Mendian barrena, ibilian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 20a, 19:12

Mendi ibilaldien garairik oparoenean, mendizaletasuna puri-purian dago. Beste hamaika ibilaldiren artean, sona handiko bi izan dira berriki: Erniopeko ibilaldia eta XIV orduak. Beterri-Aiztondo eskualdeko herritar ugarik batean, bestean edo bietan hartu du parte. Erreportaje honetan beraiek hartu dute hitza, euren bizipenak azaltzeko.

Ibilbide luzeko bi mendi martxa astebetean 

Erniopeko martxa, Alkizatik
Joan zen maiatzaren 11n izan zen Erniopeko martxa, Alkizatik abiatuta. Lehendabizikoz, bi aukera eskaini zituzten antolatzaileek: 48 kilometroko ibilbide luzea eta 32 kilometro inguruko ibilbide motzagoa. Guztira 338 pertsonak hartu zuen parte. Eguraldia lagun, gustura ibili ziren mendizaleak eta gehienek ibilbidea amaitzea lortu zuten.

XIV orduak, Aralar zeharkatuz
Joan zen maiatzaren 18an izan zen Aralarko Adiskideak taldeak lau urtez behin antolatzen duen XIV orduko mendi martxa entzute-
tsua.Guztira 3109 pertsonak eman zuen izena, horietatik 2826k hartu zuen parte ibilaldian: 509 emakumek eta 2317 gizonek. Lehen txanda goizeko 05:00etan abiatu zen Berazubitik, oraindik ilun zegoela. Besteak beste, Gaztelu, Gorriti, Lekunberri, San Migel, Igaratza, Amezketa eta Alegiatik igaro ziren parte hartzaileak, bueltan, Tolosara iritsi aurretik. Guztira 70 kilometroko ibilbidea egin zuten.

Mendizaleekin solasean 

1. Zenbat aldiz hartu duzu parte ibilaldian?
2. Zer nolako prestaketa egin zenuen?
3. Zer moduzko esperientzia izan zen mendi ibilaldia?

Pello Argaia
Zizurkil • Erniopeko mendi martxa
1. Erniopekoa egiten dudan bigarren aldia da. Ibilbide luzea aukeratu nuen. Beste mendi martxa batzuetan ateratzeko asmoa ere banuen Erniopekoa egin aurretik, baina arrazoi ezberdinengatik, ezin izan nuen. Amasa-Villabonakoan soilik atera nintzen.
2. Mendi ibilaldi hauek egiteko oso garrantzitsua da pixka bat prestatzea. Nik Erniora joan-etorri batzuk egin nituen Erniopekoan atera baino lehen. Hamalau orduko martxan ere atera nintzen. Ondo prestatzen ez bazara, martxa bukatu ondoren lau bat egun txar pasatzea tokatzen da.
3. Ondo egin nuen, gustura. Hanketako behatzetan zauri txiki batzuk izan nituen, baina ez zen arazo larria izan. Hamalau orduko martxarako oker hori zuzentzeko modua izan nuen.

Arantxa Otegi
Asteasu • Erniopeko mendi martxa
1. Lehen aldiz hartu dut parte. Mendizaleak herritik pasatzen ikusten nituenean inbidia pixka bat ematen zidan. Ahizpa eta aitak normalean parte hartzen dute, eta aurten, ibilbide motza jarri zutela jakin nuenean, ni ere animatu egin nintzen.
2. Azken asteburuetan ohi baino gehixeago ibili nintzen mendian, baina ez nuen prestaketa luzerik egin. Duela bi hilabete inguru hartu nuen ateratzeko erabakia, beraz, ezin prestaketa gehiegi luzatu.
3.  Uste baino hobeto egin nuen. Antolatzaileek bost ordu eta erdiko denbora aurreikusi zuten, baina guk, gehixeago behar izan genuen, nahiko bizi joan ginen arren. Ibilbidea polita iruditu zitzaidan. Mendi ibilaldi gehiago egiteko asmo berezirik ez dut, noizbehinka egiteko zerbait dela uste dut.


