat galtzea eragin zuen. Hala ere, zerbait mantentzea lortu da eta badirudi, sendagai natural horiek erabiltzeko joera handitzen ari dela”.  


Maiatzaren 26an amaituko da ukendu ikastaroa. “Ikastaroak izan duen harrera ona ikusita, aurrerantzean ere zerbait egin daitekeela uste dut. Oraindik oso goiz da esateko, baina beharbada, egokia litzateke tailer moduko bat sortzea. Taldetxo bat bildu eta bakoitzak dakiena besteekin partekatzeko modua emango duena. Polita litzateke horrelako zerbait antolatzea ikastaroari jarraipena emateko”, dio Pilik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!