Sebastian Aranburu
Amasa-Villabona • Erniopeko  martxa
1. Aurten, lehen aldiz egin nuen Erniopekoa eta ibilbide motza aukeratu nuen. Beste bost mendi martxa ere egin ditut: Zarautz, Usurbil, Andoain eta Berastegikoa. Baita XIV ordukoa ere. Lehen ere egin izan nuen eta aurten ere animatu egin nintzen.
2. Ez nuen prestaketa berezirik egin. Mendian ibiltzea gustuko dut eta korrika ere ibiltzen naiz. Astean bi aldiz egiten ditut korrika saioak eta mendira ere sarritan joaten naiz.
3. Oso gustura egin genuen. Zizurkilgo Isidro Urretabizkaia eta biok atera ginen. Ibilbidea polita, aldapatsu samarra baina, gustura egiteko modukoa. Sei ordu behar izan genuen ibilbidea amaitzeko. Eguraldi ona egin zuen eta horrek dena esan nahi du horrelako ibilaldietan.

 

Ana Nanclares
Andoain • XIV orduak
1. Lehen aldia zen eta oso-oso gustura ibili nintzen. Eguraldiak egun guztian zehar lagundu zuen eta paisaia ederraz gozatu genuen. Gogorragoa izango zela pentsatzen nuen. Asebeteta geratu nintzen. Edozeini gomendatuko nioke.
2. Denbora askorik ez dudanez, aurrez ez nuen nahi bezainbeste entrenatu. Duela urtebete inguru hasi nintzen mendian eta hainbat ibilalditan parte hartu dut ordudanik: Orozkon, La Palman…
3. Irteera unea oso ondo antolatu zuten, ibilbidea eta atsedena hartzeko guneak ere bai. Guk ez genuen inolako arazorik izan. Minetako jaitsiera egin zitzaidan gogorrena, belauna nahiko ukituta baineukan baina, gustura iritsi ginen helmugara: hamabi orduren azpitik.

Justino Zubiria
Aduna • XIV orduak
1. 1996 urteaz geroztik, lau urtero hartu izan dut parte XIV orduko ibilaldian. Urtez urte maila altuagoa sumatzen da; jendeak, aurreko urteetako marka gainditzeko erronka jartzen dio bere buruari.
2. Aizkardiko mendi ibilaldian parte hartu nuen eta ahal nuen igande goizetan, Andatza edo Belkoain aldera joaten nintzen. Entrenamendu motzak egin nituen; haurrak izanda, askatasun gutxiago izaten baita.
3.  Gogorrenak Lekunberritik San Migelgo igoera eta Minen jaitsiera dira. Amaiera, Amezketatik Tolosara luze samarra egiten da pistaz. Hala ere, zati hori pisuagoa egin zitzaidan aurreko urteetan. Aurten sentsazio onarekin amaitu genuen, orain arteko denbora onenarekin: 12o 45´. Antolakuntza ona eta eguraldia ezin hobea.

Aritz Usandizaga
Larraul • XIV orduak
1.  Lehenengoa eta, momentuz, azkena. Gogorra eta sufritutakoa izan zen. Gogorrena Lekunberritik San Migelera igotzea eta, bereziki, Minetatik Amezketarako bidea egin zitzaidan. Ordurako nekatuta bainengoen, hankak ahulduta.
2. Martxa baino hilabete batzuk lehenago mendian ibilaldi luzeagoak egiten hasi nintzen, botetara eta ibilaldi luzeetara ohitzeko.
3. Oinez genbiltzanen artean giro ona nagusitu zen, jendea inguruan zegoen beti;  laguntzeko eta animatzeko prest. Lau urtez behin ez, baina, bizitzan behin egiteko gomendagarria da, zer den eta zenbat sufritzen den ikusteko. Fisikoa baino froga mentala da. Beste ibilaldi motzagorik sortuz gero, ikusiko da, baina bitartean, egun-pasako irteera motzagoak egiten jarraituko dut.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!